Senpereko lurren arazoa dela eta, Ezponda auzapezari elkarrizketa.
Ezponda, Senpereko auzapeza:
"Juramenduen arabera egin dut nere politika"
ARGIA: Ezponda, zu zara auzapeza, zer du Herriak esateko afera luze eta korapilatsu honetan?
EZPONDA: Historiak dauka errana, herriko liburuetan honela da beti, lur horiek lehenago herriarenak zirela. Zer gertatu da beraz? 1800ean estraineko galastra egin zelarik, lur horiek jabe partikularren izenean eman ziren, ordea 1828an lur horiek guztiak OEFren izenean jarri ziren berriz, erranez lurrak herrikoak zirela eta Herriak administratu behar zituela. 1873an 15-20 laborarik eztabaida bat egin zuten, eta Herriak irabazi zuen. Gerora ere izan da auzi zenbait zeinetan esan den lurrak herriarenak zirela baina laborariek ere bazituztela eskubideak, gozamena laborariek zutela.
Beraz, gauza horren gainean montatu dugu gure politika, ez gara biziki arduratu lurren jabetasunaz baina okupatu gara lurren laboratzeaz ze iduritzen zitzaigun lurren laboratzea zela gauza premiatsuena, ze 200 urte aritu bait dira jabetasuna norena den eztabaidatuz eta egia esan ez da fitxik egin!
A.: Beraz, zure iduriz, Herriaren egitekoa zena bete duzu.
E.: Herriak bere politika egin du juramenduen arabera.
A.: Laborariek diote, beren jabetasuna ez denez ezagutua ofizialki ondorioak nozitzen dituztela, hala nola beren familien sailak ez dituztela landu ahal eta antolamendu bat bilatzen dutela.
E.: Bai, bistan da gauza hori, baina esan behar da bortxaz ari direla guzti horren aldarrikatzen eta behar dira demokrazia batetan gozoki aipatu pentsatzen dut ideiak aterako direla eta gauza horiek beharko dituztela menturaz bertzela ikusi.
A.: Leporatzen zaizu ere hautetsi zinela konprenitzen zenuela problematika, eta orain berriz luzamendutan zabiltzala.
E.: Guk beti garbiki erran dugu herriarena behar zela lurra agertu baina laborarien eskubideak behar zirela errespetatu. Ez da erran behar gure politika ez dugula eraman, 500 bat hektarea landu ditugu, eta erran behar da administrazioak ere baduela zerbait errateko, ze 1978an tratu bat egin bait genuen eremu zenbait ohiantzeko, beste zenbait saila libratzen ahal zirelarik laboratzeko, eta tratua zen 100 hektarea laboratuz gero bertze 100 ohiandu behar zirela, eta ondorioz ohiantzeko eremuak markatuak izan dira eta bistan da ohiantzeko lur horietan badirela deretxoak baina ez direla laboratze ahal...
A.: Herriak zer eginen du problema honen aurrean martxoko bozketetan?
E.: Problema hau berriz pausatu beharko da eta eginahala gozoki antolatu beharko da. Auzapezak herriko pakea bilatu behar du estrainekoz, eta herriko ondasunen zaindu behar du, eta herriko ondasunak denenak dira, ez bakarrik laborarienak.
J. J. PETRIKORENA
25