R. Echepare: "Konberjentzia gauzatzean, jauzi handia izango du Unibertsitateak"
Ricardo Echepare katedradunak 40 urte ditu. Gipuzkoako kultur diputatu ohia, Donostiako Injineritza Teknikoko Eskolaren zuzendaria, eta beste zenbait karguez gain, UPV-EHUren Udako Ikastaroen zuzendaria da duela lau urtetatik hona. Euskaltzale sona zuen eta itxura ere halakoa hartu diogu.
ARGIA.–Biharko Euskal Unibertsitateari begira, zein entitate eta nortasun ezaugarri beharko lituzke eduki beronek?
RICARDO ECHEPARE.–Nire ikuspegitik, unibertsitateaz bi kontzepzio leudeke. Zer da unibertsitate bat? Badira zenbaitzu unibertsitatea irakaskuntza eta ikerketarako zerbitzu publiko bezala definituko luketenak. Horien arabera unibertsitateak ez luke edukiko aberririk. Nik uste dut beste batzu bagarela pentsatzen dugunak unibertsitate bat herri baten kultur, sozial eta ekonomi garapenerako instrumendua dela. Kultur propioan sakondu behar duela, bide batez, besteenak ere transmitituz; biztanlego osoari oportunitateak, unibertsitaterako akzesoa ematean oinarritu behar dela. Hitz potoloak dira, baina egiten dena inspiratzen dute. Egun primatzen duena beste kontzepzioa da, ezer ez esatearen parekoa.
A.–Nazioartekotze apostu horretan zaudetelarik, zein eredu jarraituko duzue datozen urtetan? Zer gogorarazten dizu "Menendez Pelayo" Uda Unibertsitateak?
R.E.–Beste gauza bat da. Orain urte batzu ihardun nintzen kurtso zuzendari gisa handik. Bestelakoa da, hura eskaparate politiko bat da edozerren gainetik. Non kolore bateko jendea, botere ezarria manifestatzen den. Guk ez dugu izan inoiz, inolaz ere, horrelako tentaziorik. Kurtso hauek eragin politikoetatik gorde samar daudela uste dut.
Barajatzen ari garen eredua: ea geure Unibertsitatetik ateratzen goazen eta gai garen juntatzeko hiru Unibertsitate europar eta egiten ditugun europar ikastaro batzu. Ea egunen batean esertzen garen Burdeos –erdibidean baitago eta hainbat arrazoirengatik–, Bruxelas eta UPV-EHU eta gauzatzen dugun unibertsitate kontsortzio bat. Hartara, gonbidatu bezala ez baino europar unibertsitate horietakoek programak erabakitzeko ahalmena izango lukete. Bestela geure interesetara mugaturik geratzeko arriskua genuke.
A.–Nola ikusten dituzu Unibertsitatea euskalduntzeko urratsak?
R.E.–Piskanaka, era desberdinetan segun zein arlotan, mantso samar progresatzen da. Hasierako bulkada bat izan du euskalduntze prozesuak eta dudan sentsazioa da, piska bat, ralentizaturik aurkitzen dela.
A.–Bada nortasun zehatz batekin biharko Euskal Unibertsitatearen alde gaur lan eskerga batean ari dena. UEUtaz mintzo natzaizu. Zenbait instantzietatik, administralgotik ez dira aintzakotzat hartuak. Zer ikusten du Echeparek kanpotik?
R.E.–Gai oso zaila da. Helburuak finkatu behar dira, helburu eskuragarriak eta nahi dena lortzeko balioko dutenak. Ezaugarri soziala nagusitu behar da kulturalaren ordez. Hori gainditurik,tekniko euskaldunak formatu behar ditugu, beren teknika euskaraz jakingo dutenak. Unibertsitatea euskalduntzeko politika esparru bakan batzuetan zentratu da. Aurreratzeko urrats gehiago eman dira hainbat irakasleen kezkagatik Unibertsitatearen beraren politikagatik baino. UEU martxan jartzeak, laguntzarik gabe, esfortzu ikaragarriak eskatuko ditu. UEUren lana, pertsonalki diot, euskararen aldeko militantziari erantzuten dio –beste aro bateko militantzia hutsa–. Horrela sortu zen eta horrela eusten dio UEUk. Bestalde UEU eta UPVen, bietan ari den irakaslegoak dinamizatzen du UPV–EHU bera, boluntarismoz. Uste dut, azkenean, militantzia historiko eta unibertsitate politikaren arteko konberjenkia gauzatuko dela. Hori suertatzean, honetan jauzi handi bat emango dela derizkiot.
Unibertsitatearekiko planteamendu oso jeneralak ditu Eusko Jaurlaritzak. Alde horretatik autonomia badu Unibertsitateak. Eta egin beharrekoa Unibertsitatetik bertatik sortu behar duela uste dut. Unibertsitatearen beraren dinamika eta indarrak determinatuko du bere etorkizuna.
Echepare: "UEUren lanak euskararen aldeko beste aro bateko milintzia hutsari erantzuten dio".
47
GaiezGizarteaIrakaskuntzUnibertsitaUEU
PertsonaiazECHEPARE1