Villaverde de Trucios-ko alkatea den Piedad Gonzálezi elkarrizketa.
Piedad González, alkatea:
"Bizkaiarekiko dependentzia dugu"
Argia.–Noiz hasi zen polemika?
Piedad González–Aspaldidanik baina ofizialki 1986ko Irailean. Bizkaian integratzeko tramite legalak egiten hastea erabaki genuen Udaletxean, zazpi zinegotzitatik seik alde bozkatu genuelarik. Baina horretan jarri ginenean Kantabriatik oztopo ugari ipini zituzten. Aberriaren bandera atera, bere lurren zatirik ez genuela eramango... Behiak eramateko baina larrea uzteko esan ziguten.
A.–Beti egon al da Kantabrian Villaverde?
P.G.–Beno, Espainia probintziatan banatu zenetik bai, aurretik ordea, Bizkaiko jauntxoena izan zen Diego de Velascok erosi zuen arte.
A.–Zerk oztopatzen du erreferenduma?
P.G.–Madrilek Kantabriaren eskuetan uzten du erabakia, eta Kantabriak, noski, beto osoa ezartzen du. Kantabriako indar politiko guztiak kontra ditugu, sozialistak barne, eta Euskal Komunitateko sozialistak ez dute jarrera argirik azaldu.
A.–Zergatik nahi duzue Euskal Komunitate Autonomoan integratu?
P.G.–Naturala delako. Hezkuntz arloan, osasun arloan, komertzialean, kulturalean, sozialean eta baita konomikoaren ere Bizkaiarekiko dendentzia dugu. Zergatik? Bada, Bizkaia barruan gaudelako, Bizkaiaz inguraturik, eta orduan bizkaitarrekin ditugu harremanak. Instituzio bizkaitarrak hurbilago daude gauza guztietarako.
A.–Zer suposatzen du zuentzat Kantabrian egoteak?
P.G.–Desabantailak. Ekonomikoki Bizkaiak gehiago laguntzen ditu herriak, beharbada diru gehiago duelako, ez dakit. Villaverde konkretuki orainarte zeharo ahaztua izan da Kantabriaren aldetik. Ez zire akordatu ere egiten gure herria existitzen zuenik, mapan agertu ere ez zen egiten.
X. MAKAZAGA, I. MURUA
21