Julian Beloki kazetariari elkarrizketa.
J. BELOKI, IRRATI ETA TELEBISTA ARTEAN JOAN-ETORRIAN
Julian Beloki, 11 urte euskal kazetaritzan dabilen irrati gizona da, baina uda honetan ETBn lanean aritu da, esperientzia berri bezala. Ikasketak burutzen ari zela, kolaboratzaile modura sartu zen irratian eta zenbait urte egin ondoren, 1982an Euskadi Irratia sortu zenean, bertan ihardun da zazpi urte luzez.
ARGIA.–Hainbat urte irratian eman eta gero, nolatan ETBn?
J.BELOKI.–Beno, noizbait frogatu behar zela eta, eskeini egin zidaten eta ez nintzen ukatu, esperientzia berriak izatea beti da aberatsgarria. 11 saio aurkezteko kontratua zen eta gehienak irratiko nire opor garaian tokatu zaizkit gainera.
A.–Ze ezberdintasun dago medio baten eta bestearen artean?
J.B.–Lana egiteko moduan ezberdintasuna nabaria da. Telebistan denbora laburreko gauza bat egiteko, denbora piloa behar da eta irratian alderantziz, gauza piloa egiteko ia ez dago denborarik. Horrez gain, ezberdintasun handiena, batean ahotsa bakarrik agertzen dela da eta bestean aldiz, ahotsa eta irudia. Nik ia ez nuen irudia azaltzeko esperientziarik eta aldaketa handia suertatu zait, nahiko mugatua aurkitu naiz.
A.–Baina nola moldatu haiz TBn, zer gustatzen zaik gehiago?
J.B.–Ni telebistara parakaidista baten antzera etorri naiz. Eta ez diat uste oso aterrizaje fina izan denik. Esperientzia hau bukatzen den bezain azkar, irratira bueltatuko naiz. Irratian jarraituko diat, hortan ez dago dudarik.
A.–Baina zer esan nahi du horrek, ez haizela gehiago TBra bueltatuko?
J.B.–Bueno ez. Gertatu dena da, ni orain aurkezle soil bat izan naizela eta ez nuela beste inolako ardurarik, nire erantzunkizuna oso laburra izan da. Egia esan nire esperientzia ez da oso ona izan eta bueltatzekotan beste modu batetara izan beharko litzateke. Neurri egokiago batean eta beste ardura batekin bueltatuko nintzateke.
A.–Baina ez da kezkagarria, irratikoak izatea ia denetan ETBra pasatzen direnak eta ez alderantziz?
J.B.–Normala da honelako pasoak egotea, oso hurbil bait daude bi medioak. Baina joaten den bezalaxe, etorri egin beharko litzateke, Joan-etorria izan beharko litzateke. Aukerak egotea ona da, baina joan eta etorri eta joan eta etorri egin beharko litzateke.
B. ARTOLA
61
GaiezKomunikabidTelebistaETBAurkezleak
GaiezKomunikabidIrratiaEuskadi irrEsatariak
PertsonaiazBELOKI2
EgileezARTOLA3Komunikabid