Asier Laspiur: "Zintziligailuari omenaldia eskeini nahi izan diot"
1989ko azaroaren 05
Asier Laispurri elkarrizketa.
OBRA AUSART HONI IZPIRITU BEREKO PROIEKTU BIK SEGIKO
Asier Laspiur: "Zintziligailuari omenaldia eskeini nahi izan diot"
Laspiur eibartarraren "Zintzilikarioa" lanak irabazi du aurtengo "Gure Artea-89" leihaketako lehen saria eskultura atalean. Lana gure herrietako esekitokiei buruzko azterketaren emaitza da, Bilboko arte-galeria batean erakustera ematen duen bestelako lanaren antzera.
Hogeitazortzi urteko eibartar honek autodidaktzat jotzen du bere burua; txikitandik hasia arte lanetan, hainbat adarretan jarduna da hala nola margolaritzan, oleoan, grabatuan, keramikan edo eskulturan, nahiz eta berak ez lotu bere burua arlo zehatz bati ere.
"Kasu bakoitzean lan bakoitzak eskatzen duen lenguaia erabiltzen dut, baina ez naiz arlo zehatz bati lotzen; nire lana mestizaje moduan hartzen dut, soporte ezberdinekin".
Duela lau urte eta Gipuzkoako Diputazioaren subentzioari esker bi urte eman zituen New York-en bere ezaguerak sakontzen. Gaur egun Leioako Arte Ederretako Fakultatean hirugarren mailan dago, nahiz eta berak aitortzen duenez,
"tituluaren bila baino ez nago";
ikasketak, berriz, Elgoibarko "Egur" eskolan ematen dituen margolaritza klaseekin lotzen ditu.
Sari honen emaitzak istilua ere ekarri zuen, Getxoko alkateak berak ere–sariak banatu ziren herria–zalantzan jarri bait zuen epaileen emaitza. Hala ere, Asier Laspiurrek ez dio jaramon gehiegirik egin:
"epai mahaiak lana berritzat jo du eta horren bila joan da".
Esekigailuen estetika
Bai saritutako lana eta baita Bilboko arte galeria batetan urriaren 20tik azaroaren 9ra erakusten duen bestelako lana ere Euskal Herriko esekigailuei buruzko azterketaren emaitza da.
"Balore estetikoz kargaturiko objetu bezala hartzen dut. New York-en ez dira arropak zintzilikatzen, debekatua dago, eta hona etorri nintzenean kriston sorpresa izan zen gure herrisketan esanahi gabeko ikurrin piloa ikustea, baina kriston balore estetikoz. Orduan hasi nintzen ikertzen, ze gauza dagoen jokoan, ordena... enfin. Horren inguruan lan orokorra egin dut, tresna eta elementu ezberdinak erabilita; esaterako argazkiak, diapositibak... piperrak ere jarri ditut esekigailuetan; zergatik? Bizkaian baino ez direlako jartzen piperrak eskegita, eta nik uste dut norbait badator honantz aluzinatu egingo lukeela pipar txorizeroak eskegita ikustean".
Lan guzti hauek, beraz, esekigailua dute oinarritzat: adabakiez jositako izarak, pipar txorizeroak, marasma sarearen antzera osatzen den esekigailu borobila erdian marasmaren argazkiaz, esposak eskegita, harakin gantxuak esekigailuan, galtzerdi bustiak tantak erortzean danbolinen gainean soinua eragiten dutenak.
"Pentsa dezagun, gainera, zintziligailuetatik ur tantak erortzen direla eta etxeetako barru-atarien lurra jotzen dutenean, doinu eta musika entzungarriak sortzen dituztela...".
Hiru dimentsioko lan hauekin batera, diapositiba bilduma ere sortua du Asier Laspiurrek, esekigailuak inguru ezberdinetan agertzen direlarik:
"la zer ikuskizun ederra barru-kamiseta bat fundizio-lantegi baten ondoan zintzilikaturik ikustea!, edo eta galtzerdi batzu lore ontziak ikutzen! Haizeak, eguzkiak, euriak... eta sarritan kutsadura keek ematen diete jaten zintziligailuei".
Erromarak eta Bilboko ibaiaren estetika
Sari honek suposatu dion diru laguntzaz, beste bi proiektu agertzen zaizkio eibartar honi.
"Hau aspaldiko kontua da baina mendian badira ate batzu, erromarak, eta hauek teknologikoki perfektoak dira; inongo elektrizitate barik eta zelula fotoelektriko barik zabaldu eta zure atzean itxi egiten dira. Ate horiek badituzte gainera zirikuak deitzen direnak, pertsonak pasatu ahal izateko baina ez abereak. Horretaz zerbait egin nahi dut, ea horrek plastikobi zer ematen duen. Bigarren proiektua da Bilboko ibaiaren barneetan dauden egurrezko estrukturak, maturrak deitutakoak eta itsasontziak lotzeko erabiltzen direnak, horiei baruzko zerbait egitea, baina hori aurreragorako geratuko da".
P. IBAIBARRIAGA
47