Zaldubi: "Bapatean botatako bertsoetatik asko haizeak eramaten ditu gaur egun"
1989ko martxoaren 05
Zaldubiri elkarrizketa.
"BAPATEAN 88", PLAZAZ PLAZA KANTATUTAKOAREN LEKUKO
Zaldubi: "Bapatean botatako bertsoetatik asko haizeak eramaten ditu gaur egun"
Iñaki Larrañaga eta Zaldubiren gidaritzapean Bertsolari Elkarteak "Bapatean 88" bertso liburua:argitaratu berri du, bertan urtean zehar herriz herri jasotako 600 bat bertso biltzen direla. Lan honi buruz hitzegiteko ARGIAko gure kolaboratzaile den Zaldubirekin mintzatu gara propio.
1988. urtean hirurogei bat bertsolarik Euskal Herrian zehar kantatu duenaren testigu zabala dugu eskuartean darabilgun liburu hau. Ildo berriak dakarzki liburu honek bertsolaritzara, orainartean ez bait zegoen honelako lanik; Txapelketa Nagusietan abestutako bertsoez gain, ezer gutxi argitaratu bait da.
Eremu zabalaren bila
Inongo mugarik gabe, adin guztietako bertsolarien lanak aurki daitezke bilketa honetan.
"Hasieran ezarritako erizpideen artean, nagusienetarikoa bertsolaritza bere eremu zabalenean hartzea izan zen. Ildo honetatik, zenbait bertso saio luze eta onak baztertu behar izan ditugu gure nahiaren aurka, baina bertsolari gehiagoren presentzia egokiago ikusi dugu bertsolari botzaren saio luzeak baino".
Liburuari egin dakiokeen kritika bakarrenetakoa, giroaren deskribapen eza da, ez bait da ikuslego kopurua, giroa... aipatzen.
"behar bada liburu honetan egin dugun akats nagusia hori izan da. Badaude xehetasun batzuk, baina oraindik gehiago esan beharko genuke: nork antolatua, zergatik, jendetza, giroa".
Bertsolaritzaren inguruan argitaratutako liburuak, orohar saio zehatz batzuen inguruan gauzatutako liburuak izan dira,
"hemen egin duguna, urtean zehar leku eta ordu desberdinetan buruturiko bertsoen hautaketa izan da, gure erizpideen arabera noski".
Aportazio berriak erizpidetzat
Urtean zehar, Euskal Herriko herrietan barrena, hainbat eta hainbat saio gauzatzen dira, guzti hauek 600 bertsotan biltzea ezinezkoa delarik. Bertsoen bilketaz gain, 'egokienen' hautaketa da lanik zailena, honetarako zenbait erizpide erabili direlarik.
"Nere ustez bertso ona aportazio berriren bat dakarrena da, bai teknikaren aldetik, bai gaiaren aldetik. Kontutan eduki dugun beste gauza bat, bertsolaritzaren izaera historikoa izan da, honen ondorioz oso jorratuak dauden zenbait gai bildumatik ate utzi ditugularik, nahiz eta bertso saio onak izan".
Gaien artean, bertsolaritza historikoa izaki, gaur egungo arazoen inguruan dabiltzan bertsoak biltzen saiatu dira Iñaki Larrañaga eta Zaldubi.
"betidanik bertso saioetan entzun izan dugun ollategiaren gaia adibidez, alperrikakoa da jartzea. Baina bertsolariek gaur egungo gai batekiko duen jarrera ikustea oso interesgarria izan daiteke: ikastolen arazoa, lantegiko kontuak....".
Urteetan zehar, gure aiton-amonek buruan gorde izan dituzte plazaz plaza botatako bertsoak,
"baina gaur egun, bapatean botatako bertso asko eta asko haizeak eramaten ditu, gure helburua honako hauek jasotzea litzatekeelarik. Bapatean kaleratutako bertsoen bilduma bat edukitzeko aukera eskeintzen du azken finean liburu honek".
Jakina da Bertsolari Elkarteak azken denboraldi honetan ildo honetatik zenbait saio egin dituela.
"Bertsolari elkartea nahiko kezkaturik dabil azken honetan esparru honi dagokionean, eta hasia da honez gero antologia egiten, zintek, telebista bildumak eta beste hainbat materiale jasotzen"
1988. urteari dagokion bertso bilduma kaleratu berri den honetan, martxan da jadanik 1989ko bilketa, herriz herri gauzatzen den bertso saio orotan Zalbubi eta Iñaki Larrañagaren grabagailua begibistan delarik.
MIKEL ARRIETA
51