"Hilabeteetako bakardadea leunduko duen soldatarik ez dago‘’
1989ko irailaren 24a
Nikol Askarega artzainari elkarrizketa
NIKOL ASKAREGA
"Hilabeteetako bakardadea leunduko duen soldatarik ez dago''
Oso litekeena da Nikolas Karega, 'Moxo' baino euskal artzain zaharragorik izatea; ez asko hala ere. Boiseko euskal komunitatean errespetu handiko instituzio izatera iritsi den aulestiar honek ez du Ameriketaratu zenez geroztik, hirurogeita bederatzi urte badira, bere sorterria bisitatu. Eta, gogorra ematen badu ere, ez du Euskal Herriratzeko batere asmorik.
ARGIA.–Zer dela eta etorri zinen Ameriketara?
NIKOLAS KAREGA. - 1920ko Apirilaren 3an irten nintzen Bizkaiko Aulestia herriko Telleria baserritik. Han denontzako beste ez egoteak bultzatu ninduen honuntza. Oso garai txarra ezagutu genuen eta onena handik alde egitea zen.
A.–Ausardia ere behar da horretarako.
N.K.–Haundia behar da etorkizunik ez duen baserri batetan jarraitzeko. Ez nintzen, gainera, gure ingurutik atera zen bakarra. Nire aurretik etorritakoak ere baziren eta haiek bidalitako berrien arabera etorkizun polita aurki zitekeen hemen artzaintzan. Gazte dexente etorri ginen bateratsu, egoera antzekoa bait zen baserri gehienetan.
A.–Zein lanetan ibili zara?
N.K. - 1967tik erretiroa daukat, baina denetatik egin dut: artzain, rantxoetan lanean basoan, ur presen eraikuntzan, etxegintzan...
A.–Zein da denetan gogorrena?
N.K.–Artzantza dudarik gabe. Hilabeteetako bakardadea leunduko duen soldatarik ez dago. Ez da, bestalde, diru gehien ematen duen lanbidea. Presen eraikuntza tisikoki nekagarriagoa bada ere, soldata hobea du eta jendartean ari zara lanean.
A. - Zertan ari zara jubilatuz geroztik?
N.K. - "Hil artean bizi" dio esaera zaharrak, eta horixe bera egiten dut nik ere. Egunero joaten naiz Boisen dugun euskal etxera, eta beti badut berba norekin egin.
A. - Zergatik ez zara hirurogeita bederatzi urtetan Euskal Herrira itzuli?
N.K.–Aurreneko urtetan dirurik ez nuelako, eta orain hara joateko ilusio guztia galdu dudalako. Urte asko dira ez dudala familiarrekin harremanik izan, eta pentsatzekoa denez ez da Aulestian inor nere zai egongo. Azken urteotan etorritakoek badute hara bisitan joateko joerarik, baina ni gazte nintzela ez zegoen horrelakorik. Ez modurik. eta are gutxiago dirurik.
41