argia.eus
INPRIMATU
Eskoria-tza: "Joan eta jo, egun bakarrean grabatuta"
1989ko martxoaren 05
"Eskoria-tza" musika taldekoei elkarrizketa.

EXTENDED PLAY: SEI KANTU, HAMAIKA MINUTU ETA PIKUTAN
Eskoria-tza: "Joan eta jo, egun bakarrean grabatuta"
Lau gazteren artean osatzen dute "Eskoria-tza" hard-core taldea, eta izen bera izango du laster batean Basati Diskak etxeak kaleratuko duen extended play plastikoak: sei kantu bizkor, orotara hamaika minutu eta piku. Bost urteren buruan agertu duten amorrazio konzentratua.
Baxuaren tentsioz (Pepe) eta bateriaren arrapaladan (Suso) kitarrak egiten du tarrata lehorra (Errasti). Sekula garbi entzuten ez den Xabinen ahotsak eusten dio arrapostuka: "gure senadore ta presidentia, denok larrua joten, ze energia polita, gure senadore ta presidentia". Sei kantu bilduko ditu Basati Diskak kaleratuko duen plastikoak: Sodomia, Azken Gerra, Gorrotoa, Sentimentala, Demokrazia eta Neurosia; seirak EP (extended play) batetan.
EP plastikoa single baten tamainakoa da, baina iraupen luzekoa, alde bakoitzeko sei-zazpi minutu gorde ahal dituena, eta guk dakigula Euskal Herrian halakorik argitaratuko den estrainekoa.
Eskoria-tza 1984. urtean sortu zen, lau kideek hamabost urte inguru baino ez zituztela, lehenetarikoak gainera hard-corean entsaiatzen hasiko zirenak.
"Orain bi-hiru urte Joakinek hanka egin eta Pepek hartuko zuen baxua. Denon artean egiten ditugu kantuak eta normalean neronek letrak", zioskun Xabinek.
Basatiko Jabiren proposamenaz, iragan den uztailean burutu zuten grabaketa,
"egun bakar batetan, joan eta jo. Zortzi grabatu genituen, baina bi utzi ditugu kanpoan: Satanas eta Egoismoa".
"Gero eta polikiago egiten ditugu kantuak"
Bizia baino garratzagoa da Eskoria-tzaren musika.
"Esaten dute hain bizkor joten dogula ze ez bait da ulertu ere egiten. 'Demobrazia' kantua da grabatutako lentoena, poperoena edo, nolabaiteko melodia nabarmenagoa duena edo, skin aldera: 'Demokrazia, herriaren boterea, berdintasuna, askatasuna, ez ez, ez dugu hori sinetsiko'. Uste dut gero eta polikiago egiten ditugula kantak, gustua hartu behar jako".
'Sodomia' Reagan-en administrazioak sodomia debekatzen zuen legea atera zuenean sortu zen, "ze beldurra IHESari! Hori izan zen Peperekin ateratako bigarren abestia, eta 'Demobrazia' lehenengoa". 'Sodomia' eta 'Azken Gerra' bertsioak dira, "Holandako zinta hard-core batzutan entzun genituen, motelago jota noski. 'Azken Gerra' amorru leherketa bat da, 'gerra zikina, nuklearra, mila bonba jauziko dira...'". 'Gorrotoa'k sarrera batez aurkezten da abiadura itzelean abiatzeko gero, "Errastik goitik behera atera zuen". 'Sentimentala', "gehien gustaten jatena, preziosa, sentimenduz betea. Lagun bat hil zen egunean egin genuen, eta ezin da esplikatu daukon guztia".
Estudioan ahotsa zeharo aldatzen dela azpimarratu nahi izan zigun.
"'Neurosia' kantua estudioan bertan egin genuen ia inprobisatua, ez zegoen lehenagotik. Entzun nuenean harrituta geratu nintzen ahotsaz. 'Ostia!, zelan entzuten den!'. Zuzenean ez daukat halako ahotsa, baina hala ere esentzia mantentzen da. Estudioetan ematen du labadora batetik ateratzen dela ahotsa".
Azalean Eskoria-tza, atzean Karmelo kolegak eginiko taldeko lauron marrazkia. Bi aste barru edo eskuragai gaztetxe, taberna nahiz dendetan.
"Beste kantu pare bat egin ditugu berriak. Baina ez dugu asko joten. Beno, orain asteburu guztietan entsaiuak diskoa ateratzen denerako, sarri samar jo beharko bait dugu apur batean".
GORKA ARRESE
49


GaiezKulturaMusikaMusika modeTaldeakESKORIA-TZA
GaiezKulturaMusikaArgitalpenaDiskoak
GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaDiskoak
EgileezARRESE1Kultura