J.M. Lazkano: "Ez daukat euskal ezaugarririk, ez hemengo belaunaldiarekin erlazio linealik"
1989ko apirilaren 30
Jesus Mari Lazkano margolariari elkarrizketa
AZKEN ALDIKO OBRA ETA ERAKUSKETETAZ MINTZO ZAIGU
J.M. Lazkano: "Ez daukat euskal ezaugarririk, ez hemengo belaunaldiarekin erlazio linealik"
Jesus Mari Lazkano, 1960. urtean Bergaran jaioa, euskalduna, arte ederretako irakaslea eta hemengo gazte margolari ezaguna dugu. Nahiz eta oso trazo zehatza egin bere buruak arintasuna eskatzen omen dio pintaketa orduan.
Madriletik etorri berria da, eta hango erakusketa ondotxo pasatu zela aipatu digu, jendeak ez zituela halako kuadroak espero: "romantizismoaren barruan paisaiak egin ditudanez, oraingoetan argazkiak sartu ditut eta burdinezko markoek inportantzia daukate".
ARGIA.–Zergatik martxo berezi hauek?
LAZKANO.–Orain arte kuadroak markoak muga izan dira eta irudiaren parte izan dadila nahi dut. Irudiarekin erlazio abstrakto errealista, marko eta kuadroa. Marko hori bitarteko bat da irudi desberdina eroateko. Adibidez, markoek irudi ezberdinak sartzea posible egiten dute.
A.–Nolako harrera jasotzen dute hemengo margolariek?
L.–Kanpotik ikusita pintorek suerte txarra izan dugu. Eskultura oso ontzat hartua da, baina holako margolariak ere badaude. Margolariek kanpora urteteko beste arazo bat daukate. Alde horretatik suertea izan dut. Kanpoan oso ondo ibiltzen naiz, oso ezaguna naiz. Eskultoreen belaunaldi berberakoa izateaz gain beraiekin urten naiz.
A.–Hemengo margolariekin harremanik baduzu?
L.–Nire lana oso pertsonala da, hemengo pintoreekin ez daukat harremanik. Euskal karakteristikarik ez daukadala uste dut eta hemengo belaunaldiarekin ez daukat erlazio lineala. Gainera oraingo egoeran bakoitzak bere istorioa darama, hasierako taldeetan izan zitekeen baina orain bakoitzak berea dauka.
A.–Jendearengan zure kuadroek itzelezko arrakasta daukate.
L.–Kasualitatea da. Nire lana oso errekonoziblea da, zer dagoen pintatuta ezagutzen du jendeak. Baina egia da jendea azalean geratzen dela, eta hori arazoa da. Dena den, Euskadin barruraino sartzen den jendea badago: ez dizkizute zergatiak galdetzen.
A.–Badirudi bere burua modernotzat hartzen dutenentzat ez zarela batere modernoa, guztiz atzerakoia baino.
L.–Kanpoko modernoekin oso ondo nabil, ondo ulertzen dute nire lana, bestela ezina izango litzateke kanpora joatea, kanpoko koletibetan egotea, kanpoan erakusketak egitea. Gainera errealista izateak ez du esan nahi aintzinean nagoela, bakarrik gauzak kontatzeko beste modu bat da.
A.–Ingurunea aldatu da zure lan berrietan.
L.–Lehenengo kuadroak nire euskal bizimoduarekin irten ziren, hemengo paisaiak eragiten ninduen, eta orain New York-ekoak urteten dira.
A.–Teknika ala edukia nagusitzen da?
L.–Nik pentsatzen dut biak batera eroan daitezkeela, ez da ezer egiten teknikarekin zerbait kontatzeko ez baduzu, eta aldrebes. Nola kontatu ikasi behar da. Teknika bakoitzaren istorioarekin doa. Nik akrilikoa erabiltzen dut, akrilika oso bizkor sikatzen da. Hori oleoz ere egin daiteke baina astiroagoa. Baina burua arin doa, eta akrilikoa ere bai, ez dut denbora galtzen. Buruan ideiak denbora askoan edukitzea txarra da, irteera eman behar zaie. Gero, noski, pentsatutako kuadroa aldatzen doa pintaketa orduan: batzutan aldaketa handia da, txikia bestetan. Kuadroaren azpitik kuadro mordoa dago.
TXUS MELENDEZ
"Buruan ideiak denbora askoan edukitzea txarra da; irteera eman behar zaie".
51