Lierni Elorza:
"Bide berriak urratzeko indartsu sentitzen gara"
Oraingoan pertsonaz ez baina, irratia beraz aritu gara: Segura Irratiaz. 1956an apaiz batek sortu zuenetik etengabe bide berriak urratu dituztela esan digu Lierni Elorzak. Medio handirik ez, plantilan bost lagun eta korrespontsal batzuk, 'entzulegoa oso fidela dugu' azpimarratzen du.
ARGIA.–Noiz sortu zen Segura Irratia, nolaz, noren eskutik...?
Lierni Elorza.- 1956.eko apirilaren 2an sortu zen, Onda Median. Sortzailea apaiz bat izan zen, Zesareo Elgarreta. Abisuak. errosarioa... ia dena euskaraz. Hori izan omen zen bere lehen helburua. Batez ere, Segura eta inguruko jendeari bideratuta. 61ean itxi egin zen. Uste dut Fraga zela garai hartan 'Ministro de Información y Turismo', eta prezintatzeko agindua iritsi zen, gehienbat euskaraz aritzeagatik. Hala ere On Zesareo makina bat saiatu ondoren, 72an berriz ireki omen zen. Berau, apaiza, 80an hil zen eta ordutik gaur arteko zuzendaria Jose Elgarreta izan da. Esan daiteke irratia sortu zuela bere kapritxo batengatik, afizioz batez ere. Izatez Bergararra zen, baina Seguran urte askotan egona.
A.–Nola finanziatzen da Segura Irratia?
L.E.– Finantziabide nagusia publizitatearena da. Gero, beste laguntza gisako batzu, eskelak,.errosarioak...
A.–Sorreratik hona izango zen aldaketarik. Zein eratako irratia duzue gaur?
L.E.–Askok dute oraindik ere mezak, errosarioak etabar, besterik eskeintzen ez dugunaren uste hori, eta azpimarratu nahi nizuke ez dela horrela. Nahiz eta batzutan errespetatzen diren–egunero ordu erdiko meza ematen da eta arratsaldez errosarioa–beste arlo eta bide asko ireki ditugu eta beti ezartzen diguten topiko hori kentzea lortu. Bide berriak ireki ditugu poliki-poliki, ez gara hor ataskatu.
Gero, irrati bezala molde komerzialenetik kanpo gaude, eta bapatekotasuna asko erabiltzen dugu, askotan derrigorrez, ez daukagulako gauzak elaboratzeko astirik. Baina horrek ematen dion freskotasuna ere hortxe gelditzen da.
A.–Orduan, irrati txikia, eremu zehatz batera mugatua izanik, errazagoa gertatzen da entzutearen presentzia. Zein funtzio betetzen du Segurak?
L.E.–Batez ere nik esango nuke oso irekiak garela, ez dugula inor baztertzen. Ditugun medioek ere behar bada honetara bultzatzen gaituzte. Ez daukagu medio sofistikatuegirik, baina saiatzen gara daukagunari ahalik eta etekin handiena ateratzen. Gure naturaltasunarekin ere jokatzen dugu, familia handi bat bezala garela esan nahi nuke, eta entzulea gugandik oso gertu sentitzen da. Orduan, badakizu zure akats eta birtuteekin onartua zarela. Entzulegoa egia esan, eta nik hemendik ere eskertuko nieke, oso fidela dugu, baina ezin da ukatu zure ondoan askoz medio handiagoak dituzula, eta haiekin ezin dela konpetitu.
A.–Itxuraz, Segura Irratiak nagusiki entzulego euskalduna duela esango genuke. Zenbateraino da hala?
Euskaraz eta erdaraz aritzen gara. Publizitatea adibidez gehiena erdaraz da, baina entzulegoak eskatzen digulako. Esango nuke oso mitifikatua badagoela Goierri euskara mailaerekin: Goierri euskaldunena, eta bat eta beste. Baina guri gertatzen zaigu, erdaraz ikutuz gero gai bat, berehala deituko duela entzule batek esanaz, nola hori Goierrin kokatua dagoen irrati batetan. Eta aldrebes, luzaroan euskaraz aritu bazara, hotsegingo dizu erdal entzule batek esanaz berak ere nahi duela horretaz jakin. Guk errealitateari aurre egin behar diogu, eta entzulegoak ematen digunaz bizi garenez ekonomikoki, nahiz guretzako ere astotan tristea izan, horretara mugatzen saiatzen gara. Oso erraz leporatzen digute Segura irratiak behar adina ez duela egiten euskararen alde, baina beste aldea ere ikusi behar da.
A. ETXEZARRETA.
59