Eugenio Fernandez arraunlarien entrenatzaileari elkarrizketan.
EUGENIO FERNANDEZ
"Euskaldunen aportazioa funtsezkoa da"
Arraunlari euskaldunekin batera, Eugenio Fernandez "Aurreko" donostiarra dugu entrenatzaile gisa ADO 92 plangintzaren baitan. Bartzelonako Joku Olinpikoei begira esperantza handiak ditu donostiarrak, honetarako euskaldunen aportazioa funtsezkoa gertatzen delarik.
Nola ikusten duzu ADO plangintzaren baitan eman den bilakaera?
Guztientzako plangintza berria dugu hau, orainartean ez bait da halakorik burutu. Traba guztiak gaindituz, nahiko ondo moldatu garela pentsatzen dut, hemendik aurrera emaitza-onak lortzeko prest gaudelarik.
Nola moldatzen zara prestaketa hau aurrera eramateko ekarritako Oleg Golovanov entrenatzaile errusiarrarekin?
Bai pertsona bezala eta bai kirol mailan harremanak primerakoak dira. Nik ezin dut haren mailan jarri, baina nahiko ideia beretsuak ditugu bai entrenamendutan eta bai teknika mailan. Hasiera batean hizkuntzaren muga genuen gainditzeko, baina egun bera erruseraz eta ni gazteleraz hitzegiten ondo ulertzen gara.
Kanpotik zenbait kritika jaso dituzue. Zer iritzi duzu honen inguruan?
Ez dago gauza handirik esaterik. Emaitzak izan dira kritika horiek bertan behera utzi dituztenak. Dena den aurrerantzean ere izango ditugu kritikak, baina ez diegu jaramonik egingo, gure lanean jarraituko dugu.
Zein da gure arraunlarien aportazioa?
Euskaldunen aportazioa inongoa baino ugariagoa eta funtsezkoagoa da. Hemengo fitxa kopurua eta potentziala kontutan izaki, guztiz normala da hau. Aurrerantzean ere aportazio hau behar beharrezkoa izango da.
Honek indarra kentzen dio euskal selekzioari?
Bai, ezbairik gabe. Arraunlari berriak atera behar dira, ezin dugu beti jende berdinarekin lan egin. Legutianon sortutako zentruak denbora gutxi barru emaitza onak ematen hasiko dela uste dut, eta horrek euskadiko taldearen maila asko igoko du.
Maila internazionalean aritzeko posibilaltatea ikusten duzu?
Oso zaila ikusten dut. FISA mailan arazorik egongo ez balitz ere (Eskozia, Irlanda... selekzio gisa aritzen bait dira), hemen beti PSOE edo horietako batekin aurkitzen gara. Momentu honetan pentsaezina da.
M.A.
18