«Euskal Herriko zaletuek bertako toreroak merezi dituzte»
1990ko uztailaren 08a
Sergio Gomez toreroari elkarrizketa
SERGIO GOMEZ
«Euskal Herriko zaletuek bertako toreroak merezi dituzte»
Zentronikon jaioa, torero bezala Madrilen egina, hogeitabi urtetako gaztea da Sergio Gomez. Uztailaren zazpian, San Fermin egunean, "alternatiba" hartuko du nafar honek Iruñeko zezen plazan.
ARGIA.–Nondik datorkizu zezenketarako zaletasuna?
SERGIO GOMEZ.–Familiatik. Gaztea izanik, gurasoekin joaten nintzen plazara zezenketak ikustera. Garai hartan konturatu nintzen hau zela nere mundua, eta ordundik hona horretan nabil.
A.–Non egin zara torero bezala?
S.G.–Madrileko eskolan. Ni hasi nintzenean ez zegoen hemen horrelakorik. Gerora zenbait eskola sortu dira, Iruñekoa, Bilbokoa, Donostiakoa kasu. Era honetako eskolak behar beharrezkoak dira
Euskal Herrian, bertan ikasten bait da guztia.
A.–Ba al dago Euskal Herrian afiziorik?
S.G.–Bai, eta handia gainera. Bilbon, Iruñean, Azpeitian... egin ditudan azken saioetan plaza jendez gainezka aurkitu dut. Horregatik esan dut hasieran torero eskolak behar beharrezkoak direla. afizio honek bertako toreroak merezi ditu.
A.–Bada ordea kontrako eritzirik ere. Zer diozu horretaz?
S.G.– Eritzi kontua da hori. Baina esan beharra dago aldeko eritzia dutenen kopurua aurkakoena baina ugariagoa dela, horrek mantentzen du zezenketa Euskal Herrian. Aurka daudenak festa honen izaeraz jabetuko balira, aldeko eritzia lukete.
A.–Zezenketarako izaera berezia al duzue euskal toreroek?
S.G.–Ez dakit izaera bereziaz hitzegin daitekeen. Bai esan beharra dago ez garela besteak bezain "estilistak", hori ordea dugun ausardia bereziaz gainditzen dugu.
A.–San Ferminetan "alternatiba" hartzeak ba al du esanahi berezirik?
S.G.– Mundu honetan sartuz gero, San Ferminetako ferian aritzea da helburu nagusienetarikoa. Nafarra izanez gero, Iruñeko plazan aritzea are eta bereziagoa gertatzen da, etxekoen aurrean aritzea beti bait da politagoa.
I.G.
24