argia.eus
INPRIMATU
Txema Auzmendi
"Gure helburua barne aldaketa bultzatzea da"
1990ko uztailaren 29a
Txema Auzmendiri elkarrizketa.

TxemaAuzmendi: "Gure helburua barne aldaketa bultzatzea da"
Txema Auzmendik Jesusen Lagundiako kide izateaz gain Loiola'91ko prentsa arduradunaren papera betetzen du. Berarentzat San Inazioren bizitza ezagutu eta bertatik ikasi behar dugu.

Zein izan da San Inazioren ekarpen handiena?

Gogo ariketak eta konstituzioak bereziki. San Inazio kategoria handiko gizona izan zen eta burutu zuen esperientziak aberastasun eta kualitate normaletik at zegoela erakusten du, nolabait esanda. Sinesdunek Jaungoikoarekiko esperientzia bezala onartuko dute, eta gainerakoek, bere bizitza bizi izan zuela aitortuz, aldaketa jasan zuela baieztatuz, bere kontzepzioa bilakatuko dute. Testuinguru horretan, izen handiko gizon bihurtu zen, baina ene ustez ez zuen mundua edo bere ingurua kontrolatzeko asmorik, zerbitzua eskaintzea baizik. Zentzu honetan, gure mezua San Inaziok aportatutakoa, geure neurrian bederen, gizarteari eskuragai jartzea da.

San Inazioren mezua apaltasuna izanik, nola uler daiteke fasto guzti hau.

Begi bistan dago kontraesan antzekoa dagoela. Gure aldetik ez dugu hau montatu, beste erakunde batzutatik etorri da, eta geuk ere maila horretan geure presentzia aportatu dugu, baina diru aldetik eta eskaera alorrean ez dugu ezer egin. Gure zerbitzuari begira zerbait positiboa egin daitekeela pentsatzen dut. Kontraesan hori ez da niretzat prolema handia, neuk ezin baitut kontrolatu, eta ikusten dut beste instantzia batzu daudela eta eskubide osoz gainera horrelako gauzak egiteko.
Zer prestatu du Jesusen Lagundiak mendeurrena ospatzeko?
Gure aldetik ez da apenas kasik ezer egin orain arte. Batzordeek hiru urte inguru daramatzate lanean Erroman, baina geuri honako ohartxo hau besterik ez zaigu iritsi. Testua Kolvenbach Jesusen Lagundiaren buruak probintzia buruei luzatutakoa da eta honela dio: "Iraganaren gogorapen triunfalistikoa ez litzateke apropos izango. So egin diezaiogun gehiago San Inaziori Lagundiari baino. Begira diezaiogun etorkizunari iraganari baino. Egintzetara pasa behar dugu San Inaziok egindakoa eta guk egiteko eskatutakoa. Mendeurrenaren izeneko gastu handiek eskatzen dituzten ospakizun garestietatik urruti egon behar dugu. Saia gaitezen gure eginbeharrak gero eta hobeto egiten. Gure ekimenek eraman gaitzatela San Inazioren buru-bihotzak hobeki ulertzera eta bere oroipena gure bizitzan eta apostolutzan iraunaraztera". Kontua ez da beraz diru asko gastatu eta muntaia erraldoia eratzea, konbersioa, barne aldaketa talde eta pertsona bezala bultzatzea baizik.

Zer aztertu nahi duzue datorren urte honetan?

Lehenik, Inazioren ingurua eta garaia ikertu nahi dugu. Guk prestatu dugun ospakizuna irailaren 27an hasiko da eta egitarauaren barnean, mundu osoan dauden jesuiten probintzia buruak, historian lehendabiziko aldiz, batzarre batean bilduko dira. Biltzar honetan hamaika gai jorratuko dugu, Soviet Batasuna, Txina, Islam, Vietnam eta beste hainbeste. Munduari begira Jesusen Lagundiak zer egin dezakeen eztabaidatuko dugu.
A.G.
21


Gaiez\Gizartea\Erlijioa\Eliza katol\Besteak
Pertsonaiaz\AUZMENDI3