"Adarra" pedagogia elkarteak, Galdakaon, irakaskuntzari datorkion erreforma aztertu
2021eko uztailaren 23a
Luis Otano, "Adarra" pedagogia elkarteko kideari elkarrizketa
EUSKAL ESKOLA PUBLIKOA HELBURU ETA IHARDUPIDE HILAREN HASIERAN BURUTU ZITUEN IHARDUNALDIAK
"Adarra" pedagogia elkarteak, Galdakaon, irakaskuntzari datorkion erreforma aztertu
Uztailaren hasieran buratu zituen "Adarra" pedagogia elkarteak bere ohizko ihardunaldiak. Bertara laurehun bat maisu-maistra hurbildu zen eskolaren arazoak aztertu, analizatu eta proposamen egokiak eta aterabide egingarriak hausnartzeko asmotan.
Galdakaon, hiru atal nagusitan banaturik, hauek izan dira irakasleak kezkatu dituzten gaiak: alde batetik eta euskal gizartea pil-pilean ezagutzen ari den euskal eskola publikoaren debateren gaurko egoera, berau helburu eta ibilbide gisa azterturik; bigarrenik irakaskuntzari datorkion erreforma, eta Euskal Herrian honek nolako harrera eta aplikazioa beharko lukeen, eta azkenik irakaslegoaren heziketa, aurreko biak baldintzatzen dituena, Adarraren ustez.
ARGIA.–Aurten ikastola eta eskola transferituen konfluentziarako bideaz aritu zarete ihardunaldietan. Euskal eskola publikoa hurbilago ikusten duzue?
LUIS OTANO.–Administrazioa eta ikastolen federazioaren artean sinaturiko akordia dela eta Adarrak ez du planteiatu hurbilago ala urrunago dagoen eskola hori. Bai uste dugu, aldiz, aldaketa kualitatibo bat badagoela Euskal Eskola Publikoa defendatzen zuen gizarte espektroaren baitan. Orain, harantz zenbait urrats ematen ari direla ematen duenean, benetako konfluentzia horretara hurbiltzeko, aldaketa kualitatiboak somatzen ditugu.
Seguruenez argitzeko unea izango da, ikusteko zer den norberak euskal eskola publikotzat duena, aurrera egiten dugun heinean nabardura bereizkorrak agertzen direlako. Nire ustez gaia ez dago helduta, eta oso denbora laburrean definitu beharra egongo da, baina bai ikastola nola baita ikasgu publikoetan erreakzio nabariak sortzen ari dira.
A.–Eskola berri horretan euskarak berebiziko garrantzia hartu beharko luke. Nola baloratzen dituzue A, B, eta D ereduen orain arteko emaitzak?
L.O.–Kopurutan D eta B ereduak nabarmenki nagusitu dira, eta A toki guztietan urritu. Azken hau erabatekoa zen lehen ikasgu publikoetan eta oraindik ere hedapen handia du, baina bere bizitza laburra da ene ustez. Gehiago edo gutxiago iraungo du tentsio politikoen arauera, baina gaurko dinamikan segituz gero oso gune murritzetan geratuko da.
B eta D ereduekin gertatzen dena da gune konkretu batzutan egin dela esperimentazioa, hizkuntza giro konkretuetan. Eredu hauen ezarpen automatikoak beste ezaugarri ekonomiko, kultural eta sozialeko gune ezberdin batetan, are gehiago hizkuntza egoera ezberdina bada, ezin dezake arrakasta bermatu, eta praktikan ikusten da. Ez dago nahiko argi nola izan behar duen B edo D ereduak baldintza ezberdinak dituzten zonalde ezberdinetan.
Esan daiteke, gainera, B ereduaren kasuan, eskola publikora hurbiltzen den espektro sozialaren barruan, gorengo gizarte mailadun gunetan aplikatzen hasi zela. Honela oso bitxia da ikustea euskalduntzeko demanda nolakoa eta eskatzen duen familiaren baldintza sozio-kulturala. Hala ere, hortik behera dator, eta gero eta giza maila baxuagoko jende gehiagok eskatzen du semealaben euskalduntzea, baina eredu bera beste era batez aplikatu beharko litzateke.
A.–Demanda hori lurralde osoan zabaltzen denerako irakaslegoaren euskalduntzea aseguratu beharko da.
L.O.:–Hala da, ez badugu irakasleok izan nahi euskalduntzearen oztopoa. Oraindik ere erreibindikazio bat da, baina herrialdeka hitzegin beharko litzateke, euskalduntzearen etapak ezberdinak direlako.
Gipuzkoan, adibidez, non ikasgu publikoen euskalduntze maila handitxoagoa bait da, irakasle talde bat geratzen da ez duena ikasi nahi. Bizkaian aldiz, oraindik geratzen da irakasle kopuru dezente handia bere euskalduntzea eskatzen ari dena.
ARTURO IZARZELAIA
Luis Otano: "Euskal Eskola Publikoaren definitzeko orduan nabardura bereziak agertzen ari dira".
50
GaiezGizarteaIrakaskuntzEskolakEuskal Esko
PertsonaiazOTANO1
EgileezIZARZELAIA1Gizartea