Melchor Millares, kazetaria
"Fondo Erretserbatuen argitzean datza gakoa"
'Amedo. El Estado contra ETA' liburua aurkeztu du oraintsu Madrilen, Javier Arquesekin batera. GAL afera hurbiletik segitu duelarik, zerikusi handia izan du zenbait daturen argitzean.'Diario l6'en aritu da orain gutxi arte; 'E1 Mundo' egunkari berrian dihardu orain.
Argia.–Zuen liburuaren titulua 'Amedo. El Estado contra ETA' da. Baieztatu al daiteke Estatua dela GALen atzean dagoena?
Melchor Miralles.– Ebidentzi osoak daude hori baieztatzeko. GALen atzean Estatua dagoela ez dugu guk bakarrik esaten, Baltasar Garzon epaileak berak esan du argi eta garbi GAL fondo publikoen desbideraketa baten bitartez finantziatu zela. Epaileak esana da ere Amedo eta Dominguez-en gainetik erantzuleak daudela eta ikertzen utzi izan balitzaio berak argitu ahal izango lituzkeela.
A.–Fondo erretserbatuak nork eta nola banatu ziren jakitea izan al daiteke gakoa?
M.M.–Gakoa, oso osorik, hor dago. Ez dago dudarik Amedo eta Dominguez zirela GALeko arduradun organikoak. Baina gakoa Amedo eta Dominguez baino areago joatean datza, eta hor ezinbesteko urrats bat eman beharra dago, fondo erretserbatuen argitzea alegia. Amedori ze dirukopuru luzatu zitzaion, eta ze pertsonak luzatu zizkion esaten ez bada gobernutik, goiko erantzukizunak argitzea ezinezkoa izango da.
A.–Ezkor ikusten zaitut Amedo eta Dominguez-en gaineko erantzunkizunak argitzeko posibilitateari buruz.
M.M.–Orain Amedoren kasuarekin zerikusia duen gizabanako baten gaineko informazioa ematen dihardugu: prozesatua dagoen Francisco Paesari buruz Barne Ministeritzak ez dakiela ezer eta ez duela inolako daturik esan duen arren, gobernuaren agente bat dela demostratu dugu guk, informazio zerbitzuetakoa hain zuzen ere. Sineskaitza da 'El Mundo'n argitaratutako informazio horren ondoren Ministeritza horretan ezer ez gertatzea.
A.–Ikusten al duzu goiko erantzunkizunak argitzera eraman gaitzakeen bide berririk?
M.M.–Paesaren kasuak ireki duen bidea ona dela uste dut, hor sakondu daiteke. Gero, kazetariaren ikuspuntutik, Barne Ministeritzako ur nahasietan buzeatzen segi behar dela uste dut, ea gutxienez salaketen presioaren bidez Amedori dirua eman ziotenen izenak agertzen diren.
A.–Historikoki ezker abertzalearen kontra egindako atentatuetan, hasieran beti ukatu izan da aparatu estatalen erantzunkizuna, baina gero beti frogatu izan da atzean zerbitzu sekretuak edo polizia egon direla. Zer iruditzen zaizu Josu Muguruzaren hilketa 'Estatuaren krimena' dela esaten duen baieztapena?
M.M.–Goizegi da Estatuaren krimena den ala ez den baieztatzeko. Era guztietan, gobernuak erantzukizun handia du asunto hau erabat argitzen –eta argitu esatean ez dut esan nahi hiltzaile zuzenak zein diren argitzea, baizik eta hilketa egitea zeinek agindu zuen ezagutzea–. Krimena ez bada argitzen, bertan Estatuko aparatuak inplikatuta dauden susmoa hedatuko da.
I. MURUA
Melchor Miralles, 'El Mundo'ko kazetaria.
17