Isidro Rikarte: "Mezu estetikoan bakarrik ez dugu geratu behar"
1989ko martxoaren 05
Isidro Rikarteri elkarrizketa.
PAMIELAREKIN "BIDE ERTZEKO POEMA BILDUMA" KALERATU
Isidro Rikarte: "Mezu estetikoan bakarrik ez dugu geratu behar"
Poeta berria eta gaztea, oraintsu Pamielak argitara eman dio bere lehendabiziko liburuska, poema bilduma. Isidro Rikarteri ez zaio gogoko idazle deitzea, dioenez oso goiz bait da bere barua poeta bezala kokatzeko. Ilusioz beteta, kritiken zai geratzen da.
Erabat erdalduna den Nafarroako Lerinen jaio zen Isidro Rikarte, duela 33 urte. Euskararekin laster identifikatu zen eta euskarari ekiten hasiko zen AEKko Arturo Campion euskaltegian.
"Hor hasi nintzen euskara ikasten hizkuntz komunitate batekin identifikatzen bait nintzen, eta horregatik horren ardatza ikasi nahi izan nuen".
Ikasten hasi eta denbora laburrera menperatzera iritsi zelarik, irakasle lana bete zuen Arturo Campionen bertan. Hiru urtetan gutxi gorabehera ikasi zuen hizkuntza, baina dioenez oraindik ikasten omen dihardu.
Gaztarotik datozkio poesia idaztearen zaletasuna eta grina, hamabi hamahiru urtez idatzi zuela bere lehendabiziko poema. Idatzitako gehiena poemak izan dira, egokiago eta errazagoa aurkitzen du eta bere baitako sentimenduak adierazteko. Korrok aldizkarian argitaratu izan ditu poema solte batzuk. Azken hilabete hauetan berriz, Pamiela argitaletxeak proposatu zion poema bilduma baten kaleratzea.
Isidro Rikartek, harridura gaindituz, Iruñako Udalaren lehiaketan aurkeztutako poemak eta zituen beste batzu eta "Bide ertzeko poema bilduma" liburuak forma hartu zuen.
Bi partez osatua
Bi zati ezberdin bereizten dira "Bide ertzeko poema bilduma" liburuan,
"ia-ia landu gabeko poemak, edo behintzat bigarren partea osatzen dutenak baino gutxiago; hau da, lehendabiziko zortzi poemek moldatzen duten lehen partea, udal lehiaketan aurkeztutakoak. Bestetik, gainerako poemak, landuagoak, errima, ritmoa, neurria, errekurtsoak zainduagoak daude, intentzio gehiagorekin egitera sartu bait nintzen", azaltzen du.
Isidro Rikartek poesia mezu estetikoaren gaineko mezua bezala definitzen du,
"ez dugu mezu estetikoan bakarrik geratu behar" dio, "hizkuntza komunikazioa bait da, eta komunikazioa denez, bere funtzio nagusia adierazpena izaki, mezua trasmititu behar duzu eta ez gelditu forman bakarrik", azpimarratzen du.
Ezagutu berria den idazle honek bapatasunean kokatzen du bere etorria, baina argi du
" 'masa' hori presta daitekeela. Asko irakurtzea ikasteko modutako bat da, errazago bait da gero etorria".
Ez dio gehiegi konbentzitzen sariketetan parte hartzea,
"mugatu egiten zaitu eta". Dioskunez, "poetak bere buruarekin leila izan behar du batez ere".
Horregatik ezin du lehiaketak inolako helburu izan.
Orain dituen asmoen artean bere burua prestatzean dauka nagusi.
"Orain klasikoak irakurri nahi ditut, euskal eta erdal klasikoak, klasikoetan murgilduz haiek egindako obrak aztertzeko neure neurrian".
Prosan idaztearen ideia ez du baztertzen,
"baina nik uste prosak lan iraunkorra esijitzen duela, denbora gehiago; poemagintzan ordea, poema bat idazten duzu eta hor gelditzen da osorik, hurrengoa noiz idatziko duzun baldintzatzen ez duela".
Bere gustoko poeta Garbriel Aresti du,
"bere poesiarekin bide berri bat zabaldu bait zuen. 'Baserrian' kokatuta zegoen poesia hirira ekarri du, sozialagoa eginez, gizonaren aldeko poesia".
Arestiren obrarekiko gusto hori bere bildumako lehen poeman antzeman daiteke, non "Gabriel Arestiri zenbait gogoeta" aurkezten duen.
Estilo eta luma garbia, barne sentimenduen adierazterakoan modu zuzen eta erraza aurkitu bait du Rikartek.
MARTA DIEZ
48
GaiezKulturaLiteraturaIdazleakRIKARTE1
GaiezKulturaLiteraturaArgitalpenaPoesia
GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaLiburuakLiteratur l
PertsonaiazRIKARTE1
EgileezDIEZ1Kultura