Segura Irratiko Lierni Elorzarekin
Lierni Elorza: «Eskabadora arteko atxurra sentitzen gara»
Irrati erraldoi eta guztiahaldunen kontrako lehian, badira txikiagoak izan arren ere antzulego finko bat mantentzea lortu duten proiektu apalagoak. Horietako bat, Goierriko bihotzean dagoen eta bihotzean Goierri duen «Segura Irratia» da. Beren txanda zela eta, Lierni Elorzarengana jo dugu bertako kontuen berri izan asmoz.
ARGIA. Zein programa klasek osatzen dute "Segura irratiko" programazioa?
L. ELORZA. Batez ere programa entretenigarriek. Gizarte eta kultur albisteak eta herritar xeheak sentitzen dituen gaiak jorratzen ditugu, bertako eta bertakoenak izaten direlarik gehienbat. Askok "Segura irratia'' funtzio erlijiosoekin bateratzen dute, eta ezin badugu ukatu saio batzuk baditugula, hori esaten duenak gure irratiari astoa kabestroak jarrita dituenean bezala begiratzen dio.
A. Zeuen irrasaioetan darabilzuen euskara, batua eta goierriko hizkeraren nahasketa da. Entzulegoarekin harreman estuagoa lortzearren izango da...
L.E. Bai, batua eta goierritarraren nahasketa bat da. Goierritarra bera herri batetik bestera zerbait aldatzen da hala ere eta zaila da nahiz oinarri bati eutsi inorri belarrian ez jotzeko moduan goierritar hotsez egitea. Batuaz soilik egitea ez dugu ondo ikusten, goierri muinean dagoen irratia garelako eta norberak duen bapatekotasunari kontra eginagatik artifizial samarra geratuko litzatekeelako.
A. Beste irrati handien ondoan ez da erraza izango tartetxo bat egitea. Arlo horretan medio handiko irratiek aurrea hartua dute nolabait...
L. E. Bai, badago noski ahalmen handiko irratiek jango ote gaituztenaren beldurra. Eskabadora arteko atxurra sentitzen gara, besteak arrasatzen saiatzen diren tokietan gure baratzako txokoak bertatik bertara gure eskuz kuttunki landuz eta goxatuaz aritzen gara gu.
A. Hori da beraz, konpetentzia handiko medioa den irrati munduan, entzulegoa erakartzeko erabiltzen duzuen formula...
L. E. Ondo eginiko produktoa egitea da formula. Hain modan dauden kopiak alde batera utzi eta orijinaltasuna ezinbesteko errekurtsotzat hartuaz, bizitasuna eta freskura eskaintzea. Beste aldean dagoena zaindu eta mimatu behar da. Zer nahi duen jakin, eta hori nahi duenean eta nahi duen moduan ematea.
ALBERTO IRAZU
61
GaiezKomunikabidIrratiaSEGURA IRR
PertsonaiazELORZA
EgileezIRAZU1Komunikabid