"Etorkizunari begira irtenbiderik gabeko ikastolak ziren itxitakoak"
1990ko irailaren 02a
Nafarroako Ikastoletako Lehendakaria den Txomin Izkori eta idazkaria den Juan Luis Larrazari elkarrizketa.
Txomin Izko, Nafarroako Ikastoletako lehendakaria, eta Juan Luis Larraza, idazkaria, Akordioari buruz
"Etorkizunari begira irtenbiderik gabeko ikastolak ziren itxitakoak"
San Fermin bezperatan Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Gobernuak bederatzi ikastola txiki sare publikoan integratzeko akordioa sinatu zuten. Akordioaren nondik norakoak, ikastola txiki hauen errealitatea zein zen, eta aurrera begira landuko den estrategia aztertzeko Txomin Izko eta Juan Luis Larraza izan ditugu gurekin.
"Aipagarria da akordioan sartu diren ikastola guztietan gurasoak izan direla irtenbide bat eskatu dutenak, jarraipen bat eskatzen zutelako heuren haurrentzat. Bi edo biru hiru urterekin euskaratzen genituen haurrak erdaldunduak bukatzen zutelako lau eta bost urterekin. Urte guzti hauetan ez da posible izan hitzarmen hau zehaztea, beti eskatu izan bait zaigu zerrendan bi edo hiru ikastola handiak egon behar zutela; erabaki globala eskatzen zuen Gobernuak, zerrenda itxiak. Erantzuna ezezkoa izan da. Une honetan, ez dakigu zergatik, nafar Gobernuaren jarrera aldatu egin da eta posible izan da Otxagabia, Espinal, Burgete, Lekunberri, Irurtzun, Jaunsaras, Doneztebe eta Goizuetako ikastolak sare publikoan sartzea".
ARGIA. Akordioa zehazten has gaitezke.
JUAN LUIS LARRAZA. Ez da azken lau egunetan izenpetu den zerbait. 85-86 ikasturtean hasi ginen nafar Gobernuarekin elkar hizketatzen ikastola mota konkretu honi irtenbidea bilatu nahirik. Hain zuzen, herri txikietan kokakatzen diren ikastola zenbait etorkizunari begira inolako irtenbiderik gabe aurkitzen ziren eta aurkitu izan dira urtetan. Alde batetik herri txiki-txikiak direlako; bestetik, ikastola hauek haurtzaindegi kutsua dutelako eta oso zaila izan delako hogei urteko funtzionamenduan beste tratamendu bat ematea baita gurasoen aurrean ere. Gurasoei jarraipen bat planteatu izan zaienean bai eskolaurreko mailetan, bai heziketa orokorrekoetan, ukatu egin dira, esanez ez dutela inongo jarraipenik nahi euskaraz, haurtzaindegi bat nahi dutela. Herri txiki hauetan bestalde ez dago haurrik, ez ikastolarentzat ez eskolarentzat ere. Eskola bera dago zalantzan herri hauetan.
Bestalde, zerrenda honetan egon daitezkeen ikastola batzuk historikoki bere momentua galdu egin zuten. Ez genuen jakin garaia izan zuten momentuan irtenbide bat eta jarraipen bat ematen, baldintzak egokiak ez zirelako eta garai hartan zeuden korronte ideologikoak gainditzea ezinezkoa egin zelako. Irurtzungo ikastola kasu.
ARGIA. Konfederazioak urtarrileko asanbladan erabaki estrategikoa hartzen du Nafarroan ikastola bat bera ere ez ixteko, daudenak indartzeko eta ahal den neurrian berriak irekitzeko. Hartu duzuen neurri hau ez al doa urtarrileko erabakien aurka?
TXOMIN IZKO. Literalki hartuz gero bai. Baina kontuz! Gurasoak izan bait dira integrazioaren bidea eskatu dutenak Ez ditugu ikastolak itxi, genituen arazoak konpondu baino. Eta hor segitzen dute besteek lehen bezain estu eta larri. Hauekin daukagu apostua.
Honezaz gain, ARGIAn egin zenuten azken erreportaian akordioaren berririk ez zutela Konfederazioan aipatzen zenuten, eta argi utzi behar da akordioa sinatu aurretik negoziaziorn berri momenturo jakin izan dutela egin izan ditugun ohizko bileretan, nahiz eta oraindik akordioa eskuratu ez duten, ahaztu zaigulako ematea besterik gabe.
ARGIA. Komunitate Autonomoan Konfederazioak Eskola Publikoarekiko konfluentziaren aurka azaldu da. Nafarroan ze estrategia planteatzen da?
TXOMIN IZKO. Araban fusioak egin ziren bere garaian, Guipuzkoan berdin, eta Nafarroan orain egin da. Ez bait dago beste irtenbiderik! Otxagabian kasu, euskaldun gisa hasten gara umeak egiten edo bestela jai dugu!
J.L. LARRAZA. Gauza horrela da. Hogei urtetan ikastola hauek ez dutela euskaldun bat ere lortu kontutan hartzen badugu ez al da ordua estrategia aldatzeko? Haurrik ez dagoen herri batean oso zaila denez herritarrek iniziatibak bere gain hartzea administrazioari erantsi behar zaio erantzunkizuna.
ARGIA. Akordio honek ez du suposatzen beraz estrategia aldaketarik.
J.L. LARRAZA. Guk garbi daukagu Nafarroako gobernuak euskarari ez diola erantzungo ez badago presio talderik. Baldintzak aldatuko ez direnez gure presio lana beharrezkoa dela uste dugu, eta aurrerantzean ikastola gisa apostu egiteko asmoa daukagu beste alternatibarik ez dugulako ikusten. Ez dugu ikusten Nafarroan konfluentzia posible denik. Izan ere, konfluentzia hori globalki ematen denean ziur gaude euskarak Nafarroako irakaskuntzan bere egunak kontatuak izango dituela.
ARGIA. Ze kontrapartida lortu duzue?
TXOMIN IZKO. Batipat euskara ziurtatzera jo dugu konfluentzia egin den eskoletan. Eta lanpostuak ziurtatzera. Orain bitartean itxi diren ikastoletan (Gares, Mendigorria, Jaurrieta eta Hiruerri) haurrak eskola publikora joan eta euskararik gabe aurkitu ziren eta gainera lanpostuak galdu ziren. Lortu da gainera integrazioaren segimendurako mahai bipartitoa osatzea.
J.L. LARRAZA. Euskararen aldetik ez dago ezer ziurtatuta. Nafar administrazioarekin D ereduaz hitzegiten dugun arren beti ez daukagu honi buruzko ikerketarik, buruturik behintzat, abendura bitartean. Bien bitartean ez dakigu irakaskuntza elebidunaren maila ikastolatakoa baino txarragoa edo hobea den. Horretan gaude.
ARGIA. Zein egoeratan geratzen aurrera begira egun itastola ez legalak direnak? Plangintzarik osatu al duzue?
J.L. LARRAZA. PSOE eta UPNk aurtengo aurrekontuak onartu zituztenean legalizatu gabe dauden ikastoletako gelak diru laguntzarik ez dutela kobratuko erabaki zuten. Honen aurrean legalizazio espediente guztiak aurkeztu ditugu nahiz kontutan izan kasu askotan ez dugula baldintzarik 75 urteko legeak dioena betetzeko. Espero dugu hala ere Eusko Gobernuak egin zuen bezala nafar Gobernua ere egungo errealitatera egokitzea, eta PSOE eta UPNren akordioa zentzu gabe uztea.
Une honetan nahiz eta egoera oso larria dela jabetzen garen, bestalde, Nafarroako ikastolek inoiz bizi izan dituen egoera egokiena bizi dute. Egun ikastola asko dira inbertsio garrantzitsuak egiten ari direnak, eraikuntza eta berrikuntza lanak ikasturte hasiera honetan amaituko dituztenak (Etxarri Aranazko ikastolak 52 milioiko kostoa duen lanak amaitu ditu jadanik. Lizarrakoak 300 milioiko eraikuntza burutzen ari da. Lesakakoak berriz, 40 milioiko eraikuntzari ekin dio. Zangotzako ikastolak 90 milioiko kostoa duen eraikuntza amaitzen du).
Geroari begira asmoak darraikite, eta Ikastolen Elkartearen helburu dira, Tutera, Biana, Sartaguda eta Iruñeako Paz Ziganda ikastolek dituzten azpiegiturei aurre egiteko nahitaezko beharrak sortzea.
ARGIA. Nafar gobernuak euskararekiko eta ikastolekiko aurkeztu izan duen jarrera ez euskaltzalea aldatu dela esan al daiteke?
J.L. LARRAZA. Ez. Ezin da ahaztu erabaki ahalmena eta erabakior diren gaien inguruan (legalizazioak, diru laguntzak...) neurriak politikoek hartzen dituztela eta Nafarroan ez abertzale, ezta euskaltzale ez diren Alderdiek Gobernuan izateaz gain, euskara eta euskal kutsua duen guztia biziki gorrotatzen dutenak direla, egun demokrazia zentzua medio heuren jarrera itxuratu badute zerbait ere.
Beraz akordioak ez du esan nahi nafar gobernuari jarrera aldaketarik izan duela eskaintzen diogunik. Argi daukagu lehengo gobernu berbera daukagula, lehengo jarrera bera duela euskararekiko, jarrera ez dela aldatu.
Gauzak honela Iraila erabakiorra izango da Nafarroako ikastolentzat, mehatxua hor dagoelako, eta horrek esan nahi du ziur asko era guztietako neurriak hartu beharko ditugula.
JJ petrikorena
Nafarroako Ikastolen Elkarteak iraila kezkagarri ikusten du, nahiz eta espero duen subentzioei buruzko PSOE-UPNren ituna atzera botatzea.
JUAN LUIS LARRAZA
TXOMIN IZKO
J.J.Petrikorena..
42-44