"Legearen aldetik formula berriak aurkitu behar dira"
1990ko uztailaren 08a
Iñaki Alkorta, Gipuzkoako Gureak taldeko partaideari elkarrizketa
IÑAKI ALKORTA
"Legearen aldetik formula berriak aurkitu behar dira"
Komunitate Autonomoan atzeratuak lan munduan integratu nahian dabiltzan entrepesen konfederakundea da Elhabe. Guztien buru, Gipuzkoako Gureak taldeko partaidea den Iñaki Alkorta dugu.
A.–Zein dira Elhaberen helburu na.gusiak?
I.A.–Bi helburu nagusi ditugu: bai atzeratuen eta bai hauekin aritzen direnen formazioa landu, eta elkarren arteko ekintza komertzialak burutzea. Berez ez du beste helbururik, partaide bakoitzak autonomia osoa du.
A.–Nola definituko zenituzke Elhaberen baitan dauden elkarteak: entrepesa edo gizarte zerbitzu gisa?
I.A.–Hori oso zaila. Juridikoki ere gauza bera gertatzen da, Gureak adibidez entrepesa pribatu bezala dago izendatua, nahiz eta partaide gehienak atzeratuen gurasoak izan. "Economia social" delakoaren baitan sartuko nituzte entrepesa hauek.
A.–Bi erizpide horiek, gizarte zerbitzu eta eraberean komertziala izatearena ez al daude kontraesanean?
I.A.–Bai horrela da. Gure helburua ez da dirua irabaztea, baina beste helburuak lortzeko hori beharrezkoa da. Ez genuke hau beste era batera aurrera eramaten jakingo, jende hau beste era batean enplegatzen.
A.–Nola gainditzen da kontraesan hori?
I.A.– Eguneroko lanean hori bizirik agertzen da. Ez dago erizpide zehatzik bi alderdi horiek bereizteko. Filosofikoki gaia beste era batera planteatu beharko litzateke: jende honek besteek bezanbat eskubide dituzte ingurune normal batean lanean aritzeko, baina praktikan eskubide hori ez da inolaz ere betetzen.
A.–Zein da entrepesarien jarrera?
I.A.–Berrogeitamar langiletik gora dituzten entrepesek, lan taldearen %2a langile minusbaliatuz osatu beharko lukete. Baina hori ez da inolaz ere betetzen, ez eta bete arazten. Honenbestez, mota honetako entrepesak dira alternatiba bakarra, gizarte arazo eta entrepesak munduaren arteko bitartekari gisa aritzen direnak.
A.–Hala ere badira entrepesa normaletan sartu diren zenbait atzeratuen kasuak, aurrerapenik ba al dago bide horretatik?
I.A.–Oso kopuru urria da. Gaur arte egin ez den mentalizazio lana egin beharra dago. Halaber, legearen aldetik formula berriak aurkitu behar dira. Gure helburua langileak beste entrepesatara eramatea litzateke, baina hori legez kanpokoa da.
A.–Guztizko integrazioa ez al da bidezkoa?
I.A.–Hori azken urratsa litzateke, baina aurretik asko ibili beharra dago. Lehenengo tarteko urrats batzu gauzatu behar dira, baina guztizko integrazioa lortu nahi baldin bada, neurriak hartu behar dira.
M.A.
40