argia.eus
INPRIMATU
"Soldaduzka paradoxa handi bat da"
2021eko uztailaren 23a
Jose Zulaika antropologoari elkarrizketa.

JOSEBA ZULAIKA
Antropologoa
"Soldaduzka paradoxa handi bat da"
Debako Itziarren jaio eta Getarian bizi den antropologoa dugu Joseba Zulaika. Euskal Herriko biolentziaren aztekerketa bat egin zuen, ingelesez, bere lehen liburuan. Soldaduzkari buruzkoa da bere bigarren argitalpena, gazteleraz egina, eta ehiztarien gaineko liburua ari da prestatzen orain, euskaraz argitaratzeko. 'Chivos y soldados' lanari buruz aritu gara.
ARGIA.–Zer dela eta soldaduzkari buruzko lan hau?
Joseba Zulaika.– Soldaduzka errito iniziatiko bat dela adierazi nahi dut lan antropologiko honekin. Gizarte edo talde primitiboetan –erlijiosoak, militarrak nahiz bestelaloak izan– sartzeko, errito iniziatiko batzuk pasa behar izaten dira, eta hauek aintzinako gizarteetako baloreetan oinarriturik daude. Ejertzitoaren barruan, gaztea soldadu bilakatzeko froga batzuk pasa beharrean aurkitzen da. Ejertzitoa gizarte itxi bat da, eta gizarte itxi horretan sartzeko, errito iniziatikoen bitartez, balore horiek barneratu egiten ditu.
A.–Ejertzitoa, beraz, gizarte primitiboetako balore berberek sostengatzen al dute?
J.Z.- Bai, gaur egungo gizartean hain barneratuak ez ditugun baloreak–hierarkia, ohorea, obedientzia, buruzagi ukiezinak...-, ejertzitoan nagusiak dira. Azken finean, balore hauek dira ejertzitoa bera sostengatzen dutenak. Bere egitura eta antolakuntza gizarte primitiboen balore horietan oinarrituko ez balitz, ejertzitoa ez litzatete ejertzito, behintzat orain ulertzen.
A.–Soldaduaren esperientzia paradoxaz betea dagoela diozu zure lanean.
J.Z.–Paradoxarik handinetarikoa zera da, zereginik izan gabe soldaduak beti aritu behar duela zerbait egiten. Beti dago aktibo bere inaktibitatean: goizean goiz jeiki ondorengo zeregin nagusia agindurik ez jasotzearren zerbait –edozer gauza– egitea da, hau da, ezer ez egiteko beti zerbaitetan aritzea –edo behintzat itxura egitea–.
Paradoxa gogorrena agian soldaduarentzat froga nagusia den momentuan gertatzen da, guardian alegia: arma eskutan duela, kuarteleko garitan zelatan egon behar du, eta norbait somatzen badu, 'altoa' eman, 'santo y seña' eskatu, eta erantzuten ez badu, lurreratzeko agindua eman behar dio, eta hori betetzen ez badu, tiro egin behar dio. Soldaduzka egin dutenek diotenez –nik ez dut egin–, une horietan bi sentimendu kontrajartzen zaizkie: guardia egitearen absurdoaz ohartuz tiro egitearen kontrakoa batetik, eta, buruzagiek esan dieten bezala, 'por la cuenta que te trae' tiro egitearen aldekoa. Egoera absurdoak ohizkoak bihurtzen dira.
A.–Sexualitatearen paradoxa ere aipatzen duzu.
J.Z.–Gai hau ere aurrekoaren ildotik doa: batetik, soldaduzkak sexualitatea ukatzen dizu, emakumeengandik isolatzen zaitu –zure familia, lagun eta herritik isolatzen zaituen bezala–, baina bestalde, soldaduaren birilitatea balore inportanteenetarikoa da. Askok soldaduzkan jotzen dute lehenengo aldiz larrua, putetxean, eta hori ere errito iniziatikoa da. Sexualitatearen ukapena eta goraipamena egiten du, aldi berean, soldaduzkak.
A.–Teatroa militarraz hitzegiten duzu liburuan. Teatroa besterik ez al da soldaduzka?
J.Z.– Guztiek dakite soldaduzkako arauak absurdoak direla, bertan bizitzen diren egoerak ez direla bizimodu normalean errealtzat jo daitezkeenak, egin beharreko formazio, desfile eta abarrak teatro hutsa direla... baina marko horren barruan dena egiazkoa da, egiazkotzat jo behar da dena. Egiazkoa bihurtzen den teatro handi bat da soldaduzka.
I. M.
20

GaiezGizarteaSoldaduzkaBesteak
PertsonaiazULAIKA1