argia.eus
INPRIMATU
PILOTA HOBBY MODUAN MUNDUKO TXAPELDUNAK
1991ko martxoaren 03a
Fernando Azkarate Ania pelotariari elkarrizketa
PILOTA HOBBY MODUAN MUNDUKO TXAPELDUNAK
Fernando Azkarate Ania, hogeitalau urteko pelotari-irakasle elorriotarra, iaz Cuba-ko Munduko Pelota Txapelketan Patxi Eugirekin eskuz binakako txapelduna izan ondoren, orain Bartzelonako olinpiaden zain dago profesionaletara salto egin aurretik. Etorkizunean txapeldun bizkaitarra izan daitekeenarekin mintzatu gara.
ARGIA. Eubako ikastolan irakasle izanik nola moldatzen zara pilotan jokatzeko?
F. AZKARATE. Irakasleok gauza on bat badaukagu, ordutegia eta bakazio ugari. Neu lau térditan ateratzen naiz eta nahiko denbora badut entrenatzeko. Horrela neu pozik nago irakaskuntza eta pelota tartekatzen bait ditut.
A. Cubabo txapelketan zer nolako giroa aurkitu zenuen?
F.A. Horrelako txapelketa bat beti izaten da apurtxo bat berezia. Pilotari asko zeuden lehen ere munduko txapelketaren batean parte hartu zutenak, baina konkretuki neretzat hau lehena zen eta ez dakit zergatik, agian emaitzengatik, gure artean giro ona zegoen. Cuba bezalako herri exotiko batean egon eta pilotan jokatzea oso esperientzia polita izan da, gure anbientetik apurtxo bat diferentea.
A. Zerk harritu zaitu gehien Cuban izan zaren denboraldi horretan?
F.A. Jendearen patxada, oso lasaiak eta alaiak dira. Beti laguntzeko prest daude eta ez dute inoiz presarik izaten. Neri gehien gustatu ana beraien bizitzeko filosofia.
A. Nola bizi izan zenuten Euskal eta Espainiar federazioen arteko tirabira?
F.A. Guk han ez geneukan ez prentsarik eta ez ezer. Arazoa gehiago ikusi dugu honera bueltatu garenean eta hemengo prentsa irakurri dugunean. Tentsioa bazela nabaritu genuen baina ez genuen gauza argirik ikusi.
A. Zein egoeratan aurkitzen zara une honetan Bartzelonako olinpiadei begira?
F.A. Olinpiadetan pilota exhibizio-kirol moduan agertuko da. Espainiako federazioak sortu zuen talde txiki bat ADO Planaren barruan Olinpiadak serioski prestatzeko asmotan. Pilota, beste kirolekin konparatuta, prestaketa-mailan atzeratuta egon da. Ni neu talde horren barruan nago hasiera-hasieratik eta oso gustora nago. .
A. Zer da ADO Planaretin lortu nahi dena?
F.A. ADOrekin pilotari batzu hartzea eta beraien segimendua eta kontrola egitea azken lau urteetan. Segimendua nahiko ona izan da, osasun-azterketa oso zehatzak egiten dizkigute eta era berean gauza berriak ikasten ari gara. Lehen ez bezala pilotariaren sikologia ere kontutan hartzen da.
A. ADO Planaren barruan egoteak profesionaletara-ko saltoa debekatzen dizuete.
F.A. Bagenekien talde horretan sartuz gero ezin genezakeela profesionaletara saltoa eman Olinpiadak baino lehen. Orain irakaslea naiz eta hori da nere ogibidea, pelota momentu honetan afizio edo hobby modura daukat. Aurrerantzean profesional izateko asmoa badaukat, baina oraindik denbora badaukat, momentuz ez dut presarik urtebete itxaroteko.
Nere asmoa, momentu onean nagoela uste dudanean salto egitea da. Goimailara heldu nahi dut baina iritsiko ez banintz ez litzateke frakasoa izango.
A. Gorostiza izan zen eskuz banakako txapelketan txapela jantzi zuen azken bizkaitarra. Zergatik ez dira sortzen txapeldun berriak Bizkaian?
F.A. Ez dakit, ez dakit... zein den horren arrazoia. Aldika gertatzen den arazoa da, pilotari on bat ateratzen denean beti sortzen dira beste bi edo hiru pilotari bere inguruan. Aldiz, inor ez badago puntan puntan ez da sortzen zaletasunik. Momentu honetan nafarrak dira nagusi giputxak ere hor dabiltza baina bizkaitarrik ez dago.
A. Zein da zure ustez pilotak Bizkaian bizi duen zaletasun ezaren arrazoia?
F.A. Behar bada pilota oraindik herri txikiei lotuta dago. Bizkaian herriak haundixeagoak direnez gero, jadanik hiri bihurtzen ari direnez gero, beste kirolek konpetentzia handiagoa egiten diote pilotari. Nafarroan eta Gipuzkoan, batez ere herri txikietan pilotak jarraitzen du izaten kirol nagusia.
A. Zure aitaren sei txapeletatik gaur eguneko pilota mundura zein desberdintasun ikusten duzu?
F.A. Garaiak desberdinak dira, pilotarako bakarrik bizi ziren aitaren garaikoak. Hamazazpi urterekin destakatzen hasi eta bizitza osoa horretan eman du. Nire egoera desberdina da, gutxienik hogeitabi urte bitartean ikusten aritu naiz eta horrek beste planteamendu bat ematen dio bizitzari. Gainera aitak berak aholkatu izan dit pilota munduan soilik ez zentratzea, beste arlo batzuetara zabaltzea ere baikorra iruditzen zait.
A. Zer nolako eragina izan du zare aitak, zu pilotari izateko?
F.A. Aitaren eragina nabaria da. Txikitatik giro bat sentitzen duzu etxean, gainera jende asko etortzen zen etxera aitaren sei txapelak ikustera. Jendeak zutaz beste pilotari bat espero du eta gero ez baduzu jendearen espektatiba hori betetzen badirudi porrot egin duzula. Nik ez dut horrela pentsatzen, pilotan aritu banaiz gustokoa dudalako izan da.
Xabier Zabaleta

Hilario Azkarateren sei txapelen eragina nabaria izan da pilotari honengan.
44-45


GaiezKirolaPilotaPilotariak
PertsonaiazAZKARATE2
EgileezABALETA7Kirola