argia.eus
INPRIMATU
"Libertango", akordeoiari omenaldi Astor Piazzolla-ren tango berriaz
2007ko otsailaren 21
Hernaniko Akordeoi Taldeko Joxan Goikoetxearekin elkarrizketa.

MUSIKO, AKTORE ETA IRUDIEZ OSATU IKUSKIZUNA HERNANIN
"Libertango", akordeoiari omenaldi Astor Piazzolla-ren tango berriaz
"Libertango" muntaia musiko-teatrala prestatu du Hernaniko Akordeoi Taldeak, Astor Piazzolla argentinarraren musika hartu eta Joxan Goikoetxeak egindako moldaketekin. Akordeoiaren imajina dignifikatzea helburu, ikuskizuna modernoa estreinatuko da Hernanin azaroaren 19an.
Hernaniko Akordeoi Taldea duela hiru urte sortu zen; 15 urte inguru daramate elkarrekin jotzen, eta taldea sortzean helburu nagusia pedagogikoa zen, akordeoiaren imajina dignifikatzeko leloa buruan. Joxan Goikoetxeak dioskunez,
"akordeoia teknikoki izugarri aberatsa bada ere, beti izan da instrumentu marjinatua; imajina oso folklorikoa izan du, kalitate eskasekoa, eta akordeoilariok beti izan dugu halako konplejo bat"
Hau gainditzeko bidean, lehenengo urratsa seriotasuna ematea izan zen, eta horretarako musika klasikoa lantzen hasi ziren.
"Errepertorio nahiko polita sortu genuen, kontzertutik entzuleak gustora irteten ziren, baina jende gehiegi ez zitzaigun etortzen; talde bezala, ezin zen akordeoiari eman nahi genion imajina zabaldu".
Akordeoia indartzeko muntaia modernoa
Jende gehiagorengana heltzeko asmoarekin, "Libertango" ikuskizuna prestatu dute. Akordeoiaren presentzia indartu nahi, eta beste instrumentoen maila berean landuko dute,
"ez solista gisa eta ezta bazterreko morroi bezala; ekilibrioa lortu nahi dugu".
Akordeoi taldeaz gain, "Libertango"n hainbat musiko ezagunek hartuko du parte: Aitor Amezaga pianoan, Jimmy Arrabit baterian, Jean Paul Gilles baxuan eta Angel Unzu perkusioan. Joxan dexente harritu zen musiko hauek emandako erantzunarekin;
"ideia komentatu eta berehala eman ziguten baietza, proiektu interesantea iruditu zitzaien. Ez da rockeroa, ez da euskal folka, ez da jazza. Zerbait orijinala da, freskoa, eta beraientzat ere estilo berri bat lantzeko aukera".
Joxanek berak egin ditu instrumentu guztien arregloak, eta besteek inbentiba aldetik ezingo badute gehiegi aportatu, sendotasuna ematen omen diote ikuskizunari.
Muntaia moderno honetan, musika antzerkiarekin batera landu dute, eta lau gaietan Koldo eta Garbi Losadak tango historia tipiko bat antzesten dute, zeloak eta abarrak, kantatu ere egiten dutelarik. Guzti honetan imajina batzu tartekatuz, ordu t'erdiko saioan tango kontzepzio berri bati itxura ematen diote.
Piazzolla eta tango berria
Tangoa eta Astor Piazzolaren musika lantzea neurri batean Joxanen kapritxo pertsonala izan da.
"Pertsona oso interesantea ikusten dut; tangoa sortu zenetik hor ibili da, hasieran tango tipikoa jotzen, gero Parisen exiliatu eta konposizioa ikasi zuen, jazz mundua hurbiletik ezagutu eta tangoaren mundua berritu zuen".
Elaborazio oso intelektuala iruditzen zaio Joxani, melodia, azentuazio eta erritmoak aldatuz,
"ez du modernizatzen sintetizadoreak eta sartuz".
Paralelismo haundiak ikusten ditu Joxanek Piazzollaren tangoa eta egun trikitixa munduan ematen ari den eboluzioaren artean. Trikitilari gazteak, beste formazio batekin eta folklorea landu arren musika modernoa ere entzuten dutenak; genero berria sortzear egon daitekeela iruditzen zaio.
"Hau zabaltzeko ordea, txapelketa eta erromeriak mantenduz, beste bide batzu, errezitalak eta diskoak egokiago izan daitezke".
XABIN MAKAZAGA
52


Gaiez\Kultura\Musika\Musika mode\Pertsonak\Musikoak\GOIKOETXEA4
Pertsonaiaz\GOIKOETXEA4
Egileez\MAKAZAGA2\Kultura