argia.eus
INPRIMATU
"PSOEk ETA solaskide egokitzat jotzen du"
Xabier Letona Biteri @xletona 1989ko martxoaren 19a
Jon Idigorasi elkarrizketa.

Jon Idigoras, Mahai Nazionalekoa
"PSOEk ETA solaskide egokitzat jotzen du"
ARGIA.–Zer dela-ta luzatu zuen otsailean ETAk treguarako deia?
Jon Idigoras.– Iazko urtarrilean eta urrian ere planteatu zuen ETAk tregua baten beharra, baina orduan, Gobernuak ez zuen kasurik egin, ETArekin inolaz ere ez zitekeela dialogatu zioen... eta horra hor PSOEren beste analisia faltsu bat, ETA ez bait da organizazio terrorista baten eskematan sartzen, armen bidez presupuesto eta programa politiko batzuk defendatzen dituen organizazio politiko militarra da. ETAk, etengabeki ukatu izan zaigun autogobernurako eskubidea, espresio eskubidea, manifestazio eskubidea etorkizuna bere esku hartu nahi duen herri baten autogobernua, independentzia... defendatzen ditu. Gobernuak, bestalde, espero du ETA polizialki bentzitzea, ederki badaki ere ezinezkoa dena...
Zergatik treguarako deia orain? Nik uste dut ETA herriaren aurrean kreditu bat duela, arrazoizko programa politikoak defendatzen dituela... argi dago militarki ezin dela espainiar ejerzitua bentzitu, eta hau honela, ETAk politikoki nagusitu nahi du, moralki, politikoki arrazoi duela demostratu. Hau honela, Gobernuak tregua bilaterala onartu du ETA solaskide egokitzat jotzen du beraz, bere garaia iristen denean negoziatzeko. Negoziazioa ez dela epe motzera egingo? Badakigu... Prozesua oso gogorra izango dela eta bere gorabeherak izango dituela? Badakigu... ez dela erraza izango, baina urrats bat eman da, eta benetan PSOEk demostratzen badu borondate bat aurrerago egiteko, tregua zabalago bat eman daiteke.
A.–Asko esan da tregua Paktu Instituzionala itzaltzeko asmatu dela.
J.I.– Bestela dira gauzak: Paktuak PNV, EA, PSOE, EE, CDS eta PPren urduritasuna erakusten du, Gobernua eta ETA negoziatzera eser daitezkeela ikusita azaltzen duten urduritasuna. Azken 10 urteotako partiduon gestioa, Konsituzioaren, Estatutuaren aldeko gestioa bertan behera erortzen da azken batean... ETA eta Gobernuak proiektu politiko eta marko politiko-juridiko zabalago batetan hitzegiten jartzen diren momentutik arrazoirik gabe uzten dute partidu hauen lana, eta honen aurrean beren erreakzioa izan da manifestaldi bat antolatzea.
A.–Nola ikusten duzu EAren papera guzti honen erdian?
J.I.–Prozesu honetan badago orkesta zuzendari bat, PSOE, zeinak lortu duen Euskadiko partidu politikoak bere presupuestu politikoak defendatzen jar daitezen: PNV lehendik ere PSOErekin hitzarmendutako Paktua dela medio, EEk argi utzi du espainolak direnak, PP eta CDS zer esanik ez; Arazoa EArekin sortzen da, ze heurek diote autodeterminazioaren alde daudela, konstituzioaren aurka azaltzen dira, baina gero, PSOEk deitzen dituenean han dira! EA partidu ahula baita, norabiderik gabea, nortasunik gabea. BBVtik kreditua kenduko diotela-ta deitzen dutenean Ajuria Enekoen alde jartzen da... ez dauzka eskuak libre.
A.–Aljeren aurrepausurik ematen ari al da?
J.I.–Hitzarmendutako 9 puntu horietan finkatuta esan daiteke erritmoak betetzen ari direla, 26a bitartekoa betetzen ari dela. Zer gertatuko den 26tik aurrera? PSOEk ez badu aurrera egiteko intentziorik erakusten bere horretan puskatu da. PSOEk tregua luzatzea nahi badu izango du aukerarik. Inkognita gaur eta orain PSOEren esku dago.
A.–Nola ikusten da HBtik PSOE egiten ari dena?
J.I.– Denbora irabazten ari da: 9 puntu horietatik aurrera joateko asmorik eza, mahaia blokeatzeko duen asmoa... 18 manifa bide horretatik doa, ETAk tregua luzatu dezan PSOEk aurrerapausurik eman gabe; borondate politiko txarra erakusten du beraz, eta badaki nola edo hala bideratu beharko duela bere politika ze 26an aurrera tregua bukatzen bada borroka armatuak jarraituko bait du aurrera.
X. LETONA
16, 17


GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakHB
PertsonaiazIDIGORAS1
EgileezLETONA1Politika