argia.eus
INPRIMATU
"Ikusleak drogazaleak dira eta publizitatea trafikatzailea".
1989ko apirilaren 30
Alvaro Gurrrea, UPVko irakasleari elkarrizketa

Alvaro Gurrea, UPVko irakasle:
"Ikusleak drogazaleak dira eta publizitatea trafikatzailea".
Gaur egun publizitate ugari egiten da, honek bazter guztiak ito beharrean dauzka, baina, nolako publizitatea egiten da? Galdera horri erantzun nahiean Alvaro Gurrearengana jo dugu. Aspalditik bizi da Alvaro publizitatearen munduan sartuta, eta besteak beste publizitate sailean kreatibitate irakaslea da EHUan.
ARGIA: Nolakoa da oro har gaur egiten den publizitatea?
ALVARO GURREA: Publizitate ikaragarri egiten da eta oso ondo gainera. Oso zaila gertatzen da gauza berriak asmatzea, izugarri hobetu bait da publizitatea egiteko modua.
Hala ere formari, itxurari, begiratzen zaio batipat. Horregatik esan dut 'ondo' egiten dela publizitatea, eta ez publizitate 'ona' egiten dela. Egungo publizitatea formalistegia da agian, hutsegia. Fideltasun txikia dio marketing-ari, autonomia handiegia hartu du. Badirudi marketing-a alde batera utzi eta kitto. Publizitateak ez duela ezer esan behar, polita izatea nahikoa duela, eta hori gezurra da. Esateko zerbait behar da, horregatik ezin da publizitatea ona izan zer esanik ez badu.
Dena den anuntzioa ikuslea da, eta norberak egiten du anuntzio ona. Niri anuntzio batek zerbait esaten badit hori ona da niretzat.
A.: Nola ikusten duzu publizitatea eta gizakiaren arteko harremana?
A.G.: Oso joera zabala dago eta erratua, alde batetik publizitatea eta bestetik kontsumitzaileak ikustekoa. Anuntzioak gure ispilu dira eta guk geure burua ikusten dugu anuntzioetan, bestela ez lirateke efikazak izango. Anuntzioak ikusle bat dagoelako existitzen dira.
A.: Soberano-ren 'Es cosa de hombres' bezalako anuntzinak onak direla esan ohi da...
A.G.: Noski ona dena, hala izan da behinik behin orain arte, orain jeitsi egin bait da bere eragina. Jendeak hori entzun nahi zuen eta Soberanok horixe eman zion, gu drogazaleak gara eta publizitatea trafikatzailea.
Soberano-k ez du hori sortu, horrela jende ugarik pentsatzen du eta jende horri erantzutea besterik ez da egiten, publizitaetak ezin du mitorik sortu. Publizitateak dagoena isladatu besterik ez du egiten, lehen aipatu dudan ispiluaren kontua da hau; herri bat, kultura bat, nolakoa den jakiteko bere publizitatea begiratu besterik ez dago.
A.: Nola ulertzen da publizitatean emakumearen erabilpena?
A.G.: Publizitateak ez du ideologiarik, matxistak geu gara, ez publizitatea. Dena den gaur egun formalki behintzat asko jeitsi da publizitatean egiten den emakumearen erabilpen matxista. Kontrako joera ere hasi da agertzen, emakumeak beste paper batzu betetzen ere ikus daitezke. Halaz guztiz zaila da oraindik emakumea anuntzioaren protagonista izatea gizarteak ez duelako onartzen, eta publizitatea gizartearen atzetik doalako. Gizartean egoera normaltzen doan neurrian halaxe gertatuko da publizitatean. Horregatik egunotan ikusten dugu feminista kontsidera daitekeen anuntzioa, Camp-ek egin duena hain zuzen; ideia hori, feminismoarena gizartean gero eta onartuago dagoelako.
44


Gaiez\Gizartea\Irakaskuntz\Unibertsita\EHU\Irakasleak\Besteak
Gaiez\Komunikabid\Publizitate
Pertsonaiaz\GURREA2