Jose Mari Isastiri elkarrizketa.
J.M. Isasti: "Gure itxurak dezepzionatu egiten du normalean entzule jendea"
Jose Maria Isasti, irratigizona. Bere bizar zaharrek ez diote ez traba handirik egiten hizketarako. Irratia ederki menderatzen zuela bagenekien, orain maite duela ere erakutsi digu.
ARGIA. Irratigizona sentitzen zara?
J.M. ISASTI. Entzule arrunta zarenean nolabait ere mitifikatu egin ohi duzu bertan lan egiten duen jendea, baina norbera hor lanean denean profesio normala dela konturatzen da. Mitoa erori egiten da.
A. Zer diferentzia dago profesio normala eta mitikoaren artean?
J.M.I. Diferentzia, entzuleak, edo irratia ezagutzen ez duen jendeak bere buruan egin dezakeen kontzepzio horretan dago. Pertsona bat irratiz entzun eta baduridu zerbait dela, baina gero konturatzen zara hori oso normala dela.
A. Nola sentitzen zara irratian?
J.M.I. Momentu honetan gustora.
A. Zer da zuretzat mikrofonoa?
J.M.I. Errespeto handia ematen duen tresna. Badakigulako horren atzean, gutxi edo gehixeago, jendea dagoela, eta horrek errespetoa merezi du.
A. Ez da botererik sentitzen?
J.M.I. Ez, ez. Beharbada teorian posible da. Baina, –eta irrati publiko batean lan ari garela kontutan hartuz areago–, badira muga batzu. Bakoitzak baditugu geure limitazioak, ez inondik jarriak bereziki, baizik eta norberak ere jarriak. Horregatik, saiatu egiten gara normalean behinipein, teorian izan dezakegun "botere" hori ez erabiltzen, inori kalterik ez egiten.
A. Erridikulo sentsaziorik...?
J.M.I. Hasieran bai. Hasieran oso gaizki pasatzen da. Ez ordea erridikulo sentsaziorik, beste edonon ere gerta daitekeena baino handiagorik ez.
A. Eta lotsarik handiena noiz sentitzen da?
J.M.I. Isilik gelditzea da txarrena. Esate batera elkarrizketak erabat gainditzen gaituenean, zer galdetu edo zer esanik ez denean. Hasieran oso gaizki pasatzen da sarritan ez delako entzun ere egiten elkarrizketatuak esaten duena, buruan hurrengo galdera baino ez da izaten.
A. Inor dezepzionatu al du inoiz zure itxurak? Zure nolako irudia egin ohi du entzuleak?
J.M.I. Bai, gertatzen da. Baina Jendearen arazoa da. Ahotsa entzun, eta hura gustatzen bazaie, beren gustoko pertsonak ikusten dituzte erreflejatuta. Nirekin normalean dezepzionatu egiten dira. Lastima!
Joxanjel Aldai
Jose Mari Isastik mikrofonoari beldurrik ez baina bai errespetoa.
60-61
GaiezKomunikabidIrratiaEuskadi irrEsatariak
PertsonaiazISASTI2
EgileezALDAI1Komunikabid