argia.eus
INPRIMATU
"Zuzen jarraituko dugu droga trafikoaren kontra"
Joxe Mollarri 2021eko uztailaren 23a
Mikel Arrizabalaga Lezoko alkateari elkarrizketa.

Mikel Arrizabalaga, Lezoko alkatea mintzo:
"Zuzen jarraituko dugu droga trafikoaren kontra"
ARGIA.– Lezoko Udalean HB izango ez balitz nagusi, izango al litzateke herrian droga trafikoaren aurka eman den herri erantzuna?
MIKEL ARRIZABALAGA.– Ez. Udal berria sortu aurretik izan ziren mobilizazioak, asanbladak e.a. eta pleno bat ere bai, nahiko berezia. Ni kanpoan nengoen, baina jendea nahiko ezadostasunean geratu zen Udalarekin, hau ez bait zen inplikatu herriak eskatzen zuen neurrian.
A.– Lerro orokorretan Lezoko alderdi guztiak, droga trafikoaren aurka posizionatu izan dira. Orain arteko plenoak lekuko. Orain berriz lehen hartutako erabaki batzuk bertan behera utzi nahi dituzte...
M.A.–Nik ez zekiat, gauzak gero eta argiago daudelako herrian, edo baita ere Udalaren barruan beste indar erlazio bat dagoelako, esan daiteke alderdi guztiak, EE salbu ez bait du orain arte ezer esan eta atera dituen komunikadoak herriaren jokaeraren aurkakoak izan dira, alderdiak herriaren, herriko elkarte eta auzotarren jokaeraren alde agertu izan dira azken honetan.
Gero izan dira izandakoak. Mehatxuak zirela eta Altamirako auzoak autoorganizatu egin dituk beren bizitza defendatzeko. Istiluak izan dira. Orduan Lezotik kanpoko indarrak sartu dira prozesu honetan. Gobernadorea eta bere botere aparatoa sartu da, orain arte ez zen agertu ere egin, 'Asociación por la paz' sartu da, Eusko Jaurlaritzaren sistemaren barruan dauden alderdiak sartu dira, komunikabideak... Orain sartu dira. Gertaera batzuk izan direnean.
A.–Orain, mozioa aurkeztu dute Ekainaren 1eko akordioa deusezteko.
M.A.–Mozioa zinegotzien izenean sartu dute. Ez alderdi politikoen izenean. HBkoak ezik guztiek sinatu dute ordea. Oso orokorra da mozioa. Bortxakeria gaitzestea, auzitegian frogatzen ez den bitartean edozein pertsona errugabe dela, Fiskalia antidroga bat sortzea eta dagokien agintariei dei egitea Lezon dagoen drogaren arazoa dela eta.
A.–Goazen puntuz puntu. Bortxakeria.
M.A.– Lehendabiziko bortxakeria da osasun publikoaren aurka jokatzea. Kontutan hartu behar da legeak berak gaitzetsi egiten duela droga trafikoa. Hor dago biolentzia bat. Biolentzia horren kontra joan beharko luketenek, aginte publikoek, ez dute aktuatu eta auzotarrek nahiz Udalak parte hartu behar izan dute arazoan. Auzotarrek ez dute defentsarik ikusi mehatxuen aurrean eta neurri batzuk hartu dituzte. Prozesu horretan sortu da sortu dena. Trafikante batzuk kanporatzea.
A.– Legea trafikoaren kontra dago eta ez da betea izan. Trafikanteak lasai aritu izan dira herritarrak antolatu diren bitartean. Zein izan da juezen jokabidea? Zer egin du Ertzantzak? Zer Poliziak?
M.A.– Banaka. Ertzantzak ez du konpetentziarik herri honetan aktuatzeko.
A.–Baina Ertzantza aritu da Lezon informazio lanetan.
M.A.–Agian nabarmenegia zelako inork ez zuela parte hartzen. Baina aktuatu du eta informazioa bildu du. Bestalde daude Estatuaren agintariak, botere judiziala eta poliziala. Botere judizialak poliziaren informazioarekin jokatzen du eta poliziari dagokio gauza mugitzea.
A.–Poliziaren esku dago beraz trafikoa eragoztea. Nola jokatu du?
M.A.–Bizpahiru urte daramatzagu arazo honekin. Jendeak askotan salatu du zehazki zein ziren salmenta puntuak, zein ziren ustezko arduradunak eta polizia oso gutxi mugitu da. Gaur egun poliziak dauzkan metodo eta tresneriekin gauza hauek garbi beharko lukete horretarako borondaterik izan balu. Informazio bilketa, azterketa, atxiloketa prebentiboak... baldin badira bere egin beharrekoak garbi dago ez dituela egin.
Drogaren arazoan aplikatuko balituzte arazo politikoan darabiltzaten neurriak honez gero beste tamaina batekoa izango litzateke arazoa. Ez dute ordea drogomendekotasunaren aurka egiteko interesik.
A.–Orain arte lezotarrek trafikatzaileen aurka antolatutako ekintzetan ere apenas agertu da polizia. Alderdi guztien akordioa zegoen puntu horretan. Orain ordea, mozinaren bidez HB bakarrik uzten dutelarik, ez al da herritarren errepresiorako atea irekiko.
M.A.–Baliteke mozio honekin alderdiek kobertura ematea poliziari herritarren kontra ekiteko, ustezko trafikatzaileak gehiago babesteko... eta beste prozesu batean sartzen gara horrela. Alderdiek herri mugimenduaren eta Herri Batasunaren aurka posizionatzea erabaki dute drogaren arazoa eta trafikatzaileak ahaztuz. Arazo hori hemen dago eta horren aurka jarraituko dugu.
JOXE MOLLARRI
22-23

GaiezGizarteaDrogaNarkotrafik
PertsonaiazARRIZABALA2