argia.eus
INPRIMATU
Imanol Irigoien: "Ez zait interesatzen erretorika; poesia esentzialerajo dut"
1989ko otsailaren 12a
Imanol Irigoieni elkarrizketa.

"ARGIAREN BARNE DISTANTZIAK", LIZARDI POESIA SARIA
Imanol Irigoien: "Ez zait interesatzen erretorika; poesia esentzialera jo dut"
Sopresaz hartu zuen jendeak Lizardi Saria Imanol Irigoienek eskuratzerakoan. Inork gutxik zekien literaturari heldu zionik, pintatzen zuela ezagun baldin bazen ere zenbaiten artean. Eta gurekin solasean, ia gehiago mintzatu zen pinturaz, poesiaz baino.
Oiartzunen bizi da Imanol Irigoien altzarra, eguneroko ordu gehienak lantegian igarotzen dituen arren, bizi-bizian daraman pinturarako zaletasunak jaten dizkiola etxekoak. Antza denez, gaztetandik jaso zuen kreazio artistikoarekiko kezka familia giroan, nahiz eta berrogei urtetatik gertu zelarik baino ekin ez pintatzeari. Eta literatura berriz, are berankorragoa bere baitan, hirurogeietarik gertu dagoela, orain bi urte eta piku hasi bait zituen "Argiaren barne distantziak" liburuaren lehen lerroen idazketak.
"Nigan, pintura eta literatura uztarturik baino gehiago, uste dut bat direla; bi espresamolde desberdin, bota kolore eta plastikaren bitartez datorrena, eta hitzak eta beren arteko loturetatik datozen imajinez bestea. Pinturagatik arduratuago nagoen neurrian, konposizioa, koloreak eta argi eta itzalen arteko dialektika eta halakoek kezkatzen naute. Orduan konturatu nintzen plastikaren bitartez adierazi daitezkeen horiek ere hitzen bitartez, espresamolde desberdinez ere adieraz nitzakeela".
Bere anaia Juan Marirekin udaldiko oporretara joandako batetan hasi zen izkiriatzen,
"goiz eta arratsaldeak pasatzen nituen horretan. Juan Mariri erakusten nizkion, eta berak ematen zidan jarraitzeko adorea. Idatzirikoak urtebetez utziko nituen, eta hurrengo oporraldietan segituko".
Argi poetikoaren bila
Argiaren azterketak kezkatzen du batik bat Imanol Irigoien, bere plastika. Lanak ere bide horretatik abiatu dituela.
"Ez ordea argi inmediatoa eta lekuan lekukoa, baizik eta argi intemporala ezagutu nahian poesiaren bitartez; argi fisikoaren metafora izango litzatekeen argi poetikoaren atzetik edo, esango nuke Argiaren eta itzalaren arteko dialektika: argiak itzala dakar eta itzalik ez legoke argirik gabe".
Poesiak filosofia eta metafisikatik zerbait duela aipatzen digu:
"idazle batek ongi esan zuen bezala, poesiak ezagutzen duzun hura dauka soberan, eta ezagutzen ez duzun horren bilaketa behar".
Hainbat ataletan egituratua dago "Argiaren barne distantziak" liburua, horietarik bakoitzak pintore zenbaiten obren ikusmira eta azterketak eragindako erreflesio poetikoa dakarrela, jarrera amankomunak agertarazi dizkioten pintoreekikoa azken batean. Horrela, Vermeer, Di Chirico, Van Gogh, Cristino de Vera, Ormaolea eta besteren obren ingurukoek egituratzen dute liburua atalka, hauetan beste zenbaiti gehiago ere omen egin dien, Malevich 'supramatista'ri kasu:
"hark pintatu zuen 'Supremo' kuadroa, 'lauki beltza fondo zurian' ",
berriro ere argia eta itzalaren dialektikaren inguruan murgiltzen garela solasean.
"Nik uste dut bastante zentratzen naizela kolore zurian; ilunak eta zuriak, argiak eta itzalak. Zuria ere, finean, kolore guztien bilduma bait da".
"Poesian ere ez zait interesatzen erretorika, eta piska bat jo dut esentziara, ahalik eta hitz gutxienekin adieraztera, poesia esentzialera edo. Joera eliminaziokoa izan dut, eta Juan Mari ere esaten nion: 'ahal dugun gehiena kendu behar dugu; jartzea, jartzea erraza duk'. Aholku onak izan dira neretzat bereak".
Horregatik, Lizardi Sarirako ezinbestekoak ziren seirehun inguru bertsoetarik mordoxka bat kentzeko asmoa du oraindik ere.
"Gehiegi dira. Asko laburtuko nituzke, eta oraintsu egin ditudan beste zenbait gehitu agian. Dena den, jende gehiagok irakurtzea nahi dut ezer kaleratu aurretik".
Erein argitaletxearen eskutik aurten bertan plazaratuko den liburuaren zai geratzen gara.
GORKA ARRESE
"Argi eta itzalen dialektikak kezkatzen nau. Argi fisikoaren metafora litzatekeen argi poetikoa".
49


Gaiez\Kultura\Literatura\Idazleak\IRIGOIEN5
Gaiez\Kultura\Literatura\Sariak\Lizardi
Gaiez\Kultura\Literatura\Argitalpena\Poesia
Gaiez\Kultura\Argitalgint\Argitalpena\Liburuak\Literatur l
Gaiez\Kultura\Artea\Pintura\Pintoreak\IRIGOIEN5
Pertsonaiaz\IRIGOIEN5
Egileez\ARRESE1\Kultura