Xebe Peñari elkarrizketa.
Xebe Peña: "Jaigiro ezin hobea izaten genuen bi aldeen arteko muga hautsiz"
Xebe Peña, 82 urtetako tolosarra ezagun samarra da; 1953an Euskal Herriko lau katedralen arteko bidea oinez egin zuen lau egunetan. Mont Blanc mendian zortzi bider izan da eta Iran, Afrika eta Ameriketako mendietan ere ibilia da. Oraingoan Erronkari eta Baretous bailaren arteko tributoari buruz mintzatu zaigu.
Argia.–Noiz izan zinen lehendabizikoz festa honetan?
Xebe Peña.– Aurten betetzen dira hirurogei urte. Isabako idazkariak akta beteta eramaten zuen, gero agintari eta lekukoek sinatzeko. Hiru testigo izaten ziren, eta urte hartan ni izan nintzen bat. Akta hura gordea daukat; gehiagotan ere izan naiz, 86an azkenengo aldiz, eta Isabako alkateak sinatzeko aukera eman zidan.
A.–Nola jakin zenuen jai hau egiten zela?
X.P.– Mendizale nafarrek ezagutzen zuten ohitura hau, eta baziren han izandako tolosarrak ere, Antxon Bandres Azkue, gero Federazioa eratu zuena... Bestalde, Gaspar Lekunberri mendizale iruñarrak festa honen azalpena egin zuen "Pyrenaica" aldizkarian 1930ean.
A.–Garai haietan nola egiten zen festa hau?
X.P.– Garai haietan ez zegoen karreterarik Isabatik Belagoara eta oinez joan beharra zegoen. Agintariekin batera bezperatik irten ginen Isabatik Arrako bentara. Garai hartan Jazinto Gorriak zaintzen zuen benta, euskaraz hitz batzu bazekizkien. Lo lasto gainean egiten genuen. Urte hartan, jai bezpera tokatu zela eta, Arrako ermitan meza entzun nuen goizeko 3etan. Handik San Martin Harrira bazeuden hiru ordu oinez, eta tributoa goizeko 8etan egiten zen, gerra ondoren eguerdira pasa bazen ere.
A.–Anekdotarik ere izango duzu kontatzeko...
X.P.–Oroitzen naiz 1934ean Ameriketatik euskaldun bat etorri zela, herrian gidari bat hartuta. Festa ondoren, ni Arlas mendia egiteko asmoarekin abiatu nintzen; lainoa zen, eta han topatu nituen biak galduta. Argentinarrak, gidariarekin haserre, "éste hombre debería estar en el fondo del océano" esaten zidan.
A.–Oraingoarekin konparatuz, zerbait desberdin egiten al zen?
X.P.–Bazkaria harripeko zelaian egiten zen, axuria bertan erre eta giro polita sortzen zen. Orduan mendizaleak, herrietako jendea, artzaiak, karabineroak eta gendarmeak biltzen ginen. Kontu kontari eta kantari, ondo pasatzen genuen. Gero bakoitza bere herrira zihoan, alde batera eta bestera, hurrengo urtera arte agurtuz.
A.–Festa hots egin gabe ezagutu al duzu?
X.P.–Ez dakit, gerra denboran urteren batean egin gabe geratu zela esaten da... 36an behintzat egin zen, han nintzen. Inolarrean bueltan lagun batzurekin nentorrela kotxea gelditu eta dokumentazioa eskatu ziguten; harritu egin ginen. Gero jakin genuen Calvo Sotelo hil zutela, eta handik bost egunetara gerra zibila hasi zen.
JOXEMI SAIZAR
59
GaiezGizarteaOspakizunak
PertsonaiazPEÑA2
EgileezSAIZAR2Gizartea