"Euskal Herriaren egoera XVIII. mendekoaren antzekoa da"
1990ko uztailaren 29a
Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko zuzendaria den Jose Maria Aycarti elkarrizketa.
JOSE MARIA AYCART
"Euskal Herriaren egoera XVIII. mendekoaren antzekoa da"
Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen zuzendaria da, Real Sociedad Bascongada de los Amigos del Pais delakoaren burua alegia. Hogeitabost urte daramatza Euskalerriaren Adiskide izaten. Bere egiten ditu Euskal Herriko elkarterik zaharrena eratu zuten 'ilustratuen' pentsakera eta helburuak. "Borondate oneko nork ez lituzke, bada, gizon haien ideiak onartuko?", galdetzen du abokatu donostiarrak.
XVIII. mendeko bigarren erdialdean Euskal Herriaren egoera ekonomiko motelak eragin omen zuen Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen(EHAE) sorrera. "Herriaren aberastasunaren iturburu ziren nekazaritza eta burdingintza indarra galtzen ari ziren. Lantzen ziren eremuak ez ziren behar bezain emankorrak, eta urtzagintzarako prozedura, bestalde, zaharkituta geratzen ari zen". Jose Maria Aycart-ek xehetasun guztieuin azaltzen digu bera zuzendari duen Elkartearen historia. "Peñafloridako kontea eta bere lagun aristokrata eta noble gazteak izan ziren irakaskuntzaren berritasuna plazaratzen hasi ziren lehenengoak. Ekonomiak aurrera egin zezan lehenik jendearen pentsakera, mentalitatea berritu behar zela zioten. Helburu hori zutela osatu zuten, 1765ean, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea".
Gipuzkoarra al zen, bere hastapenetan, Elkartea?
Ideiaren sorrera gipuzkoarra da, eta hasieran Gipuzkoarako bakarrik planteatu zen taldea. Gero, ordea, Bizkaia eta Arabako lagunengana jo zuten. Iparraldekorik eta Nafarroakorik ere bildu zen bertan. Hiru probintzien egitura mantentzen bazuen ere, ez zen horretara soilik mugatzen.
Hortik dator, orduan, "Iruac bat" lema.
Bai baina esku bakoitzak probintzi bat adierazten ote duen ez dago oso garbi, sinbolismoa ez da hain zehatza. Azken finean elkartasun ikur bat baino ez da.
Hasierako Estatutoetan Nazio Baskongadean zientziekiko zein arteekiko nahia eta gustea lantzea aipatzen da helburu bezala. Zer ulertu behar da Nazio kontzeptu horretaz?
Zaila da jakitea garai hartan honetaz zen pentsatzen zuten. Haiek nazioa zirela pentsatzen zuten behintzat, eta euskara unitate bat dela.
Ba omen zituzten hala ere eztabaidak. D'Abaddiek "Iruac bat"aren aurrean "Zazpiak bat" proposatzen zuen.
Iparraldeko jendearekin harremanetan jarri zirenean sortu ziren halako tira-birak. Ez dut uste "Zazpiak bat" hori onartzeko arazorik zuenik inork. Elkarteak momentu batean lortu zituen bi milatik gorako bazkideak bazter guztitakoak ziren. Asko amerikarrak ziren, Mexikokoak. Baina guzti hau azken finean jakiteke dago, Elkartearen historia osorik ez bait da idatzi oraindik.
Eta nola ulertzen duzue, gaer egun, "nazio baskongadoa"ren kontua?
Guk ez dugu ez muga geografikorik ezta politikorik ere. Pentsatzen dut euskal herritar den guztia dela euskal herritar. Berdin da non bizi den. "Iruac bat" lema eta hiru eskuen irudia aldatzea ere planteatu da, eta asko eztabaidatu da horren gainean. Ez dago Elkartearen helburuetan eta bere etimenaren esparruan, inolako kokatzen geografikorik. Gertatzen da hor dauden muga geografiko batzuren barruan egiten dugula lan. Baina guk joerarik ez dugu. Eta hain zuzen ere, ordazkaritza sistemak funtzionatzen segitzen du; ordezkaritzak bultzatu egin nahi ditugu. Ez ditugu Nafarroa edo Iparraldeko batzordeak bertara joanda guk geuk sortu nahi. Baina baldin badaude bi nafar Elkartearen delegazio bat han sortu nahi dutenak, bada, aurrera. Eta berdin munduko beste edozein tokitan egin nahi batute ere.
Egun, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea hiru batzordetan antolatuta dago: Gipuzkoakoa bata, Bizkaikoa bestea, eta Arabakoa azkena. Madrilgoa da, bestalde, ordezkaritza bakarra. Batzorde bakoitzak bere Asanblada Orokorra eta lehendakaria dituzte. Zuzendariak–une hauetan Jose Maria Aycart-ek berak–koordinazio lanak betetzen ditu.
Ilustratuen mugimendua zen Elkartearen ingurukoa?
Bai. Gazte hauek, gehienek ikasketak Frantzian buruturik, Europaren azken korrontearen berri ekarri ziguten.
Esan al daiteke, momentu historiko hartan afrantsesatuen mugimendua zela, eta kulturalki, ordea, euskaltzaleak zirela?
Bai, Ilustrazioa bera frantsesa zen izatez. Normala, beraz, afrantsesatuak izatea. Dena den, zentzu zabalgo batean, afrantsesatuak baino Europaren aldekoak ziren, zientzia eta aurrerapenaren aldekoak. Baina jende talde hau oso gustora sentitzen zen bere herrian, harro sentitzen zen bere nortasunaz, hizkuntzaz eta kulturaz.
Ilustratuen mugimendua?
Bada, bai. Agian hitza apur bat zaharkitua dago baina bai. Bai pentsatzen dugu Elkarteak bere sorreran izandako ideiek indarrean dirautela, egin beharreko salbuezpen guztiak eginez... Baina aztertuez gero Herriaren egoera lerro orokorretan, XVIIIkoaren antzekoa da. Orduan, hain da arrazoitsua nola pentsatzen zuten gizon haiek, erabat baliogarria dela modu berean pentsatzen jarraitzea.
Hasierako garaian izugarrizko eragin soziala zuen Elkarteak, boterea azken finean. Botere hori hezkuntza eta ikerkuntza arlora mugatzen zen ala ekonomia eta politikara ere hedatzen zen?
Elkarteak ez du inoiz inolako botere politiko eta inolako botere ekonomikorik izan, orain ez duen bezala. Ez dut uste gure Elkarteak, ez XVIIIan, ez XIXan eta ez XXan, inoiz botere izateko desio, anbizio ala ideiarik izan duenik. Motore izateko bai baina botere izateko ez. Beraz, ez dut uste inoiz presio taldea edo talde politikoa izan denik.
Tankera liberaleko mugimendua al da orain ere?
Bai, politikaren zentzu zabalean mugimendu liberala da.
Orain ez duen garrantzia izan zuen Elkarteak bere lehen urtetan. Zer dela eta?
Gertatzen da, XVIIIan hau sortu zenean elkarte bakarra zen, eta denetik egin behar zuen beste ezer ez bait zegoen hemen. Orain, aldiz, euskal unibertsitate bat dago, beraz, eremu horretan sartzea ez dagokio gure elkarteari. Euskaltzaindia hor dago, eta horretan ere ez gara sartuko. Eusko Ikaskuntza ere hor dago... Sozietatari ematen diogun definizioa, Elkarte akademiko eta multidiziplinarrarena da. Baskongada-k nahi zuena eta duena zera da: edozein arlotan zeresana duen jendea biltzea, beti herriaren onerako. Gogortasun akademiko bat izan behar du: linguistika, ekonomia, kimika, historia izan daiteke; dena da baliogarria Herriaren onerako bideratzen bada.
Aipatu duzuna da agian Elkartearen egungo arazoa. Geratzen al zaio EHAEari esparrurik?
Uste dut, lehenik, denontzako dagoela lana, zoritxarrez. Herriak daukanetik, ez du ezer soberan. Bigarrenik, koordinazio eta borondate oneko lan bat egin behar da erakunde guztien artean. Zentzugabekeria iruditzen zait bakoitza bere arloan modu itxian aritzea, "geldi, hau nirea da eta" esanaz. Hori absurdoa da, eta konpetentzia egotea ere bai. Gai baten gainean Eusko Ikaskuntza sakontzen ari bada, esate baterako, zentzurik ez du beste erakunde batek lan bera egitea. Baina, "hau nik egiten dudalako ez dezala beste inork egin" esatea aurrekoa bezain zentzugabekoa iruditzen zalt. Lehendabizi behar duguna zera da, koordinazioa eta borondate on handia: "hau zuk egiten duzu eta nik ez, eta beste hau bion artean egingo dugu" etabar esateko. Gainera, bestelako erakundeetako jendea Herriaren Adiskideak dira, Elkarteko bazkide. Baina esaten badidazu, "baina zein da konkretuki Elkartearen eremua?". Uste dut lehen esan dizuedala: arlo akademiko hori dagokio Elkarteari. Azken finean, Herriko gorputz zientifikoko partaide den jendea da, une jakin batean Euskal Herriaren Adiskideen Elkartean biltzen dena, arlo konkretu bat landu eta bertan laguntzeko. Gutxien kezkatzen nauen gaietarikoa da hau. Zergatik? Denek zeregina dutela pentsatzen dudalako.
Baina zuen ikerketek ba al dute proiekzio sozialik?
Denetarik dago. Batzutan dibulgazio kontua baino ez da izaten. Beste ikerketa moeta batek beste erdiespena izan dezake. Agian etorkizunean gauza serioagoak egingo ditugu, hori da desiratzen dudana eta amesten dudana. Saiatzen gara egiten diren lan argitaratzen.
Elkarte bezala, ez al zarete atzera begira bizi?
Elkartea apur bat fosil bilakatzen hasia zegoen, arrazoi desberdinegatik. Lehenengoz, desoreka bat zegoen batzorde historiadorearen alde, alegia, partaide askoz gehiago zeuden batzorde horretan besteetan baino. Honegatik, Elkarteak ikerketa historikoak egitera jotzen zuen gehienbat, eta agian ez zuen beste eramuetan eragiten. Eta inertziagatik agian, bai barrundik begiratuta eta baita kanpotik begiratuta ere, Elkartea zaharkitzen hasia zen: bere partaideetan, bere ideietan, bere atzera begiratze horretan. Horri buelta ematen saiatzen ari gara azken urteotan. XVIIIan, gure aurrekoek gehiago begiratzen zioten etorkizunari iraganari begira ziezaioketena baino. Gure egunetan, atzera gehiegi begiratzeko pekatua egin dugu. Hori aldatzen ari da, eta onartu ditugun Estatuto berriek joera hori dute. Orain, Elkarteko adiskide izan nahi duenak, ez du inolako ohore edo pribilejiorik, baizik eta lanerako konpromezua. Bazkideekin izan behar dugun gogortasuna handia da. Jaun batek, lan oso ona egin duelako adiskide izatea proposatzen bazaio, eta sarrerako hitzaldia ematen badu, hitzaldi bat gehiago azken finean... eta hurrengo egunean deitzen badiozu, eta jada ez da Herriaren Adiskide bere artikuluak sinatzerakoan baizik, jaun hori ez da interesgarria. Horretarako eskubide osoa du, baina era berean beharkizun osoa du Elkarteak zerbait ikertzera deitzen badu, etortzeko. Herriak Elkartearen bitartez eskatzen diona betetzeko beharkizuna du.
GARBIÑE UBEDA IMANOL MURUA
27-30