"PELI" ALMANDOZ
"Teknikoen arabera hauek dira materiale egokienak"
Donostiako Ur-Kirolak taldea izan da Ruiz untziolaren lehen trainerua erosi duena. Oraindik ere probatan badihardute ere, taldearen entrenatzaileetako bat den "Peli" Almandoz-en iritzia jaso dugu.
ARGIA.–Zerk bultzatu zaitue traineru kantabriar bat erostera?
"PELI" ALMANDOZ.– Lehenik eta behin arrazoi ekonomikoa hori oso garrantzitsua da. Dena den badira beste arrazoi batzu: lana egiteko era eta materiala.
A.–Materialei dagokienez, berrikuntzarik al dakar traineru honek?
P.A.– Bai. Guk eramandako teknikoen arabera, Ruiz untziolan erabiltzen dituzten materialeak dira era honetako untziak egiteko egokienak. Denborak eta itsasoak esango dute hori horrela den ala ez.
A.–Eta formei dagokienez?
P.A.– Zertxobait zabalagoak dira. Teknikoen arabera hori da traineru hauen aurrerapenik handiena. Guri itsasoak esango digu hori egia ala gezurra den. Orainartean ur geldoetan ibili gara soilik, eta badirudi egia dela, baina..
A.–Fontan sanpedrotarrak eginiko lehen trainerua erabili zenuten, Ruiz-en lehenengoa oraingoan. Kasualitate hutsa al da?
P.A.–Behar bada bai. Arraun taldearen zuzendaritzan dabilen jendea ordundik hona ez da kasik aldatu, berdinak gaituk.
A.–Bukatzeko, nola ikusten duzu aurtengo denboraldia?
P.A.–Gure aldetik, lehengo urteko mailan ibiliko garela uste dut. Lehengo urteko kuadrilatik, bi mutil falta dira soilik, beheko mailetatik taldean sartutako gazteak hiru direlarik.
Gainontzekoei dagokienez, guztiek esaten dutena: San Juan, San Pedro, Hondarribi, Santurtzi, Zierbena, Arraun Lagunak eta besteren bat. Aurretik faborito ugari, baina itsasoak esango du zein diren indartsuenak.
I.G.
43