argia.eus
INPRIMATU
Kukubiltxok karriketako erraldoien animazio mundua estalpera egokituko
1989ko irailaren 24a
Kukubiltxo taldeari elkarrizketa

«UMEAK GARA, ETA ZER!» MUNTAIAREN ONDOREN NEGURAKO «ORREAGA» IZENEKO BERRIA IRAGARRI
Kukubiltxok karriketako erraldoien animazio mundua estalpera egokituko
Euskal herrietako kasik kale guztiak erraldoiez populatu dituen Kukubiltxo taldeak proiektu berri bati ekingo dio datorren neguan: «Orreaga» obrarekin garai hartako gatazkak joko bilakatuko ditu. Oraingoan beren ohizko kale antzerkia toki estalietara eramango dute.
Obra berri bat jokatzen aritu da Kulubiltxo taldea iragan den uda honetan: "Umeak gara, eta zer!" Honen prestaketa lanetan eta emanaldietan ihardun dute, aurretik egiten ari izan ziren kalejira alde batera utzi gabe. Emanaldi asko egin dute sasoi honetan, eta balantzea baikortzat jo dezaketela adierazi digute.
KUKUBILTXO.–Nabaritu dugu udal txikietan eta euskaldunetan gehiago deitu digutela eta badagola sentsibilitatea guk egiten ditugun muntaiak bezalakoak egiteko. Bestalde aurten Euskal Herritik kanpora ere mugitu gara, eta hori ere gauza berria da.
A.–Non izan zarete bada?
K.–Lehenengo ateraldia Sevillara egin genuen, bertan kalejira eta "Zokozorrimorria" egin genituelarik, eta euskaraz gainera. Egia esan, oso esperientzia aipagarria da, kondizioak denak kontrakoak bait ziren: eguerdiko ordu batetan, eguzkipean... baina ikuslegoak ederki aguantatu zuen. Ekitaldia bukatu ondoren protesta bakarra antolatzailearen aldetik izan genuen; tranpatxo bat egin genuela esan zigun, lana itzuli egingo genuela ziurtatu omen genion eta. Itzulpen bakarra aurkezlearen hitzak izan ziren, beste guztia euskaraz.
Hala ere, ikusleen aldetik, zorionak eta etorri zitzaizkigun: bazekitela Euskal Herrian bazegoela halako hizkuntza arraro bat eta bazutela entzuteko gogoa. Oso ongi egon zen.
Gero Katalunyan eta Valentzian ere egon gara zenbait ekitaldi ematen, eta azkena Gilonen. Leku guztietan nabaritu dugu espektatiba ona sortarazi dugula. Hemendik aurrera Euskal Herritik kanpoko zirkuitoa zabaldu egingo zaigula espero dugu.
Obra berriaren estreinaldiak ordea, diru zulo dexentekoa ekarri die, egun daukaten galera 5 milioi pezetatakora heltzen delarik. Uda ostean normalki diru kopurutxo bat aurreraturik eduki ohi dute negurako muntaia berri bat kaleratu ahal izateko, baina larrialdirik pasatu beharko dute aurtengoaren atarian.
A.–Dirulaguntzarik espero al duzue haatik?
K.–Gobernuaren partetik, oraindik ez dute dirulaguntzetarako txostenak aurkezteko epea zabaldu, eta ez dakigu zabalduko duten ala ez. Diputaziotik jaso dugun dirua 700.000 pzta izan da, nahiko mixeria. Egoera honetan dauzkagun galerak 5 milioitakoak direlarik, hori amortizatzeko ekitaldi piloa egin beharko dugu datozen urteetan. Horrek esan nahi du gure ekonomiak porrot egingo duela ez badugu beste nonbaitetik dirua lortzen.
Problema honen aurrean negua datorkigu. Hala eta guztiz ere negurako aurretik erabakita geneukan barne muntaiari ekingo diogu, ea bizirik jarraitzeko laguntzen digun. Gabonetarako estreinatuko dugu, leku itxietan egiteko modukoa: "Orreaga" izenako du, gatazka horren inguruan jolas eta bestelakoez moldatua. Espero dezagun aktuazioak eskatu eta ea horrekin gure ekonomia traketsa nola edo hala altxatzen dugun.
A.–Dena den, "Umeak gara eta zer!" udako estreinaldiak zar berrikuntza ekarri duela uste duzue?
K.–Aurretik geneukan "Zokozorrimorria" oso ezaguna zen leku guztietan, hiru urtez ibili bait gara berarekin. Berri honekin, umeen rolak, rol sexualak eta jarrerak aztertu ditugu. Gainera ipuin honetan ez gara oinarritu gaizto eta onaren paperean. Ipuinetan errezena hori izaten da: gaiztoa dago, ona dago, borroka dago eta onak irabazten du. Ipuin honetan ez dago halakorik; bost ume daude: Askodaki, Maripertxente, Mariberritsu, Pottolin eta Txulomari; pertsonaia bakoitzak bere nortasuna dauka, nahiko azpimarratua gainera, eta elkarren artean sortzen diren egoeretan oinarritzen dugu muntaia.
Apurtxo bat ume horien ikuspegitik nagusien munduko interpretazioa egiten dugu. Beti bezala, obraren bukaera jolas batez borobiltzen dugu eta alde ludikoa ere hortxe gordetzen da.
Berrikuntzen artean, baita ere, zuzendaritza lanean Kukubiltxo talde bereko aktore batek ihardun duela, aurrekoetan Ramon Bareuren laguntza baliatu izan bait dute.
A.–Josu Kamarak egin du azken honetan zuzendaritza lana
K.–Bai, aktore lanetik atera nahi izan dugu zuzendaritza lana betetzeko, nahiz eta talde barnekoa den neurrian lana nahiko kolektiboa izan dela aitortu behar dugun, entseguak amaitu eta gero denon artean komentatzen genituelako eta aportazioak alde guztietatik zetozelako. Alde horretatik nahiko esperientzia polita izan da eta uste dugu estreinatzeko orduan, problema tekniko batzu aparte, aktoreen aldetik egin dugun agerraldirik onena eta lasaiena izan dela.
A.–Kukubiltxo kalejiregatik da ezaguna, eta hala ere gero eta antzeslan gehiago egiten duzue.
K.–Kukubiltxoren imajina animazio munduari lotua ikusten da eta guk beste arloa ere landu nahi dugu.
A.–Zenbateraino da euskaraz aritzeak zirkuitoak mugatzen dituela?
K.–Kukubiltxo sortu zenetik euskara tresnatzat erabiltzea izan zen helburua eta horrekin jotake aritu gara. Lehen ere esan dugu Sevillan ere euskaraz aritu garela. Hala ere Euskal Herrian bertan esan digute erdaraz egiteko ekitaldirik, baina ez dugu inoiz egin, ezta egingo ere. Egon gara Oionen, Bianan eta Bilboko Ezkerraldean eta ikuslego nabiko erdaldunaren aurrean eta leku guztietan ikusi dute muntaia, eta baita ondo pasatu ere. Lortu duguna da, euskara, ume askorentzako asignatura baino ez dena, leku koloretsu eta jostagarri batetan jartzea, eta alde horretatik nahiko onartuak sentitzen gara. Aurten adibidez Araba aldetik ekitaldi piloa izan dugu; lehenengo izutu egiten dira euskaraz delako, baina gero berriro deitzeko prest agertzen zaizkigu. Oso pozik gaude daukagun zirkuitoarekin.
A.–Baina egun daukazuen zirkuitoa alda liteke arazo ekonomikoak gainean baldin badauzkazue...
K.–Ba, subentziorik ez badigute ematen derrigorrez gure katxeta, obraren prezioa igo egin beharko dugu, eta horrela herri txiki askotan eta eskoletan problema handiagoak izango dituzte gu kontratatzeko.
Iazkoan, subentzioak banatzeko orduan gu oraindik udako zirkuitoa egiten ari ginen eta eskatu genien epea luzatzeko, "Umeak gara, eta zer!" buruan geneukalako. Denbora behar genuen ordea projektua zehazteko eta txostena prestatzeko. Ez zuten eperik luzatu eta subentzioetatik kanpo geratu ginen. Gainera ez dakigu subentzio eperik zabalduko ote den aurten, iaz subentzioa lortu zuten taldeek bi urtetarako akordioa egin bait zuten gobernuarekin, eta hortaz aurten ez dakigu zer gerta litekeen.
Amorrua ematen du gobernuak euskararen alde hainbeste egiten duela esan ondoren, konturatzea gu ez gaituztela kontutan hartzen, kale antzerkia egiten dugunok batik bat. Ze guk esan bait dezakegu 120 ekitaldi dugula bataz beste urtean, denak euskaraz, bakoitzean 200 ikusle inguru egoten delarik. Arrakasta sozial hori ere kontutan hartu beharko litzateke baina ez da horrela. Baina tira, jarraitu egingo dugu.
P. IBAIBARRIAGA
48-49


GaiezKulturaAntzerkiaTaldeakKUKUBILTXO
GaiezKulturaEkitaldiakBesteak
EgileezIBAIBARRIA1Kultura