"Hurrengo ekoizpena zerbait gogorra, berria eta euskalduna izan daiteke"
1991ko maiatzaren 19a
Aketo disketxeko prentsa bulegoko arduraduna den Ritxi Aizpururi elkarrizketa.
Ritxi Aizpuru, Aketo disketxeko prentsa bulegoko arduraduna:
"Hurrengo ekoizpena zerbait gogorra, berria eta euskalduna izan daiteke"
ARGIA. Zer dela eta Hertzainak taldeak bere disko berria Aketo zigilupean grabatu du eta ez Ohiuka bere aurreko disketxearekin?
RITXI AIZPURU. Oihuka eta Hertzainaken artean ez da inongo arazorik izan. Hertzainakekoek ikusi zuten beren lan berria zuzenekoa izan behar zuela, aurreko lan guztien bilduma, eta hasieran Oihuka bere konpainiarekin jarri ziren kontaktoan. Baina taldeak ikusi zuen bere disko berriarekin apustu handia egin behar zela eta produktoan izugarrizko konfiantza zutenez erabaki zuten eurak zirela diskoa ateratzeko egokienak. Musika munduko jendearekin kontaktatzen hasi zirenean Julen Agirre aurkitu zuten eta horrela sortu zen Aketo. Konpainia finkatu bat utzi eta euren kasa hastera ausartu dira. Pauso interesgarria izan dela uste dut.
A. Esan daiteke Aketo Diskak Hertzainaken disko berria argitaratzeko sortu dela?
R.A. Hasteko bai baina orain ikusi behar da Hertzainaken lan honek nola funtzionatzen duen. Disko guztiak saltzea espero da, hogei mila edo gehiago, eta Euskal Herritik kanpo ateratzeko ideia ere badago. Orain arte Euskal Herrian talde gutxik egin duena, euskaraz nahiz espainolez abestu. Hau beste apustu gogor bat da, lehenik Euskal Herrian salmenta on batzuk izatea lortu eta bigarrenik estatu aldera ateratzea. Lan oso gatza, euskaraz abesten dutela ikusirik.
A. Diskoa ondo salduko balitz talde euskaldunek bertan grabatzeko aukera izango lukete?
R.A. Zalantzarik gabe bai. Lehenik Hertzainaken diskoaren urratsa eman behar dugu eta gero ikusiko da. Asmoa beste zerbait ateratzea da. Aketoren hurrengo ekoizpena zerbait gogorra, berria eta euskalduna izan daiteke. Baina hori geroak esango du.
Joxi Goikoetxea
45