Baztango alkatea den Javier Elizalderi elkarrizketa.
Javier Elizalde Baztango alkatea, UBren izenean:
"Alderdi politikoen siglek kalte egiten diote udalari"
ARGIA. Ikastola dela eta, saltsaren bat izan da Baztanen. Zer eritzi diozu ikastolari?
J. ELIZALDE. Hezkuntza mailan, oso inportantea da ikastola Baztanen. Orain urte batzuk, Nafarroako gobernuak ez zion diru-laguntzarik eman nahi izan, eta udalak hartu zuen bere gain. Munizipala da, beraz. Ikastolakoek eskatzen zuten lokalaerosi zuen udalak, eta bertan jarri ziren. Ez daude ongi, egia esan, dauden lekuan. Jolaserako leku gutxi dute.
Oso gogoko dut ikastola. Fundatzaileetariko bat naiz. Baina ikastolak asko banatu du herria. Ez ditu herritar guztiak lagun. Hala eta guztiz ere, aurrera doa.
A. Zer da udalaren gauzarik okerrena?
J.E. Okerrena ahaztu egin nahi dut. Nahiago dut onekin bakarrik gogoratu. Tira, nere ustez txarrena, udalean alderdi politikoak jardutea. Eta are okerragoa, Baztan bezalako herrixketan. Nere ustez, pertsonak behar ditugu, inondik ez alderdien siglak. Edonori siglaren bat atzetik jarriz gero, pertsona horrek balioa galtzen du. Ez nioke horri botorik emango. Alderdien siglek kalte egiten diote udalari. Udala politizatzeak harremanak eskasten ditu. Hemen elkarren ondoan bizi gara. Denak gara familiakoak edo lagunak. Politika mailako haserreak pertsona mailakoak bilakatzen dira.
Udala profesional batek gestionatu beharko luke, ekonomilari batek. Eta honek aldamenean herriak aukeratutako pertsona beharko luke, ildo politikoaren berri emateko.
A. Denetan onena?
J.E. Herriaren ordezkari izatearen ohorea.
A. Egiteko denborarik eman ez duenik?
J.E. Turismorik gabe gaude ia. Dirua emango duen turismoan inbertitu nahi dugu. Jada, ari gara lehenengo kanpaina prestatzen. Europan ezaguna da Santiagoko bideko Baztango paseoa, baina Estatu esapainarrean marginatu egin gaituzte. Hori ez da bat ere bidezkoa. Baztango bidea inportanteenetariko bat bait zen. Hori da erreibindikatu nahi duguna. Bost alternatiba prestatu ditugu honen inguruan, oinez zein bizikletaz egiteko. Baztanen oso paraje politak ditugu, eta 400dik gora monumento megalitiko. Baserrietako turismoa ere bultzatu nahi dugu.
A. Maiatzaren 26ko hauteskundeen atarian gara. Zer etorkizun ikusten diozu Unidad Baztanesari?
J.E. Ez dut uste orain arteko emaitzak gehiegi aldatuko direnik. Igoaltsu geratuko da botoen kopurua eta banaketa, nere ustez.
Garbiñe Ubeda
11