Arturo Muñolema Ecuadorreko CONAIE erakundeko arduradunari elkarrizketa
Arturo Muñolema, Ecuadorreko CONAIE erakundeko arduraduna:
"Lurraren alde, kulturaren alde, libre izan arte"
CONAIE Hegoamerikako indioen erakunde garrantzitsuenetakoa dugu. Quitoko Iparraldean duen egoitzara hurbildu eta bertan aurkitu dugu Arturo. Gaur egun indioen mugimenduak bizi dituen gorabeherez mintzatu gara.
ARGIA. Zein da CONAIEren betebeharra?
A. MUÑOLEMA: Gure zeregin garrantzitsuena indigenen eskubideak errespeta eraztea da. Honetarako gure barnean danden erakundeak promozionatu eta gainontzeko herri mugimenduekin etengabeko harremanak jorratu behar ditugu. Hauez gain, Ecuadorreko mugimendu indigeniarra proiektu politiko finkoa bihurtu nahi dugu. Hots, egunen batean, eta ez oso urruti, aldaketa politiko orokorra plazaratuko duen alternatiba bilakatzea. Ecuadorren mugimendu indigeniarra proiektu politiko finkoa bihurtu nahi dugu. Hots, egunean batean, eta ez oso urruti, aldaketa politiko orokorra plazaratuko duen alternatiba bilakatzea. Ecuadorren hamar nazionalitate indigena daude eta estatu plurinazionala nahi dugu. Azkenik, gure kulturaren berreskurapenaren atzetik gabiltza, gure nortasun eta sustraien bila, nondik gatozen eta zer garen jakin nahirik.
A. Guzti horien artean, zein da zure ustez erreibindikazio nagusia, duzuen beharrik handiena?
A.M. Lurra da. Indigena batek lurrik ez badu hila dago. Gure arazorik nagusiena lurra eta gure lurraldeen berreskurapena da. Orain dela 500 urte hasi zen lapurketaren ondorioz galdu genituen lurren berreskurapena. Beraz, nekazal erreformak agintzen duena betetzea exigitzen dugu, hots, erein gabe dauden lurrek indigenen eskuetara pasa behar dutela.
A lazko ekainean borroka gogorra izan zenuten. Nola zaudete gaur?
A.M. Altxamendu bat izan zen, eta hura "500 urtetako erresistentzia"ren barruan kokatu behar da. Antolatzeko dugun gaitasunaren agerpen edo froga izan zen. Kokoteraino geunden azken urteetan gobernu ezberdinek egindako eskaintzen aurrean, gehienak bete gabe geratzen bait dira. Horien ordez, marginazioa, pobrezia eta arraza diskriminazioa ezagutu izan ditugu. Funtsean, lurren arazoak lehertarazi zuen gatazka eta argi utzi nahi dugu gure erreibindikazioak lortu arte iraungo duela. Lurraren alde, kulturaren alde, libreak izan arte. Altxamendua hasi besterik ez da egin. Gobernuak entzungor jarraitzen badu beste neurri batzu hartu beharko ditugu.
A. Nolakoak dira orain gobernua eta elizarekin dituzuen harremanak?
A.M. Une honetan ez dugu harremanik gobernuarekin. Elizak bitartekaritza lana betetzen du. Oso betebehar garrantzitsua du gure beharrizanak adierazi eta bideratzerako orduan; lurraren arazoan batez ere. Gaur egun eliza kanpo-zorraren erosketan parte hartzen ari da eta horrela eskuratutako diruaz lurrak erosten ditu indigenentzat.
A. Esaiguzu zerbait Amazoniako indigenen egoerari buruz.
A.M. Nazio mailako arazo bilakatu da. Gaur egun ez dago naturaren hustiaketa arrazionala; aitzitik, ustiaketa basatiki egiten ari da eta honek kalte larriak sortarazi ditu bai ingurugiroan eta bai nazio indigenetan. Entrepresei, dagozkien lurraldeetara muga daitezen besterik ez zaie eskatzen. Beste arazo bat kolonizazioa eta turismoarena da. Amazonian egiten ari den kanpaina turistikoa, gure kultura, interes, baliabide, fauna eta ekologiaren aurka doa.
A. Nola dakusazue V. Mendeurrena?
A.M. Ospakizun hori era bat errefuxatzen dugu. Data hau ospatzeak herri indigeniarrei inposatu nahi zaien bigarren menderaketa suposatzen du. Gu beste ekintza batzu antolatzen ari gara: hitzaldiak, nazioarte mailako ihardunaldiak, elkartasun ibilaldiak, ospakizun kulturalak... Finean, data honen benetako esanahia isladatuko dutenak.
Aitor Etxebarria