Xosé Maria Dobarro idazleari elkarrizketa
Xosé Maria Dobarro: "Estatuaren Hikuntz Erabakiek Gure Literaturetan Eragiten Dute Ezinbestez''
Galeusca-k argitara emandako antologia poetikoa liburuaren aurkezpenerako Durangoko Azoka profitatu zutelarik, hantxe atxeman genuen Xosé Maria Dobarro, Asociacion de Escritores en Lingua Galega-ko idazkaria, Espriu, Ferreiro eta Arestiren poema errezitalaren ostean. Gaztelerazko gure galderei galegoz erantzun zien astiro
ARGIA.–Hiru hizkuntza, hiru literatura biltzen dira Galeuaca ihardunaldietan. Zeintzuk lirateke egoera eta arazo amankomunak?
DOBARRO.–Hiru literaturen egoera partikularra besteekiko diferentea izan arren, bada hiruon gainetikako egoera konkretua. Hau da, gaztelera hizkuntza ofizialtzat duen Estatuak hartzen dituen hizkuntz erabakiek bestelako hizkuntzak ditugun herrialdeetako literaturan eragiten dutela ezinbestez. Ondorioz, hiru literaturek arazo berdinak, edo gutxienik beretsuak, jasaten ditugu, eta egoera zapaldu honi aurre egiteko ahalbidea eskainiko duen bateratzea dugu hain zuzen Galeusca.
Bizi dugun zentralismoagatik, posible da euskal, kataluniar eta galizar literaturaz informazio gehiago izatea Madrilen, esate baterako galego batek kataluniar eta euskal literaturaz izan dezakeena baino. Geure arteko harremanak emango digu aukera denon arerio amankomuna den horrek inposatutakoari aurre egiteko, gisa berean elkarren arteko aberastasunaren faboretan arituko garela, bai literaturari berari bai eta literatur kanalei dagokienez.
Baldintza politikoak aldatzen ez diren bitartean gainera, ez daukagu erremedio prebetxuzkoagorik hiru literaturen harremana sustatu eta indartzea baino.
A.–Adierazi duzun egoera honetan, ez ote da testimonial hutsa gertatuko halako topagune bat?
D.–Hizketaldietara soilik murriztuko bagina, noski testimonial hutsak izango litzatekeela. Eta neurri batean halaxe suertatu dira orain artekoak, kontaktu gisakoak edo. Baina aurtengo ihardunaldien amaieran hartuko ditugun ekintza erabakiek bestelakorik erakutsiko dute epe labur samarrean; eta, urrutira joan gabe, antologia poetiko hauxe bera adibide aski adierazgarria da gure eginahalen nondik norakoa eta eraginkortasuna asmatzeko.
53
GaiezKulturaLiteraturaIdazleakDOBARRO1
PertsonaiazDOBARRO1