argia.eus
INPRIMATU
Guillaume Irigoien: "Arazo bat badelarik, oinarri komiko gainean kantatzen diagu"
1989ko martxoaren 12a
Guillaume Irigoieni elkarrizketa.

"ZIMINOA GIZONDU?" DISKOA KALERATU IRIGOIEN ANAIEK
Guillaume Irigoien: "Arazo bat badelarik, oinarri komiko gainean kantatzen diagu"
Lehendik ere ezaguna genuen Guillaume "Hiruak bat" antzerki taldearekin, bai eta bere anaia Frantxuarekin Kantu Txapelketan abesten. Irigoiendarrek Elkar diskaetxearekin argitara eman duten diskoa dela eta, kantagintzari buruz solastatzeko aukera profitatu dugu.
Disko bat egiteko proposamena lehendabiziko Kantu Txapelketatik jaso zuten Irigoien anaiek,
"baina nola artean ez genuen aski materialik, bigarren Kantu Txapelketatik landa bultzatu gaituk honen egitera".
Betidanik aritu izan dira kantuan Frantxua eta Guillaume,
"etxeko lanetik ihes egiteko, lagun artean, tabernetan; larunbatetan eta ateratzen ginelarik, ostatura joan, bi pinta arno eskatu eta kantuz ari izan gaituk".
Garazi Kantuz izeneko kantaldietan ekingo zioten serioskiago laupabost alditan, geroko kantu txapleketetan bi aldiz txapeldun geratuz.
"Kantu Txaspelketak untsa erakutsi dik badela publiko bat kantari nahiz kantu gose dagoena, eta nahi baduk oraingo kantariek ez dutena betetzen. Horretarako dituk gu bezalako batzuk, eta beste asko ere badituk: amateurrak, beti amateurrak geratuko girela pentsatuz. Nik ez diat ikusten ene anaia bere lana uzten eta kantuari baizik dedikatzen. Martikorena batek ez dik sekula utzi bere baserria".
Umoretsu eta zirika: "Ziminoa gizondu?"
Elkar argitaldariarekin kaleratutako diskoak hamar kantu biltzen ditu, Irigoien anaien hitzez batzu besteak herrikoiak, musikaren konposaketan Larrieu eta Erramouspe lagunen lanaz, eta diskoan Altzugaray, Etcheberry, Berterretche, Erguy, Niko Etxart, Zetoain eta Landabururen kolaborazioz.
"Gure egitea ez da profesional kalitatekoa helburu. Kantu moduari dagokionez, mezuari dagokionez, nahi ala ez ukanen dik gure bizimoduaren eragina. Kantuak ez dizkiagu arrakasta komertzial baten ukaiteko eginen. Nahiz eta entzulegoagan arrakasta izan duen 'Ziminoa gizondu?' bezalako batek".
Gai politiko bataipatzen duena, modu irringarriz.
"Gure posizionea duk arazo bat badagoelarik, hartzea oinarri komiko baten gainean, eta horrela uste diat argumentu berez berri batzu ateratzen ahal direla. Zerbait pasatzen delarik, eskual kantagintza moduan beti serioski, eskuara berezi batean eta egin nahi izan duk, kantagintza 'klasikoa' edo esango genukeena. Guk hori piska bat hausten diagu: gure eskualkia baliatuz lehenik –irri eginarazteko behar duk lekuko jendearen hizkuntza baliatu–".
Kantuak istorio argumentalez aurkezten dizkigute, zuzeneko kantaldietarako parodiarako parada eskaintzen dutela.
"Gure irri egiteko erreferentziak frantsesak ditugu, bainan ere eskual bertsolariengan xekatuz. Bertsulariek gai irringarriak aipatu dituzte, erabili diate gai zirikatzaile bat. Ez duk hori galdua, eta horretan bada loturarik Hegoalde eta Ifarraldearen artean".
Euskal Herrian ironiari buruzko kanturako ohiturarik badela erakusteko, gogoratu nahi izan zizkigun baita ere trikitilariak, baina bereziki Nafarroako jota heretikoak.
"Jotaren funtzioa zen poderearen aurkako zerbaiten egitea, doinuz eta bertsoz ahoz aho pasatzen zirela".
Bestetik ere, Georges Brassens, Coluche, Font et Val eta beste aipatzen zizkigun frantses chansonier tankerako kantagintza umore zirikagarriaren errefentzia gisan.
" 'Chansonier' direlakoek egiten dutena duk: zerbait gertatzen duk aktualitatean eta segidan ateratzen diagu kantu bat gai hori tratatzen duen modu ironikoan. Egiten diagu herri ttiki batetara gonbitatuak garelarik, aurretetik galdetzen dizkiagu ze berri dabilen herri horretan eta gero bertsu batzu egiten autoan goazen bitartean: laborantzako bozkak, auzoetako kontuak, herrietako bozkak..., momentuan ateratzen ditugunak eta ondoren baztertuak geratzen direnak".
Irigoien anaiak ezagutzen ez dituzten hegoaldetarrek aukera badute datozen asteotako Astigarraga eta Oiartzungo kantaldietan ilunabarra algaratan igarotzeko.
GORKA ARRESE AGIÑA
49


GaiezKulturaMusikaMusika tradKantuak
GaiezKulturaMusikaArgitalpenaDiskoak
GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaDiskoak
PertsonaiazIRIGOIEN6
PertsonaiazIRIGOIEN7
EgileezARRESE1Kultura
EgileezAGIÑA1Kultura