"Naste Borraste" Bizkaiko disko etxeen urritasunaren aurrean bideak zabalduz
1989ko otsailaren 05
"Naste Borraste"koei elkarrizketa.
"DISCOS SUICIDAS"EKIN GRABATU ZUTEN LEHEN DISKOA
"Naste Borraste" Bizkaiko disko etxeen urritasunaren aurrean bideak zabalduz
Bilboko San Inazio auzotik datoz "Naste Borraste"ko partaideak, iaz beren lehen diskoa "'Pon un idiota en tu vida" atera zuten, euskara zein erdarazko abestiez osaturik, baina arazo ugarirekin egiten dute topo oraindik ere.
Ino, Niko eta Gorka dira talde hau osatzen dutenak. Duela lau urte inguru hasi ziren rock munduan, ia ia jotzen ez zekitela, baina ordutik hona bizirik diraute batez ere kontzertuei esker 250 baino gehiago haseratik hona. Diskoarengatik baino, gehienok kontzertuengatik ezagutzen ditugula esan behar da. Bi maketa ere atera zituzten, lehenengoa beraiek grabatutakoa eta batez ere Bilbo mailan banatu zena eta bigarrena berriz, serioago, Panpot estudioan grabatu zen, banakuntza zabalagoa izan zelarik. Azkenik, diskoa atera zuten, "Pon un idiota en tu vida" titulupean eta ordutik hona herriz herri doaz, kontzertuak joaz.
Skatik punkera
Beraien musika rockanrola dela diote baina denetarik jotzen dutela ere onartzen dute,
"skatik punkera eta tradizionala barne delarik, era guztitako musika. Garrantzitsuena nahi duzuna esatea da. Estiloan ez dugu inoiz pentsatzen, ideia bat jo eta ateratzen dena da gure musika baina beti sartzen zaituzte estilo baten barruan".
Diskoari dagokionez, euskara eta erdarazko abestiek osatzen dute esan bezala, eta azpimarratu behar da hauetariko batetan, "Kasimiro" abestian, Oskorriko trikitilari den Kepa Junkerak hartzen duela parte. Bestalde, taldea ezagun egin duten beste zenbait kanta ere badago, "Torturado" eta "Yankiak" beste batzuren artean. Baina aurretik grabatutako bi maketekin gustorago gelditu ziren diskoarekin baino ondoren agertuko duten arrazoiarengatik:
"Bizkaian era honetako taldeen musika grabatuko duten etxe egokirik ez dago eta ondorioz, 'Suicidas'ek, bakarra denez, nahi duena egin dezake beregana joaten diren taldeekin".
"Suicidas"ekin suizidatu
Suicidas diska etxeak argitaratu zuen Naste Borrasteren lehen diskoa baina taldea ez da oso gustora gelditu. Zegoen aukera bakarra hauek hartu zutena zen ez bait zegoen beraien musika era grabatuko lukeen beste disko etxerik
"eta honek ez ditu gauzak ondo gestionatzen ezta inoiz gestionatuko ere".
Baina Bizkaian ez dago Gipuzkoan bezala taldeak produzitzeko adina interesa Naste Borrasteko partaideen eritziz,
"horregatik ez dago Gipuzkoa eta Araban Kortatuk eta Hertzainak adina irabazten duen talderik, MCD eta Escorbuto ezik, eta hauek hasera haseratik dauden bi talde dira, beraz, denbora asko behar izan dute dauden mailara heltzeko".
Disko etxe horretan izan zuten lan egoeraz ere kexu agertzen ziren San Inaziokoak, eta lehenago ere hola adierazi zuen Gorka abeslariak Eginen egin zioten alkarrizketa batetan.
"Lanordu batzu eskeintzen zaizkizu eta azken momentuan morriztu egiten dira, lana azkerregi eta egoera txarrean egitera behartuta bukatzen duzularik. Errentagarritasuna ere zalantzan jartzen da, guk disko ale bakoitzeko 40 pezeta besterik ez bait dugu jasotzen".
Taldeak aurrera eramateko Bizkaian, eta zaila omen da norberaren interesak soilik betetzen ez dituen produktorea harrapatzea.
Momentuz, beren planen artean Barcelonan ospatuko den kontzertu bat dago eta baita bigarren diska bat ateratzeko intentzioa ere,
"euskera hutsez ahal bada",
baina guzti hau duela hainbeste denbora okupatu zen lokala kentzen ez badiete izango da.
NEREA
51