Koldo Saezekin elkarrizketan.
KOLDO SAEZ
«Talderik sendoena da gurea»
11 urteetan zehar izotz hockeyan murgildurik, ekipoko kapitaina dugu Koldo Saez. Esperientzia luzea izan arren, oraindik ere asko ikasi behar dutela aitortu digu donostiarrak, honetarako poloniarrak maixu egokiak izaki.
ARGIA.– Nola ikusi duzu aurtengo denboraldia?
KOLDO SAEZ.–Espainiako ligan sei ekipo besterik ez dira egon aurten (hauetariko bi euskaldunak: Gasteiz eta Txuri Urdin); lotsagarria da. Espainiako txapeldun izan gara, baina...Puigerda eta Jaca izan dira etsairik handienak.
A.– Zein izan da maila beherapen honen arrazoia?
K.S.–Euskadin adibidez ez dakit zer gertatu den, lehen maila goreneko hiru ekipo geuden, baina diru eza medio, talde bizkaitarra desagertu egin zen. Diru asko behar da, eta inor ez da ageri honetarako prest, kirol defizitarioa da.
A.–Taldeari dagokionez, nola definituko zenuke?
K.S.–Gaztetasuna da ezaugarririk nagusiena. Hala ere, Espainia mailan dagoen talderik sendoena dela iruditzen zait; poloniarren iritziz osotasuna falta zaigu, baina hori denborarekin lortzen da.
A.–Eta aipatu dituzun poloniarrei dagokienez?
K.S.–Hasiera batetan zenbait arazo izan genituen, baina guztiz gainditu dira. Teknikoki, gu baino askozaz azkarragoak dira jokatzen; beraiengatik ikasi beharra daukagu, kirol honetan adituak bait dira; batek hiru olinpiada dauzka bizkar gainean...
A.–Guztiak zaletuak izanik bi profesional onartzea nola uler daiteke?
K.S.–Emaitza onak lortzeko aukera genuela azaldu ziguten denboraldi hasieran, eta honetarako atzerritarrak beharrezkoak dira. Beraiek gustora daude, eta gainontzekoak izotzarekiko zaletasun handia dugunez, aurrera jarraituko dugu.
A.–Europako txapelketa duzue jokatzeko. Nola ikusten duzu hau?
K.S.–Hori beste mundu bat da. Aurreko urteetan jipoi handiak hartu izan ditugu, eta aurten, nahiz eta konpetizio sistema aldatu, gauza bera gerta dakiguke. Dena den, kanporaketaren bat gainditzea da gure helburu nagusia.
I.G.
43