argia.eus
INPRIMATU
«Errugabe, urte erdia eduti naute giltzapean»
1990ko apirilaren 01
Juan Joxe Petrikorenarekin elkarrizketan.
JUAN JOXE PETRIKORENA:
«Errugabe, urte erdia eduti naute giltzapean»
Langraizgo espetxetik atera berri dela lotu dugu elkar hizketa Juan Joxe Petrikorenarekin. Basaurikoa izan ezik Hegoaldeko gartzela guztiak ezagutu ditu gure lankideak sei hilabete hauetan: Martutenetik Iruñara, handik Langraitza eta gero, berriro ere, Martutene eta Langraitza eraman dute andoaindarra. Azkenean kalera. Errurik gabe zigortu dutela alkarrikatzen du Petrik.
Sei hilabete pasa ditu giltzapean, baina sartu zuten bezala atera da: berritsu eta alai. Ezin du ahaztu, ordea, barruan pasatako sasoia, jasandako zigorra, eta asaldotu egiten da gai horren gainean mintzatzerakoan. "Hasiera hartan ez nuen entenditu nire zorigaitza, eta orain ere ez dut entenditzen". Eta mila aldiz bere burutik pasa dena errepikatzen digu: "Dokumentazioa ARGIAko kotxean ahaztu nuelako zigortu naute azken finean; aurretik beste norbaitek lapurtu zuen kotxean ertzainek nire dokumentazioa ikusi ondoren esan bait zuten kotxe inguruan nire antza zuen norbait ikusi zutela; eta une hartan ni soziedadean nengoen".
Gogorra izan da epaileen jokaera, eta baita komunikabide batzurena ere...
Ertzainen adierazpenak izan dira froga bakarra, eta bai epaileek eta bai zenbait komunikabidek errudun egin naute. Errugabe izanik urte erdia eduki naute giltzapean, eta hori ez dit inork ordainduko. Atzo ikusi nuen, hain zuzen ere, "Falso Culpable" pelikula, telebistan, eta nire burua identifikatua ikusi nuen nire kasuarekin agertzen zen parekotasunagatik.
Garbiñe Biurrunek sartu hintuen gartzelan...
Bai, hala da... Berak jakingo du zergatik baina nik susmoren bat badut; alderdi jakin batekin lotura zuzena omen du, eta badiruti alderdi horrek, Euskadiko Ezkerrak hain zuzen, Ertzantza prestigiatzeko politika daramala azkenaldian; nire kasuaren esplikazioa hori izan daiteke. Interpretazio bat da, baina honi halako interpretazioren bat bilatu behar zaio, bestela ulertezina baita gertatu zaidana. Sei hilabete, hi!
Baina azkenean urtebeteko zigorra ezarri diate.
Urtebeteko zigorra ematearen erabakia politikoa izan erabat, hasieratik nire kasuak hartu duen bikaera hori justifikatzeko. Epaiak azken finean epaiketara arte bete dudan denbora justifikatu baino ez du egiten. Honen aurrean argi eduki dugu epaia errekurritu behar zela, eta errekurritu dugu; orain Supremoan dago.
Eta nola ikusi duk komunikabideek hire kasuari eman dioten tratamendua?
Hasieratik Ertzantzak filtratu eta Vasco Press-ek zabaldutako berriak erruduntzat jo ninduten; kasualki Garbiñe Biurrun-en eskuetatik pasa behar nuen egunean atera zen informazioa: koktelak prestatzen ari nintzela atxilotu nindutela zioten batzuk, koktelak botatzen ari nintzela beste batzuk... dena iraina eta dena gezurra. Gartzelatik kristoren nazka hartu nion horri, hori bai intoxikazioa! Prentsa mundua ezagutzen duk lehendik, baina hire larrutan ezagutzen duanean orduan... badago esaera zahar bat: "sutan jartzen denean frogatzen da eltzea", bada niri horrelako zerbait gertatu zait. Niri tokatu eta bizi dudanean orduntxe jakin dut zein izan den prentsaren jarrera. Hasieratik kristoren haserrea, amorrua... gainera, ezin nuen barrutik inolako borrokarik aurrera eraman. Eta gero ere, epaiketa eta gero, konturatu naiz dinamika bera erabili dutela berriro ere gaia kakaztu nahiean.
Mintza gaitezen barruan pasa duan esperientziaz. Nola bizi izan hintuen lehenengo egunak?
Izugarrizko haustura da, ordura arte bizitako errealitatearekiko haustura, salto bat amildegira. Errealitatea erabat desitsuraturik ikusten duk; lanean habil, ARGIAn, Sarritan entzuten ditugu mila gauza gartzelari buruz baina hori barrutik ezagutu arte ez da jakiten ondo. Gero, barruan hagoela, mundu berri bat irekitzen zaik, errealitate horrek beste klabe batzuk dauzka eta klabe horietan funtzionatzen hasi behar duk.
Preso politikoak "txapeoa"n zeuden gartzeleratu hindutenean. Nola bizi izan huen hori?
Martutenen sartu bezain pronto hurbilen somatu nuen errealitatea preso politikoen borroka izan zen, "txapeoa". Borroka oso latza izan da: 23 ordu metro karratu gutxiko ziega batean, sei hilabetetan zehar... Gainera, urte asko dira hor barruan, gose grebak, "txapeoa"k etengabean, presioak... Jendea nekatuta dagoela ikusi dut, nekatuta baina aldi berean indarrez eta burua argi.
Gogorra izango zen, bestalde, drogaren gaitza zein hedatua daguen ikustea...
Errealitate hedatuena da hori: barruan dagoen jendearen gehiengoa heroinara engantxantuta dago, mixerian. Hori ez nuen ezagutzen hain gertutik eta barruan, jende hori, ondoan eduki dut; errealitate kaskar eta usteldua! Egundoko ikara ematen du jende hori egunetik egunera okerrago, izorratuago ikusteak.
Zer nolako mugimendua dago drogaren kontu horretan?
Erabatekoa, dena lortu dezakek:.pastilla, opiazeoak... Gero, xiringak oso gutxi daude; Langraitzen, esate baterako, hiruren bat xiringa egongo ziren ni egondako moduloan, eta jendeak alokatu egiten zituen 200 pezetaren truke. Ez dute onartzen gartzelan drogarik dagoenik, itsukerian bizi dira, eta horren aurrean infekzio gune nagusi bat dago hor, gero eta jasangaitzagoa bihurtzen ari dena. Langraitzen behintzat oso zaila egin zait, modulo batean egon, eta hirekin dauden 100 lagun horietatik 80ek antikuerpoak dituztela jakitea. Erortzen ari da jendea, edozein katarrorekin... Patio tzar bat eta telebista gela besterik ez du jendeak bere eguneroko hamar hamabi orduak pasatzeko; ez tailerrik ez ezer. Hor eta bizioan, eta ez dago besterik. 3,4,5,6 urte pasa behar dituenarenizat hori tortura psikologikoa da, oso gogorra. Dinamika horretan ezin da aurrera egin. Jendea autosuntsitu egiten da.
Heroina erraz sartzen al dute kartzelan? Eta nola?
Erabateko meriatua dago: heroina gramo batekin 100 mila pezeta ateratzen dituzte... meriatua finkatua dago, jende jakin batek pasatzen du droga eta jende hori zein den ere ondo dakite funtzionariek eta berteko administrazioak, eta eskuzabal jokatzen dute droga mugitzen dutenekin. Langraitzen behintzat oso presio gutxi ikusi dut heroinaren aurka, oso oso gutxi. Ez dago inongo intentziorik dagoen gaitz honekin mozteko gartzeletan, inongorik ez da ikusten! Une batean oso gaizki hagoenean gaisotegira sartzen haute, hilzorian hagoenean, 60. artikulua aplikatzen diate, eta horretin kalera hoa baina hiltzera; gartzela horrela da. Batez ere Langraitzen, Martutenen ez dago merkatu hori hain finkatuta.
Gartzelaz gartzela ibili haute, Martutene lehenbizi, Iruñea gero, Langraitz ondoren... Diferentzia handirik batetik bestera?
Antzekoak dira. Langraitz-ekoa zigortuentzako gartzela da, epaiketa pasa dutenentzat, eta beste biak prebentiboentzat. Nik tratu desberdina izan dut batean eta bestean. Martutenen jasan dut tratu gogorrena funtzionarioen aldetik, izenak, eta korriloak...dena apuntatzen zuten. Guk bazkaltzen eta afaltzen mahai bat osatu genuen, politikoekin, eta euskaldunen artean, eta beti gainean egoten ziren, eta ez bat, hiru-lau-bost "boki", aritzen ziren gure segimendua egiten. Funtzionamendua oso estua da Martutenekoa. Iruñean lasaiago ikusi dut, Lagraitzen ere bai...
Gero, Martuteneko zuzendariak oso jarrera gogorra hartu omen zuen hirekiko.
Bai, preso arriskutsu bezala izendatu ninduen, "de extrema peligrosidad", inolako arrazoirik ez zuenean horretarako. Horrelako informe batek une batean suposa dezake lehenengo graduan edozein gartzelatan sartzea. edo Puertora bidaltzea. bururatzen bazaie.
Baina zergatik "de extrema peligrosidad"?
Arrazoi bakarra, eta behin eta berriro pentsatu dut horri buruz, preso politikoen taldearekin ibiltzen nintzela izan daiteke. Baina talde horrekin besteekin ibiltzen nintzen bezala nenbilen; ibili, egon, jan, bizi... Bizimodu hori ere moztu egin behar al dute gartzelan? Gu bezalako jende bat Martutenen zigortu nahi izan dute hain zuzen ere garai horretan "txapeoa"n zegoen jende horri berotasun pixka bat emateagatik. Eta gartzelaz gartzela eramatea ere Martuteneko zuzendariak hartutako erabakiaren ondorioa izan da.
"Batallon Vasco Español"eko Piti eta Zabala Langraitzeko modulo berean egon ziren ezta?
Piti eta Zabalarena gehiegi izan da niretzat. Nahiko gertutik ikusi genuen herrian mugida hura, 15-16 urte genituela... beriziki gogoratzen dut Jose Ramon Ansa Piti eta hauek hil zutenean... Bada, bigarren moduloan Langraitzen nengoela, eskuin muturreko preso hauek ekarri zituzten, eta horregatik hain zuzen altatu ninduten beste modulo batera. Beno, han daude, batek bertako Ekonomatoan lana egiten du, eta itxura denez, laister hirugarren graduarekin kalera irteteko moduan izango dira. Jende horrengandik gertu egoteak ere inseguritatea piztu zuen nigan: gartzelan beste batzuren eskuetan hago, eta oso defentsa gutxi dauzkak.
Jende xelebrea ere ezagutuko huen gartzelan. Gogoratzen al duk orain norbait?
Akaso elkar hizketa honek balioko du gartzelako jende guzti hori agurtzeko, behintzat lagun politak egin ditugu gartzelan eta gure momentuak hobeto pasatzen lagundu diogu elkarri. Horietako bat Joxe Leon zen: 26 urtetako zigorra eman diote aiar honi baina hala ere, gauero bere bertso saioa eskaintzen zigun, edozein gai hartuta. Jende gehiago ere bai noski...
Ez da isiltzen Petri. Denetarik kontatzen digu, eta aldi berean, sei hilabete hauetan gertatu denari buruz ere etengabe galdetzen du: autodeterminazioaren debatea, euskarazko egunkaria... "Barruan egundoko gogoa dago euskal egunkaria kalean ikusteko. Eta nik neuk, bada, badaramat 6 hilabeteko atzerapena, baina buru belarri sarizeko asmoa daukat". Itxura denez, komunikabide zenbaitek bere aferan izandako jorrerak kazetarigintzan aritzeko gogorik ez dio kendu. "Lan egiteko izugarrizko alimoekin etorri naiz, eta lehen egiten nuen lan bera egitea gustatuko litzaidake: hartu nire kamara, jendea elkar hizketatu...". Aurki dugu, beraz, "J.J.Petrikorena" sinadura orrialde-oin honetan bertan.
X.LEKUONA. I.MURUA.
27-30

GaiezPolitikaEuskal HerrPresoakEspetxeak
PertsonaiazPETRIKOREN1
EgileezLEKUONA6Politika
EgileezMURUA2Politika