Abertzale Sozialista Komiteak 12 urtez herri mugimenduan
"Ajuria Eneako Paktoa porrot egiten ari da"
Ibilbide luzea ASKk egun arte egin duena. Franco garaiaren amaieran Hego Euskal Herriko bizi bizian zegoen herri mugimendua erakundetu eta gidatu asmoz jaio zen KAS koodinakundearen partaide den erakunde hau. Kontraesanen ondoren sendotu den erakunde honek HB zuzentzen duen kritikak ere jesan ditu. Guzti hauek argitu eta herri mugimenduarekiko duten ikuspegia jakin asmoz bi kide elkar hizketatu ditugu.
ARGIA.– Hamabi urte bete ditu Abertzale Sozialista Komiteak erakunde politikoak. Nola sortu zen?
ASK.- 75ean, Txiki eta Otaegiren afusilaketen ondoren, frankismoa amaitzear zegoelarik, herri eta auzoetan nahikoa indar zeukan herri mugimenduak baina ez zegoen ezker abertzaleko topagunerik. Nolabaiteko antolamendu ezberdinak ari ziren sortzen, auzo elkarteak, komiteak... eta 77an ASK sortu zen zazpi puntutako manifestu baten inguruan, ezker abertzalea batu nahian.
Hortik aurrera piskana piskana KASen sartu zen eta bere eraketa garapena KASekoarekin batera ulertu behar da.
A.–Noiz eman zuen pauso hori?
ASK.- 78an sartu zen eskubide osoko partaide bezala. KASen momentu hartan eta 83a bitartean eman ziren aldaketekin garatzen doa. Orduko debateak ekarri beharko lirateke gogora. Herri Batasuna potentziatzea ala Euskal Herriko Biltzarre Nazionala. ASK bi projektu horietan zegoen, bere militantzia horietan ari zen lanean ASK bera alde batera utzita eta kasik desagertzeko zorian jarriaz. KAS mailan argitu zenean gure estrategia zein zen, hau da, Euskal Herriko Biltzar Nazionala alde batera uzten zela eta fase honetarako tresnak definitu genituenean berriz ere ASK berregin zen eta definizio argi bat eman zitzaion 83an.
A.–Zein izan zen aldaketa?
ASK.–Masa erakunde modua zeukan, nahiz eta iraultzailea, auzo eta herrietako jende guztia batu nahia zeukan. Hortik aldaketa ematen da erakunde iraultzaile moduan hertsia izatera eta konpromezu handikoa.
A.- 83tik hona zer nolako balantzea egiten duzue?
ASK.–Bi partetan banatuko genuke aldi hau, 86 bitartekoa alde batetik eta ordutik honakoa bestetik. KAS mailan bizi ziren kontraesan batzuk ASK barruan ere baziren. 86tik aurrera, V. batzarrarekin guzti hori finkaturik geratzen da eta hortik aurrera eraketa garapen handia gertatu da. Begiratzen da ez bakarrik ze lerrorekin egin behar dugun lan herri mugimenduan baizik eta nola egin behar dugun lan horretan.
A.–Hain zuzen ere herri mugimendu batzutan mamu moduan ikusi da ASK. Ildo politikoa ezartzen duena, 'interbenitu' egiten duena, 'dirigismoa' egozten zaio...
ASK.–ASKko militanteak herri mugimenduko militanteak gara, ez da kanpotik horra sartzen garen batzuk. Alderantziz, herri mugimenduan lan egiteak eraman gaitu konpromezu handiagoko erakunde batean eratzera. Baina prozesuak berak, eta oso azkar doan prozesua da euskaldunona, askotan eraman gaitu gauzak oker egitera. Herri mugimendutik etorrita gure lana izanik mugimendu herritar hori dinamizatzea eta bere eginkizunak askapen mugimenduarekin batera eratzea, momentu batzutan hori egin dugu herri mugimenduaren autonomia eta subiranotasuna kontutan hartu gabe. Eta horrek azken finean indartzea baino ahultzea dakarkio herri mugimenduari.
Beste batzutan ez dugu jakin izan bereizten herri mugimendu eta herri erakunde baten artean. Euskararen arloan esaterako erakunde batean zentratu izan ditugu gure indar guztiak eta alde batera utzi izan ditugu hor lanean ari ziren beste herri erakundeak.
Horrekin batera herri mugimenduan dauden kontzientzia eta konpromezu mailak ondo ez bereiztea eta horiei dagozkien lan erritmoak ez ondo kontutan hartzea. Garrantzitsua da ze herri mugimendu batean edonork izan behar du parte hartzeko aukera. Horretan ari gara gaur, konpromezu markoak bereizten mundu guztiak parte hartu ahal izan dezan.
A.–Herri mugimenduan, urte batzutan, egon da halako hustutze edo desinflea. Bizimodua, jendea nola bizi den ikusi eta orohar ez dira nagusiak jarrera militanteak eta konpromezu maila handiak.
ASK.–Azken finean hori erreformaren eragina da. Bizi baldintzetan eta instituzionalismoan nabarmentzen da. Erreformak zera dio jendeari: "Zu trankil zure etxean, zure lanean, zure bizian. Zuk botoa eman eta instituzioek egingo dute lan guztia". Herri mugimenduak beste oinarri bat dauka: norberak dituen problemetan parte hartzearena, protagonismoa izatea, salaketak egitea eta alternatibak prestatzea. 81-82an beherakada nabarmena ikusten da eta 84-85a bitartean ez da gorantzako joerarik ageri. Jendeak ikusten du bere arazoek hortxe dirautela, instituzioek ez dituztela konpontzen eta areagotu egiten direla. Presoak gero eta gehiago, GAL, errepresioa gero eta handiagoa, Vascongaden eta Nafarroaren arteko zatiketa gero eta handiagoa, euskara kontutan egindakoa oso gutxi da, ekologia mailan ere kalte handiak... OTANi buruzko erreferendumean garbi ikusi zen. Jendeak gauza bat bozkatu baina instituzioek bere bidetik jarraitu... Edota drogomenpekotasunaren kontuan arazoaren sakonera jo beharrean, hor nahasten diren interes guztiak ikutu gabe azalean geratu direla.
A.–Eta nola egiten du lan ASKk herri mugimenduan?
ASK.–ASKren militanteak langileena behar du herri mugimenduan. Dena eman behar du. Hori alde batetik. Eta bestetik, beste maila batean, ideologikoki aberasten du herri mugimendua, KASeko militante izanik prozesua bere orokortasunean ezagutzeko aukera bait dauka.
A.–Zuen orbitan ez dagoen jende askorentzat, HASI zen lehen HB aurrera ateratzen zuena eta egun esaten da ASKk betetzen duela paper hori. Nolatan?
ASK.– Horrek daukan esplikazioa etsaiaren intosikazioa da. Etsaia ari da horrelako manipulazioak bultzatzen. Nolabaiteko klanen arteko gerrak daudela, bai KAS mailan, bai HB mailan... Zatiketa itxura eman nahi dute. Une jakin batean, HASIn gertatutako kontraesan eta hausturaren ondorioz ahulezi une bat gertatzen da hor dauden koadro mordo batek utzi egin zuelako. KASek bere orokortasunean ikusi zuen Herri Batasuna aurrera bultzatu beharra bere militantziaz ere lagunduz. Ez da orain ASKren militanteak HBn daudela, beti egon gara HBn, herri-batzorde eta batzarretan lan eginez. HBn gaude militante moduan, Jarrai, Egizan eta HASIkoak dauden bezalaxe. Gure helburua ez da HBren gidaritza eskuratzea baizik eta hor laguntzea herri mugimenduaren sentsibilitatea erakarriz eta lotuaz askapen mugimenduaren ildoan. Guk euskararen mugimenduan, ekologia mailan, errepresioaren aurkako mugimenduan, drogomenpekotasunaren arloan, hiritar mugimenduan ahalik eta giza sail ezberdin gehienak biltzen ahalegintzen gara. Jende horren erreferentzia politikoa HB izatea da gure asmoa.
A.–Ze eragin dauka Ajuria Eneako Paktoak herri mugimenduan, euskararen aldeko herri mugimenduan esaterako, indarrak biltzeko orduan?
ASK.– Pacto Antiabertzaleak beste koiuntura baten aurrean jartzen gaitu. Etsaiak, ikusten duenean lehen aipatu dugun herri goranzko tendentzia hori eta bere estrategiak porrot egin duela berriz, barne birregituratze batera jotzen du. Pacto de Estadotik hasi eta Ajuria Eneako eta Nafarroako Pacto Antiabertzaleekin jarraituz gero. Horrek zer esan nahi du? Harresi bat eraikitzea Herri Batasuna eta askapen mugimendu osoaren aurrean. Goitik behera eraiki nahi den harresi bat. Horren eraginez zenbait herri mugimenduri izugarrizko erasoak egiten zaizkio. Indar gehien daukaten herri mugimenduei. Euskararen edota amnistiaren herri mugimenduei zuzen zuzenean egin diete eraso. Ekologia mailan ere autobiarekin ikusi dena hor dago. Herria antolatu eta instituzioen aurrean beste alternatiba bat aurkezteko gai denean, pactoarekin egin dute herri mugimendua aurrena HBrekin identifikatu eta gero hau ETArekin eta horrela guztia nahastu eta guztiaren kontra jo. Hori da Paktoaren helburua eta gatazka hori herrira eramatea enfrentamendu zibilaren estrategiaren barruan. Baina gero eta nabariagoa da Ajuria Eneako Paktoa porrot egiten ari dela, ez bait da herri xehearen sentimendua, alderdietako goi mailakoena baizik.
A.–Autodeterminazioaren gaia dabil egunotan ahotik ahora. Mamituko al da horren aldeko mugimendu zabal bat abertzaleen artean?
ASK.–Azken finean uste dugu Autodeterminazioarekin Herri Batasunak duen papera hortxe dagoela. Guk hala ere ikusten dugu hemengo enfrentamendu politikoa gogortzen doan neurrian, HBk, oraingoz berak baitarama Autodeterminazioaren errekonozimenduaren beharra aldarrikatzearen zama, beste plataforma zabalago bati tokia eman beharko diola. Gaur PNV eta EA ere agertu dira behar horren alde. EE jakin ezazu...
A.–Baina gauza da ea posible diren horrelako batasunak Paktoa erdiz erdi egonda. Erabakitzen denean HB dagoen edozein tokira ez joatea...
ASK.– Azken finean Autodeterminazioaren gaiarekin ikusten da alderdi horiek mugitu egin direla. Egunero autodeterminatzen garela eta horrelakoak esatetik, ikusita herriak Autodeterminazioaren irrika hori baduela, horretara bueltatzen dira gero...
Eta guzti honetan bizi dugun egoera politikoa ez dugu ahaztu behar, azken bi urteotako testuingurua kontutan izan behar dugu: alde batetik, negoziaketa politikoa legoke, hau da, Herri bezala ditugun eta KAS alternatibaren baitan dauden helburuak lortzeko tresnatzat ulertu behar dena eta, eta bestetik, antiterrorista paktoa: etsaiak zenbait faktoreren aldaketa dakusa, hala nola, Europaren merkatu bakarra e.a. eta ondorioz Euskadirekin duen enfrentamendua askatzeko estrategia bat marraztearen beharra dakusa, ENAMen hondamena bilatzen duen estrategia alegia. Azken finean kontrako indarren birregituratzea da.
A.–Eta zein estrategia da hori?
ASK.–Azken hiru hilabeteotan neurri guztietako saltoak eman dituzte: intosikazio informatiboa, mugimenduaren ahuleziak handitu nahian... esparru guztietan. Honen inguruan, Madrilgo hilketa, HBko hautagaien akatamenduarekiko jarri dituzten oztopoak, Angel Alcalde atxiloketa asmoa, presoen kontrako jipoiak, autobiarekiko intransigentzia...
Beraiek eta Europak marraztutako epeak abitzen ari dira eta ETAren eta herri mugimenduaren indarraren aurrean elkar hizketa politiko prozeso batera goazela dakite. Horretara iristeko herri mugimendua lur jota eraman nahi dute eta Josuren hilketa hortik doa. Indar erakusketa bat da eta indar erakuste honetan bi parteok beren erakusteak egiten eta egingo dituzte, determinanteak izango direlarik.
A.–Gasteizko paktoaren baitan EA ari da arazo gehienak sortarazten, berak ditu arazo gehienak.
ASK.–Euskadi erreala eta ofizialaren arteko bereizketak garrantzia handia hartzen du hemen: Euskal Herriko herri eta auzoetan enfrentamendu gogor bat bilatzen du paktoak, baina egunerokoa bestelakoa da, alderdien interesen gainetik kontzientzia abertzalea dago, eta OTANen aferan eta, garbi gelditu zen hau.
EAren kasuan gauza bera gertatu da, erakundetua dagoen jendea izan arren, hau da, koesio konizientzia bat beharko lukeen jendea izan arren, printzadurak agertu dira; Bizkaiko junten iniziatibak, Josuren omenaldian EA eta PNVko militanteak agertzeak, edota autodeterminazioaren aldeko Bilboko manifestaldira azaltzeak... horixe baieztatzen digute.
N. ARRASTOA
Euskadi erreala eta ofizialaren arteko bereizketa begibistakoa da ASK erakundearen ustez.
"86tik aurrera, KASen baitan zeuden hainbat kontresan ASKn ere bazen, V. batrarrarekin guzti hori finkaturik geratzen delarik, eta hortik aurrera eraketa garapen handia gertatu da".
ASKren ordezkariek diotenez, herri mugimendu osoari zuzen zuzenean egin diote eraso alderdietako goi mailakoek buruturiko paktoek.
9-11