Joxerra Gartziari elkarrizketa bertsolaritzaz eta telebistaz.
Joxerra Gartzia: "Bertsolariari indarra hitzetik datorkio"
Bertso giroan aurpegi ezaguna da oso. Hitz jario bizkor eta zehatzekoa, "Hitzetik hortzera" programaren etapa berriari ekin dio dagoenekoz. Oraingoan gu aritu gatzaizkio gai-jartzaile.
ARGIA. Egiaz bizi al du bertsolaritzak "boom" bat?
JOXERRA. GARTZIA. Baliteke txapelketaren ondorioz. Eskaintza kultural guztia urrutiko parajeetatik dator, eta askotan ahaztutzen zaigu etxean ere badaukagula gaia gurea izanagaitik majoa dena. Horren erakusgarri "Hitzetik Hortzera" ustez maioritarioagoak diren zenbait magazine baino entzulego handiagokoa dela izango da.
A. "Hitzetik Hortzerak" izango zuen horretan zerikusirik...
J.G. Biak loturik daudela uste dut. "Boom" hori ez balego seguraski programak ez luke orain duen eragina izango. Halaere beharbada saioak bultzatu du apur bat bertso mundu hori, jendea hemengoaren egarri bait dago baldin eta modu txukunean ematen baldin bazaio.
A. Asko hitzegiten da bertsolaritzaren berrikuntzaz, nondik norakoa da berrikuntza hori?
J.G. Lehenik berrikuntza egiteko ondo estudiatu behar da zer dagoen. Zenbait gauza ikertu beharrekoak dira: zer publiko dagoen, zer nahi duen, bertsolariak ere zer nahi duen... Dudarik gabe bertsolariari indarra hitzetik datorkio. Badaude bertso saioak dramatizatzeko beste zenbait joera eta hoiek ere bide ona izan daitezke, halaere hitzak behar du nagusitasuna.
A. Etapa berri honetan txapelketarik ez izatea oztopo izango al da zuentzat?
J.G. Guk programa txapelketarik gabe pentsatu dugu. Txapelketa, alde batera, oztopo bat izan da guretzat segimendu handi bat eskatzen bait zuen gure lana asko mugatuaz. Guk atenporalagoa den zerbait nahi dugu, eta telebistara moldatuagoa. Gainera bertso zale asko egon arren ere, nik ez dakit zenbateraino jendeak ba ote dakien zortziko txiki bat esaterako zer den, alde horretatik eginkizun didaktiko bat ere bete dezakegu.
A. Eginkizun didaktiko horren barruan asmorik ba al duzute bertsolaritza munduan atzera begiratzeko?
J.G. Horretarako materiala behar dugu, eta irratietan zintetan material asko dagoen bezela, bideoan oso gutxi dago. Horretan ari gara baina gauza zaila izango da.
E. Apaolaza
A. Irazu
61
Gaiez\Kultura\Bertsolarit\Gaijartzail
Gaiez\Komunikabid\Telebista\ETB\Saioak
Gaiez\Komunikabid\Telebista\ETB\Aurkezleak
Pertsonaiaz\GARTZIA1
Egileez\APAOLAZA1\Komunikabid
Egileez\IRAZU1\Komunikabid