Federiko Etxabe txirrindulariari elkarrizketa.
Federiko Etxabe: "Urte askotan egin dut lan besteentzako"
Egunero onenen artean arituz laugarren postuan bukatu du Espainiako Txirrindulari Itzulia Federiko Etxabek. Ez da punta puntan ibili den lehenengo aldia, izan ere, azken Euskadiko Itzulian bigarren postua eskuratu baitzuen, Rochek ehuneko batzuren aldea baino atera ez ziolarik. "Ez zen justiziarik egin", dio kartesubitarrak egun haiek gagoratzean. Hogei urte baino ez zituela txirrindularitza profesionalari lotu zitzaionetik makina bat karrera irabazi du, eta urtetik urtera bere izena ezagunagoa da nazioarteko tropelean. Orain, 29 urte betetzera doanean, Itzuli handiren bat irabaztea du helburu –"Espainiakoa edo, behintzat, Euskadikoa"-, Tour-a irabaztea ametsa duelarik.
GALDERA: Profesional bezala oso gazte hasi zinen, 20 urte zenituela. Ez al zinen azkarregi pasa profesionaletara?
ERANTZUNA: Bai, nahiko arin izan zen, afizionatuetan urte bi eginda bakarrik. Batzuk esaten dute lar arinegi pasa nintzela baina pentsatzen dut asmatu egin nuela, denborak erakutsi du on egin didala.
GALDERA: BHn aurretik Tekan egon zinen. Non gustorago?
ERANTZUNA: Ez noa ekipoak konparatzera. Ni Tekan ondo egon nintzen, BHn ondo nago, biak dira ekipo onak.
GALDERA: Taldea ala txirrindularia, zer da inportanteagoa?
ERANTZUNA: Ekipoa da inportanteena, ze ekipoak ez badizu laguntzen gaur egunean oso gatza da ezer egitea, baina beno, lehenengo norberak balio behar du apur bat eta gero ekipoaren laguntza dago.
GALDERA: Urte guzti hauetan besteentzat egin duzu lan. Noiz hasiko dira zuretzat lan egiten?
ERANTZUNA: Urte askotan egin dut lan besteentzako, eta karrera batzutan egin dute niretzat lan. Niretzat lana egin dutenean batzutan ez dut irabazi, eta beste batzutan ez dut horrenbesteko laguntzarik izan.
GALDERA: Heldu al da lider izateko garaia?
ERANTZUNA: Orainarte ez naiz ekipoko lider, ekipoan korredore bat gehiago naiz, eta neu ondo nagoenean neuri laguntzen didate, eta neu ez nagoenean hain ondo beste bati lagundu behar zaio.
GALDERA: Baina ekipo berean Pino, Fuerte eta Cubino egoteak ez da oztopoa?
ERANTZUNA: Bai, zeren nire ekipoan hiru horiek ez balira egongo hobeto kontsideratuta epongo nintzateke eta niretzat behar gehiago egingo lukete. Hiru horiek oso korredore onak dira eta normala da eurentzako ere lan egitea.
GALDERA: Ekipoz aldatzeko garaia heldu al da?
ERANTZUNA: Kontratua Urriaren 31 arte daukat eta pentsatuko dut. Ondo ibiliez gero ekipoak beti egoten dira baina ez noa ezer esatera, neuk ere ez dakit eta zer egingo dudan.
GALDERA: Korritzeko moduan aldatu duzu aurtengo denboraldian. Lehen etapak irabaztera joaten zinen, sprintetan ere partehartuz, eta orain mendateak ondo igo eta sailkapen nagusirako aritu zara.
ERANTZUNA: Bai, lehenengo urteetan oraingo aldean gutxi igoten nuen, eta orain mejora egin dut asko eta sprintetan apurtxo bat galdu egin dut belozidadea.
GALDERA: Nola lortu duzu orain hain ondo igotzea?
ERANTZUNA: Esperientzia da gauza bat, eta gero, entrenamendua lehengo aldean oso diferente egin dut, lehen gutxiago eta modu diferentean egiten nuen. Lehen gehiago pisatzen nuen, apur bat argaldu naiz, eta horrek ere eragiten du aldatzak igotzerakoan.
GALDERA: Euskadiko Itzulian bigarren atera zinen ehuneko batzugatik. Zorte txarra...
ERANTZUNA: Beno zorte txarra...bai eduki nuen baina 'que haya suerte y tambien justicia' esaten dut ze pentsatzen dut hor ez zela egon justiziarik, kronometradoreek gura dutena esango dute, baina nik ondo klaru daukat nire fabore ez zirela joan. Fede Etxabe izan beharrean beste korredore bat izango banintz igual nik irabaziko nuke. Atzo bideoa ikusten egon nintzen eta ez daukat batere klaru, gura dutena esango dute eta palmaresean bestea egongo da, baina ni ez naute konbentzituko.
GALDERA: Antolatzaileek nahiago al zuten orduan prestigioko txirrindulari batek irabaztea?
ERANTZUNA: Lehen esan dizudan moduan antolatzaileek beti gura izaten dute korredoreren batek irabaztea, prestigiokoak irabaztea nahi izaten dute, seguru hori. Eduki nuen buruan Rochek irabaztea gura zutela eta esan nien bai Gabino masajistari bai Minguezi, kontrarreloja hasi baino lehen, 'hemen karreran zeozer pasatuko da ze hauek Rochek irabaztea gura dute eta abar'. Eta begira, efektibamente, egon zen polemika eta Rocheren fabore egin zuten. Gauza legez egin izan balute, ni izango nintzatekeen irabazlea. Haren fabore joan ziren, deskarado!
GALDERA: Espainiako itzulian errebelazioa izan zara. Inork ez zuen espero sailkapen nagusian zu hain goian ikustea.
ERANTZUNA: Errebelazioa... Errebelazio bezala neu baino gehiago izan da Murgialdai. Jendea apur bat harritu egin dut baina ni neu ez naiz harritzen. Apurtxo bat bai etapa batzutan baina bestela ez. Neurea errebelazioa baino gehiago progresioa izan da.
GALDERA: Zer falta izan zaizu gorago egoteko?
ERANTZUNA: Etapa bat irabaztea gura nuen, eta gero, irabazi ez nuenez, podium-a mantentzea, baina azkenaurreko etapan oso txarto pasa nuen eta podium-a galdu nuen. Ez naiz geratu konforme gero.
GALDERA: Hitzegin izan da Pajaresko mendatean Pinok ez zintuela itxoin, tira egin zuela gainera eta hor denbora asko galdu zenuela...
ERANTZUNA: Hori diote... Lastima ze ez zen ikusi zer pasa zen aurrean lainoa zegoelako. Ez dakit nik, tiratu bazuen txarto egin zuen baina ikusi ez dudanez, ezin dut ezer esan.
GALDERA: Hitzegin al duzu Pinorekin?
ERANTZUNA: Bai bai, berak ezetz esan zidan, normala da. Tiratu balu ere ezetz esango zukeen, baina beno... ez dakit, esan didate telebistan ikusi egin zela tiratzen baina...
ERANTZUNA: Noski, beti igoten du morala, ze ikurriñagaz dagoen jendea ezagunak dira normalki, Euskal Herrikoak izaten dira behintzat, animo horiek beti faborerako izaten dira. Eta Tour-ean ikusiez gero gainera oraindino moral gehiago ematen dute. Harrigarria izaten da Pirineotan zenbat euskaldun izaten den, frantsesak baino gehiago.
GALDERA: 'Vuelta'n espainiarrak espainiarrei laguntzen omen diote, Tour-ean frantsesek frantsesei... eta euskaldunok, ematen al diozue laguntza elkarri?
ERANTZUNA: Keba, hori ez da horrela gertatzen. Normalki bakoitzak bere ekipoa dauka eta bakoitzak bere ekipoa defendatu behar du. Hor, nazionalismoak ez du kontatzen.
GALDERA: Haserre asko izaten al da tropelean zoaztenean txirrindularien artean?
ERANTZUNA: Bai bai, egoten dira batzutan lio batzuk, baina normalki ez. Egoten direnak oso desagradableak izaten dira.
GALDERA: Bizi izan al dituzu zuk halakoak?
ERANTZUNA: Bai, horrenbeste urtetan eduki ditut batzuk bai. Esate baterako, Tour-ean urte batean, bagindoazen abanikoan eta niri lekua kentzeko bira zakar bat egin zuen batek; atzetik joan eta nire aurrean para zenez, hartu nuen botila urez beteta eta lepoan jo nuen botilagaz indar guztiaz. Horrelakoak pasatzen dira... normala da, momentu horietan tentsioan zaudenean hori egiten dizunean batek daukazunagaz edozer egiten duzu.
GALDERA: Tentsio hori, hala ere, azkenengo kilometrotan bakarrik jasango duzue ezta?
ERANTZUNA: Bai, bukaeran izaten da baina abanikoak daudenean problemak irteeratik izaten dira, ze haizeak ezkerretik jotzen badu korredore guztiek gura izaten dute eskubiko partean babestuta joatea, eta oso gatza da. Zilkismoko momenturik txarrenak eta desagradableenak horrexek izaten dira, ze zeure laguna izan arren ezin duzu barkatu, ze uzten badiozu horri, zeure lekua galtzen duzu eta azken jartzen zara.
GALDERA: Zein da zure lagunik onena tropelean?
ERANTZUNA: Bastante ondo konpontzen naiz Marinogaz, eta gero beste batzuk ere badauzkat. Nire ekipoan, Murgialdai... Bizkaiko korredore guztiak dira nire lagunak, gehienak.
GALDERA: Delgadok Ivanov-i bere laguntzaren truke dirua eman ziola esan dute komunikabide batzuk... Halako asko gertatzen al da?
ERANTZUNA: Perikoarena ez dakit egia izango den, ez dut ikusi ezer, izan daiteke egia baina apurtxo bat esajera egin dutela pentsatzen dut. Klaro egongo direna halakoak, kirol guztietan egiten da hori eta ziklismoan ere egongo da.
GALDERA: Inoiz eskeini al dizue dirua taldekoa ez den norbait laguntzeko edo?
ERANTZUNA: Inoiz bai, inoiz esan didate Tour-ean, esate baterako, laguntzeko korredore bati eta dirua pagatuko zidatela, baina nik ezin dut lagundu nire ekipoa dudalako.
GALDERA: Nor laguntzeko eskeini zizuten dirua?
ERANTZUNA: Gauza hauek ezin dira esan.
GALDERA: Dopina da beste arazo bat. Aurten Farfan-i tokatu zaio positibo ematea...
ERANTZUNA: Farfan-i tokatu zaio baina uste dut ezezagutzagatik izan dela, berak uste zuela produktu horrek ez duela positibo ematen. Anabolizantegaz-edo emanez gero kastigatzekoa da baina horregaz positiboa ematea... estimulantea da baina ez da hain fuertea. Ignorantziagatik izan dela pentsatzen dut. Dena dela, edozein momentutan gaude positibo emateko arriskuan, hori klaru geratu dadila; gauean katarroa hartu eta edozer hartuta eman dezake positibo. Eta anfetamina edo anabolizante hartuta bezalako kastigua dago edozein estimulante hartuta ere.
GALDERA: Ziklistek hartzen al dituzte anabolizanteak?
ERANTZUNA:Ez dut uste ze karrera guztietan kontrola dago. Baten batek igual arriskatuko du baina...
GALDERA: Asko laguntzen al du anabolizanteak?
ERANTZUNA: Ez dakit, ez dut frogatu(farreak).
GALDERA: Publizitateak eusten du, ekonomia aldetik, ziklismoa. Ez al zarete sentitzen pixka bat 'anuntzio-gizonak'?
ERANTZUNA: Beste asko ere hala ibiltzen dira eta gu ere igual. 'Tablero de anuncios' izatea lez da. Hori da pagaten duena, ostantzean ez dago zer eginik.
GALDERA: Oraingo txirrindulariek lehengoak baino dexente gehiago irabazten duzue ezta?
ERANTZUNA: Lehengorik ez datit, baina ni profesional nagoenetik hona progresio iraunkorra izan da, igoten. Oraintxe ziklismoan maila nahiko baju dago, ze korredore batzuk ondo irabazten dugu, ni ez naiz kexatzen neureaz, baina konprenitzen dut beste batzuk oso gutxi irabazten dutela. Badago maila bat altuegia, eta bestea bajua, hau da, erdiko maila falta da.
GALDERA: Gero Tour-a dator. Zer egingo duzu Frantzian?
ERANTZUNA: Ez dakit neuk ere. Ea zortea dudan eta nire helburua etaparen bat irabaztea izango da, eta jenerala, ondo banabil, disputatuko dut.
GALDERA: Noraino helduko da Etxabe datozen urteetan?
ERANTZUNA: Ea beste urte batean zortea badaukat eta Espainiako Itzulia edo irabazten dudan, edo behintzat Euskadiko Itzulia. Beste urte pare batean gorantz joan naitekeela pentsatzen dut.
GALDERA: Eta ametsa?
ERANTZUNA: Munduko txapelketa, Tour-a... denak dira onak. Onena Tour-a.
I.MURUA
38-41
GaiezKirolaTxirrindula
PertsonaiazETXABE2
EgileezMURUA2Kirola