argia.eus
INPRIMATU
Mikel Arrieta: «Irrati libreek jende berriaren premia dute»
1991ko maiatzaren 16a
Mikel Arrietarekin Hernaniko Molotof irratiaz
Mikel Arrieta: «Irrati libreek jende berriaren premia dute»
Gero eta irrati libre gutxiago dago tamalez Euskal Herrian. Horietako bat Hernaniko "Molotof" Irratia da, bere emisioei aspaldi ekin ziena. Uhinen burruka sekula itzaliko ez den esperantzaz, bertan aritzen den Mikel Arrietarengana jo dugu proiektu honen berri izan asmoz.
ARGIA. Zerk berezitasun du irrati libre bat gainontzeko komunikabideengandik?
M. ARRIETA. Berriarekiko hurbiltasunak bereizten gaitu. Herri mailan sortzen diren albisteetatik gertu egoten saiatzen gara, bertako jendearekin hitz egin eta beraien eritziak jasotzen ahaleginduaz. Bestalde, herri mugimendu baten partaide gara eta sentsibilitate ezberdina dugu. Arazo garrantzitsu asko izaten dira beste medioetan tarterik izaten ez dutenak, gizarte mailakoak, auzoetakoak... horiek isladatzen saiatzen gara.
A. Orain urte batzuk irrati libreek sekulako indarra izan zuten Euskal Herrian, gauregun horietako askok ez dute emititzen. "Txapeoez" gain, zeintzuk izan dira beherakada horren arrazoiak?
M.A. Jendea erre egin dela uste dut. Irrati libreen mugimenduaren hasieran arkutako jendea beste hamaika kontutan sartuta zegoen eta nekatu egin zen agian. Horiek erre ondoren neurri handi batetan ez da erreleborik egon. Beste arrazoia ere elkartasun falta izan da, irrati libreen koordinadora osatzeko saioak izan dira baina ezin izan dira aurrera atera.
A. Zein tarte du euskarak "Molotof" irratiko programazioan?
M.A. Azken bi urteotan helburu nagusiena horixe izan da, gero eta euskara gehiago sartzea eta gero eta maila handiagokoa. Programa egin nahi duenak, euskalduna baldin bada, saioa euskaraz egin behar du. Programazioaren erdia baino gehiago euskaraz egiten da, ea jende gehiago animatzen den.
A. Azkenik, nola ikusten duzu irrati libreen etorkizuna?
M.A. Arazo ugari ditugula ezin da ukatu. Jende esparru zabalagoarekin kontaktatu behar dugu, eta erreleboa zaindu, irrati libreek jende berriaren premia bait dute. Programazio aldetik homogeneitatea behar dela uste dut. Aurrera segituko dugunaren esperantza dut.
ALBERTO IRAZU
61



GaiezKomunikabidIrratiaMolotoff
PertsonaiazARRIETA4
EgileezIRAZU1Komunikabid