Arantxa Irastorza kazetariari elkarrizketa.
Arantxa Irastorza: "Normalkuntzarako egunkaria behar dugu"
Arantxa Irastortzak, Leioan kazetaritza ikasketak burutu zituenean, hasi berria zen Euskadi Irratiko oposizio batzu gainditu eta modu honetan sartu zen informazio munduan. Orain arte bezala, aurrera begira ere ikuskizun, antzerki, zineaz arituko da irratian.
ARGIA.– Zure eritziz zein paper jokatzen dute egungo informazio medioek Euskal Herrian?
Arantxa Irastortza.– Niretzat medioak gero eta gehiago ari dira lortzen, euskara entzutea gero eta normalagoa bilakatuz eta nabarmena bihurtuz. Baina jendearen aldetik oraindik, euskararen aurrean atzera egiteko joera dagoela pentsatzen dut, oztopo bilakatzen dute. Baina medioetan edozer gauza egin daiteke eta lorpenak eskuratu. Baina euskararen normalkuntza prozesurako, oraindik betiko arazo horrekin jarraitzen dugu, oraindik ez bait daukagu euskarazko egunkaria. Bidean dago baina ez da inoiz iristen eta horregatik ohitura horren falta nabaria gertatzen zaigu. Niretzat egunkari hori behar-beharrezkoa dugu.
A.–Egunkari hori egiterakoan zein erizpide jarraitu beharko lirateke?
A.I.– Egunkariak irekia izan beharko luke, denetara irekia baina ez nuke sartu nahiko ezkerrekoa ala eskuinekoa. Baina nire ustez irakurlegoa batik bat ezker aldekoa izango litzateke, jende gaztea eta ez behintzat beste aldekoa. Gainera nire eritziz egunakari hori irakurriko lukeen jende gehiena gaztea izango da eta hori oso kontutan hartu behar da.
A.–Bestalde euskal telebistaren balioa zein da gaur egun, nola dakusazu ETB?
A.I.–Bigarren telebista sortu denetik, euskarazko telebista dena bultza beharrean bestea ari dira potentziatzen. Diru piloa jartzen dute ETB-2n eta kanpoko jende ospetsu asko kontratatzen ari dira. Programazio ona ETB-1ean egin beharko litzateke. Nahiko desbideratua dagoela iruditzen zait.
A.–Orain telebistan aurrejarriko zaion konpetentziaren aurrean zer gerta daiteke?
A.I.–Konpetentzia hori ona da eta gure kasuan euskaraz egiten dugun bakarrak izanik, badakigu horregatik bide batzuk iada itxiak ditugula. Alde honetatik mugaturik gaude eta nahiz eta besteek aurrera jarraitu, guk konpetentzia horretan ez dugu sartzeko aukerarik ere izaten askotan. Gainera hizkuntzaren arazoa ere kontutan eduki behar da eta jakina da erderaz egingo bagenu askoz ere erakargarriagoa eta errezagoa egingo genukeela, baina gure kasuan hori ere zailtasun handi bat da.
A.–Euskal Herrian denok bat etorri arren hizkuntzaren arazoan, hainbat medio ezberdin egoteak zer adierazten du?
A.I.– Medio bakoitzean ideolojiaren arazoa nabaria da, bakoitzak bere bidea erakusten du. Egia esanda nik oso zaila ikusten dut euskal kazetaritza neutrorik egitea.
B. ARTOLA
61
GaiezKomunikabidIrratiaEuskadi irrEsatariak
PertsonaiazIRASTORZA1
EgileezARTOLA3Komunikabid