argia.eus
INPRIMATU
TU-K: "Musikaren onerako da konpetentzia, kalitatea dakar"
1989ko urriaren 08a
TU-K musika taldkoei elkarrizketa.

MAKETA-DUN TALDEAK EZ DITU INORK GELDI ERAZIKO (2)
TU-K: "Musikaren onerako da konpetentzia, kalitatea dakar"
Ondarruko kostalde atomikoan sortua, popero jaio eta bigarren maketan pop-rockerantz jo zuten nabarmenki. Udaran piloa jo duen taldea, plastikoa ateratzeko intentzioarekin eta larri bateria bila.
Tu-k taldeko gitarra, ahotsa eta erritmo kaxa erabiltzen duen Txominekin lotu gara Bilbon, eta taldearen estraineko saioak gogoratzen hasi zaigu:
"Josu baxua eta neuk sortu genuen 'Tu k', 87ko maiatzean jo genuen lehen kontzertua, eta urte bukaerarako lehen maketa grabatu genuen. Hor ikusi genuen jende gehiago behar genuela, gitarra, teklista eta bateria. Bernard eta Justo sartu ziren taldean, baina oraindik ez dugu bateriarik, eta behar dugu".
Pop-rockerantz
Lehenengo maketa honetan, kaskar samar grabatua, oso popero agertzen da Tu-k. Urtebete ondoren bigarrena grabatu zuten, "Beltza", kanta ilunago eta lasaiagoekin, geldiagoa baina gogorragoa, rock aldera. Beti esan izan omen diete Itoiz-en antza zutela,
"neure ahotsa antzekoa da, euskaraz popa kantatzen dugu, ondarrutarrak biok, kantatzeko era antzekoa zen baita ere; normala da hori gertatzea. Uste dut tinbreagaitik dela".
Hala ere urtebetean nahikotxo aldatu dute, eta oraindik kanta poperoren bat ere badute,
"askoz ere martxa gehiago sartzen dugu kanta berrietan".
Musika aldatu den neurrian, letrak ere aldatuz joan dira;
"lehenengo maketan urbanoak ziren, poetikoak, nahiko zailak ulertzen, piskabat galduak. Beltza-n zuzenagoak dira, badira urbanoak baina eguneroko gauzak gehiago sartzen ditugu, gertatzen zaizkigun moskeoak, amodioak...".
Oraindik ezer zehaztu gabe badago ere, disketxe ezberdinekin hitz egiten ari dira taldearen lehen diskoa grabatzeko negu aldera.
"Ez dugu maketa gehiagorik grabatu nahi. Ez dugu Lp-ean pentsatzen, baizik eta mini-Lp edota maxisinglean, ia osorik kanta berriz osatua, zaharretatik Beltza edo errekuperatuz. Besteak, poperoak, ez ditugu inon jotzen; orain distortziora jotzen dugu, martxa gehiagoz, eta bateria batekin hobe egongo da. Benetan, txo, prest dagoenak dei dezala 60.33.06 telefonora".
Udaran emanaldi ugari
Oraindik diskorik ez duen taldea izateko, harrigarria da udaran egin duten aktuazio piloa.
"Gehientsuen jo dugunak izan gara, asko jo duen pop-rock taldea izan da Tu-k. Puntako rockeroak kenduta, inor gutxik joko zuen guk haina: hogei kontzertu inguru, batez ere Gipuzkoa eta Bizkaian. Pozik egoteko modukoa dela uste dugu".
Beraien helburua honetara doala diote, zuzeneko aktuaziotara, baina ez dute ezer baztertzen:
"momentuan hiru projektu ditugu. Batetik, bateria lortzea, bestetik kontzertu zirkuitoan sartzea, zuzenean jotzea, eta azkenik, diskoa grabatzea. Hau zailtxoa izango da, baina lortuko dugu".
Zail samarra, disketxeek orain asko pentsatzen bait dute inor grabatu aurretik.
"Beraientzat garrantzitsuena dirua da. Lehen sartu eta grabatu izaten zen. Orain produktorea hartu eta talde batekin ipintzen dute; diskoak ondo produzituak eta ondo eginak izaten dira. Bostetik bat aukeratzen dute grabatzeko; zailago da, baina hobe, ze horrela konpetentzia haundiagoa bait dago, gerra gehiago, eta kalitate haundiagoa lortzen du jendeak. Hau musikaren onerako da".
XABIN MAKAZAGA
48


Gaiez\Kultura\Musika\Musika mode\Taldeak\TU-K
Egileez\MAKAZAGA2\Kultura