argia.eus
INPRIMATU
"Poztasunez ikusi genuen Gerra Haundiaren sorrera"
1989ko irailaren 17a
Marc Legasse historiagile eta idazleari elkarrizketa.

MARC LEGASSE
"Poztasunez ikusi genuen Gerra Haundiaren sorrera"
Marc Legasse, historiagile eta idazle, alemaniarrak Iparraldean sartu zireneko lekukoetarik bat izan zen. Oso hurbiletik bizi izan zituen beraz lau urtez iraun zuen okupatzaileen aurkako borroka. Bere hitzetan, Francoren aurkako guda galdua zelarik, berriro ere esperantza sortzaile bilakatu zen Gerra Haundia, betire irabaziz gero Euskadiren errealitatea aldatuko zelakoan.
ARGIA.–Nola ikusi zenuten Munduko II. Gerratearen sorrera?
MARC LEGASSE.–Nik bizi nuen giroa Hendaiakoa zen, finean bestaldeko euskal giroa. Eta galderari erantzunez, eta harrituko zaitu, poztasunez ikusi genuen gerra haundiaren sorrera, ze guretzat Espainiako gerraren amaierak –39an gertatu zena–, euskaldunon askatasun itxaropena itotzea suposatu zuen. Gauzak honela, jadanik mundu mailako gatazka antzematen zelarik, euskaldun nazionalistek pentsatzen genuen Hitler erortzen bazen Franco ere eror zitekeela berarekin.
A.–Non zinen zu sasoi hartan, zertan?
M.L.–Ni Hendaian bertan nengoen lehen esan bezala. Gogoratzen dut asko joaten ginela Hondarribira txalupaz, eta han marinelekin mintzatzen eta antzeman zitekeen aurrerago esan giro hura, larritasunezkoa hein haundi batean, baina, bestalde, gerra haundia irabazi zitekeelako esperantza ernaldua zen.
A.–Nola erreakzionatu zuten euskaldunek?
M.L.–Egundoko poztasunez eta tristura latz batez era berean, ze Frantziak ahal zuen guztia egin zuen ez sartzearren: Austria sakrifikatu zuen kasu, bestalde ikusten zuten ez zezaketela deusik egin Poloniaren alde... Frantzia oso gogo txarrez sartu zen gerra honetan, 'Berlin irabazi behar da' eta honelakorik batere sentitu gabe, ez, itxoiten pentsatzen Maginot lerroak babestuko zituela, petroleoa eta kenduz Alemania segituan galduko zelakoan.
Eta honela sartu ziren alemaniarrak hemen. Hori nazionalistontzat egundoko derrota izan zen, eta 39an piztutako esperantzat beste behin ere itotzen ikusi genituen 40an. Gogoan dut, garai hartan, Donibane Lohitzuneko barku askok hemen errefuxiaturiko hainbat eta haiabat euskaldun Ingalaterrara eraman zituztela. Beste zenbaitek, 37an bestaldetik etorriak, 300 gizonetako brigada bat osatu zuten, eta Irujok, Parisen exiliatua zen Eusko Gobernuko ordezkariak, harremanetan jarri zituen erresistentziarekin ikurrinaren atzean alemaniarren aurka borrokatzeko, baina protesta egin zuen enbaxadore espainiarrak esanez espainolak zirela eta azkenez eskatu zitzaion De Gaulleri bandera frantzesaren azpian hartzeko atzerritarren legioaren barne, eta hala izan zen, De Gaullek Irujori agindu ziolarik irabazteko eguna iristen zenean ikurrinaz eta brigada gisa onartuak izango zirela, gerora, 44an gertatu zen legez.
A.–Alemaniarrekin kolaboratu zuten euskaldunei buruz zer diozu?
M.L.–Bazen jende bat erabat desesperatuta zegoena zeintzuek esaten zuten alemaniarrek gerra irabazi zutela eta nola hala gaztainak sutatik atera behar zirela. Bazegoen alemaniarren artean jakintsu talde bat euskadunak arraza puru eta selektotzat jotzen zituena, euren arrazaren hobekuntzarako esperimenduen egiteko aproposak alegia, eta hortarik sortu ziren estraneko harremanak, eta nik dakidanez, Arabako diputatu izan zen Landaburuk gutun bat egin zuen Euskadin Alemania bat egiteko proposamenaz. Hor 6-7 pertsona inportante ibili ziren, Ajuriagerrak idatzi gutun ospetsu hartan hankak geratu zizkien arte. Halere batzuk jarraitu zuten, eta gerra bukaeran, gauza jakina den bezala, Goienetxe historiagilea espetxeratua izan zen hiru urtez kolaboratzailetzat hartuta. Halere esan behar da kontatu batzuk izan zirela eta ez zutela inongo eraginik ukan euskaldungoaren artean.
Halere, orain arte ez da honelakorik aitortu, ez dela deusik pasa esan da, orain hasi dira onartzen PNVtik, eta hori oso inportantea da, ze egon zen jende batengan intentzio bat alemaniarren eskutatik Euskadirentzat zerbait lortzeko –Eusko Gobernukoaren eritzia azkenez aurkakoa izan bazen ere– Asmo bat bazegoen Euskadi separatzeko jende batengan, eta horrek ez buru ez hankarik ez zuen, Francori alemaniarrekin tratu bat medio puska bat kendu?
MARTIN IRAZGOITI
24


GaiezGizarteaHistoriaII. Mundu g
GaiezGizarteaIdeologiakFaszismoa
PertsonaiazLEGASSE1
EgileezIRAZGOITI1Gizartea