Josetxo Lizartza:
"ETBn itxaropen haundiak geneuzkan baina..."
Josetxo Lizartza nahiz eta Iruñean jaio Leitzarra kontsideratzen den kazetaria dugu. Filosofiako ikasketak egin arren komunikabideekin erlazionaturik dago aspaldidanik: Herri Irratian, Euskadi Irratian, Euskal Telebistan eta azkenik Antena 3-en.
ARGIA.- Herri Irratian kultura motako irratsaioak egiten zenituen; ETBra joan zinenean kirol saileko arduradun lanetan jardun zenuen, nolatan horrelako aldaketa?
Josetxo Lizartza.- Herri Irratian nenbilenean ere egiten nituen kirol kolaborazioak, Tito Irazustaren saioan nahiz eta nire lanik garrantzitsuena programa kultural batetara mugatu. ETBra pasa nintzenean, Joxe Mari Iriondok adierazi zidan kezka haundia zuela zuzeneko kirol erretransmisioekin eta horrela sartu nintzen kirol sailera. Hasera batean kazetari modura eta geroago arduradun gisa.
A.- Ezberdintasun haundia al dago irratitik telebistara?
J.L.- Ezberdintasun haundia zegok izan ere irratian jende gutxiren "mende" zaude eta trebea bazara aparatuak erabiltzen, programa majo bat egin dezakezu jende gutxirekin. Telebistan berriz bitarteko asko sartzen duk eta medio oso konplexua duk. Imaginak hartzen du protagonismoa hitzaren ordez eta horrek ekarri zizkidan arazo batzu, izan ere xamurragoa da niretzat hitzaren erabilera. ETBn itxaropen haundiak geneuzkan jarriak eta telebista euskaldun baten beharra sentitzen genuen baina denborarekin beste komunikabide normal batetan bihurtu zen.
A.- Zu zeu Antena 3-eko zuzendaria zaitugu, zer behar da irrati bat zuzentzeko? Zenbatekoa da euskararen kopurua zuen irratian?
J.L.- Pazientzia eta batzutan urdail gogor xamarra gastritisak eta horrelakoak jasateko. Nik zuzentzen dudan irratian bost ordu emititzen ditugu Donostiatik eta beste guztiak Madriletik etortzen zaizkigu. Nire helburuetako bat euskara gehiago sartzea duk baina mementu honetan nahiko zaila gertatzen zaidak. Denbora gutxi barru neuk egingo dut euskara hutsezko saio berri bat.
J.L. AIZPURU
61