"Nafarroari buruz ideologikoki aukera egina dugu: Ez da ikastolarik itxiko‘’
1990ko uztailaren 22a
Mirari Bereziartua Ikastolen Konfederakundeko idazkariari elkarrizketa Iruñean egindako Biltzar Nagusiko erabakiei buruz
MIRARI BEREZIARTUA
"Nafarroari buruz ideologikoki aukera egina dugu: Ez da ikastolarik itxiko''
Mirari Bereziartua Ikastolen Konfederakundeko idazkariak dioenaren arabera, ikastolek Iruñean ospatu azken Biltzar Nagusian hartu ziren erabakiak bere horretan mantentzen dira Nafarroarekiko: Ez da inongo ikastolarik itxiko. Sinatutako akordioa "aparte hartu den erabakitzat" jo du.
ARGIA.–Zer akordio mota sinatu dute Nafarroako Ikastolek eta Gobernuak?
MIRARI BEREZIARTUA.–Guk horretaz daukagu aste honetako bilera, eta ordura arte ez dugu gauza handirik esateko ez bada betidanik esan duguna, gure planteamendua zein den. Nafarroako ikastolako batek deitu digunean eritzia eskatuz argi eta garbi esan diogu Iruñeko Kongresuan erabakitakoa daukagula erabaki moduan, eta ordutik hona ez dela inolako baldintza berririk eman erabakiaren aldatzeko. Hortik aparte hartzen diren erabakiak erabakitzen duenaren ardurapean hartzen dira.
A.–Zuk esan duzun bezala Konfederazioak Iruñean hartutako erabakietan esaten da inongo ikastolarik ez dela itxi behar, daudenak eutsi, indartu eta berriak irekitzen saiatu behar dela. Ordea, nafar gobernuarekin sinatu akordioaren arabera hainbat ikastola isten dira eskola publikoarekin bat egiteko. Kontrajarriak daude bata eta bestea. Ez da hala?
M.B.–Konfederazio bezala ez dugu horren baloraziorik egin oraindik. Nafarroako ikastolei buruzko erabakiak hartzeko lehengo Nafarroako egoera datuetan ezagutu behar dugu eta horren ondoren biabilitate plan bat egin ikusteko zein ikastoli erantzun diezaiokegun, zeinetara gogoa eduki arren ez garen ailegatzen, baino datuetan oinarrituta. Oraindik datu horiek ez ditugu eta lehengoa mantentzen dugu. Bien bitarteko erabaki eta konpromezuak hain zuzen ere estudio ekonomikoa eta biabilitate plana egitetik pasatzen dira eta horretan gabiltza. Guzti honen ondoren baloratuko genuke Nafarrokoen erabaki hori erratua izan den edo aurretik erabaki duten arren asmatu egin duten.
A.–Nola ikusten da Konfederaziotik Nafarroako ikastolen egoera?
M.B.–Guk nolabait Nafarroari baruz ideologikoki aukera bat egin dugu: Ez da ikastolorik itxiko, daudenak sendotuko dira eta leku estrategikoetan berriak ireki behar badira ireki egingo dira. Guzti hau hitz hutsetan gera ez dadin ikusi behar da errealitatean zein errekurtsorekin kontatzen dugun eta horren arabera errealitatea ezagutu, egoera juridiko-laboral-ekonomikoari argazki bat atera eta hori eduki eta gero biabilidade plan bat gauzatu. Hori ateratzen denean ikusi dugu.
Hango egoera ikaragarri larria da, hori argi dago eta erizpide horretara iristeko ez dago estudio ekonomikorik egin beharrik, baina horri buelta emateko detaileak puntuan izan behar ditugu. Oso peligrosoa da gauza hauetan inongo planik gabe partxeatzen hastea ze behar bada prebisiorik gabe egiten ari zara perspektiba orokor batekin ailegatuko ez zinen ikastola indartzen eta interesgarria den beste bat denborarekin galdu egiten duzu. Partxeoa oso peligrosoa da. Eta uste dugu Nafarroa beste lurraldeekin alderatuz gero askoz ere egoera larriagoan dagoenez plana egiteko ordua dela, eta hori guztiekin egin behar da, baina egoera larriena Nafarroak nozitzen duenez berarekin hasiko gara. Hemendik aurrera ikastola bakoitzaren planak bakarka egin beharrean talde osoa kontutan hartuz eta perspektiba batekin egin behar da.
A.–Urralburu, akordioaz hitzegiterakoan, "akordio handi" batetaz mintzatu da. Nola baloratzen dira Konfederaziotik hitz hauek?
M.B.–Inolako harremanik izatetik ikaragarrizko akordioetara egun batetik bestera salto handiegia dela hain positiboki baloratzeko. Denak dakigu politiko batek erabaki bat hartzen duenean oso garrantzi handiaz aurkeztu nahi izaten duela. Urralbururena ere marko baten barruan situatu beharko genuke. Orain arte administrazioaren interesa ez da izan inongo lorerik botatzeko modukoa, alderantziz, Nafarroako administrazioak inongo konpromezurik ez du ikastolekiko hartu azken momentura arte. Gauzak honela, hartu duen konpromezua zenbaterainokoa den egiten dugun planaren arabera zehaztuko dugu. Ez dugu espekulatu nahi eta bukatzen dugunean esango dugu.
A.–Ikastolek hamar hamabost urtetan egin lana nola ziurta daiteke administrazio ez euskaltzale batek egingo duena aurrerantzean?
M.B.–Galdera eta betiko inkognita izango da, ze administrazioetako egoera lau urtetan aldatu egiten denez ez da inoiz jakiten erantzunkizuna zein izango den. Askoz ere gehiago kezkatzen gaitu ikastolak zenbateraino izango garen kapazak talde moduan gorpuzteko eta ez besteen musikaren arabera dantzan egiteko.
J.J.PETRIKORENA
22