Kepa Korta, Ordiziko alkatea Eeren izenean
"Harreman pertsonalek oztopo handiak gainditzen dituzte"
ARGIA. Zer zailtasun du alkate izateak zure ustez?
KEPA KORTA. Zailtasunak jendeak jartzen dituenak izan ohi dira. Jendea oso egoista iruditzen zait. Hobeto esanda, oso egoistak gara denak. Edozein gai hartzen duzula ere, biolentzia esate baterako, intolerantzia guztien azpian horixe baizik ez dago: egoismoa eta solidaritate edo elkartasun falta. Edozein gairi heltzen diozula ere, beti azaltzen dira egoismoarekin zer ikusisrik duten kezkak.
A. Zer du on alkate izateak?
K.K. Alkatearena ez da kargu politikoa. Hori baino askoz ere gehiago da. Kalean bazabiltza, jende asko hurbiltzen zaizu halakoa eskatzera, bestea esatera. Bestalde, ondo eginak, eta baita gaizki eginak ere, zeureak bailiran hartzen dituzu. Ondo egindakoak poza ematen du, eta hori zinez garrantzitsua da. Askotan esan izan dut inportantea litzatekeela jende guztia hemendik pasatzea, berea kontsidera dezan udala, nik nerea kontsdideratzen dudan moduan. Batez ere egoismoa aldentzeko.
A. Jendeak nola ikusten du udaletxea?
K.K. Partizipazioa teorikoki handia izan da, baina praktikan ez horrenbestekoa. Ezkerreko mugimenduok herritarren parte hartzea bultzatu dugun arren, udalak eskatzen ez duen bitartean zaila da jendea erakartzea. Partizipaziorako bertara etortzea ez bada egokia, beste bide batzuk bilatu behar dira. Iradokizunetarako buzoiak jarriak ditugu horretarako. Baina inportanteena auzoetako elkarteekin harreman estua izatea da. Askotan, auzoko administratzaileekin, edo elkarteekin, udaletxean elkartu beharrean, guk jo izan dugu auzoetara.
A. Zer moduzko harremanak izan dituzue gainontzeko alderdiekin?
K.K. Harremanak onak izan dira, nahiz eta eztabaidak handiak izan ditugun. Azken finean, pertsonekin egiten duzu lan.Bakoitzak bere eritziak eta bere alderdiarekiko loturak izan arren, azken finean herrikoak gara, ezagunak. Harreman pertsonalek oztopo handiak gainditzen dituzte.
A. Zer uste duzu egingo duzuela hauteskunde hauetan?
K.K. Alkatetza lortu nahi dugu baina ikusiko da.
A. Zer uste duzu pentsatzen duela jendeak?
K.K. Eritzi onak heltzen dira gure belarrietara, baina denetatik dagoela iruditzen zait. Zaila da jendeak zer pentsatzen duen jakitea. Normalean jendeak pertsona egokiari baino, gustoko alderdi politikoari ematen dio botoa. Pertsona batek udala ondo jestionatu duela iruditzen bazaio ere, hark bere alderdiari emango dio botoa.
Garbiñe Ubeda
11