argia.eus
INPRIMATU
"Zumaia ez da inoiz traineru zalea izan"
2021eko uztailaren 23a
Zumaiako trainerako entrenatzailea den Luxiari elkarrizketa.

Zumaiarren entrenatzaile den Luxia
"Zumaia ez da inoiz traineru zalea izan"
Lehengo urtean arraun mundua utziko zuela adierazi ondoren, aurten berriro ere, Luxia izango dugu gorrien entrenatzailea. Kuadrila berria osatu beharra izan dute Zumaiarrek aurten, eta dagoeneko lehenengo bi estropadak irabazi dituzte.
ARGIA.–Lehengo urtean arrauna utziko zenuela adierazi ondoren, berriz ere Zumaian zaitugu. Zer gertatu da?
LUXIA.–Bai, lehengo urtean utziko nuela esan nuen, eta horrela egin nuen. Baina orain dela bi hilabete, berriz bueltatzeko eskatu zidaten, lehenago kargua eduki zuenak ezin bait zuen etorri, eta honela berriro hemen naukazue.
ARGIA.– Denboraldia hasi berria da, eta dagoeneko bi ikurriña eskuratu dituzue, nola planteatu duzue denboraldia?
LUXIA.–Bai momentuz bi estropada irabazi ditugu, baina egia esanda oso kontrario gutxikin, batean Zierbana eduki genuen ondoan, eta irabazi egin genien, eta bestean aurkakoak Galiziarrak ziren, beraz ez gara oso baikorrak izan behar.
ARGIA.–Gipuzkoarren eta bizkaitarren arteko borroka aipatu duzu, nola erabakiko da aurten borroka hau?
LUXIA.–Gipuzkoarren alde erabakiko dela uste dut. Bizkaian hasiera batean bazirudien Zierbana ondo ibiliko zela, baina irabazi egin genien. Uste dut bai San Pedro eta bai San Juan gu baino gehiago ibili beharko direla, eta horregatik diotzut gipuzkoarrek hobeto ibiliko garela.
ARGIA.– Gipuzkoarren artean pasaitarrak aipatu dituzu, ez al dugu Zumaia sartu behar aurreko talde horretan?
LUXIA.–Oraindikan ez dakigu nola ibili gaitezkeen, lehengo urteko hamar lagun falta zaizkigu, eta kanpoko jendea ekarri beharra izan dugu, Donostiatik eta beste zenbait herritatik arraunlariak etorri zaizkigu. Baina nik uste dut jende berria ondo egokitzen baldin bada aurreko taldean sartuko garela.
ARGIA.– Kanpoko jendearen arazoa aipatu duzu, nabari al daiteke hor ohitura zaharren galera?
LUXIA.–Bai Zumaian behintzat asko galdu da, Zumaiako txalupan hiru edo lau Zumaiar bakarrik joango dira, beste guztiak, Tolosatik, Ondarroatik, Debatik, Donostiatik....etorritakoak dira.
ARGIA.– Trainerua kanpoko jendez osatua egoteak, ez al du herrian nolabaiteko hoztazunik sortzen?
LUXIA.–Bai posiblea da, baina dena den esan beharra dago Zumaia beinere ez dela izan traineruan atzetik ibiltzeko herria. Muturrean ibili garenean jende dexente ibili zaigu atzetik, baina nik uste dut ez dela arrauneko herria. Aurrean ibili ezkero jendea inguratzen da, baina bestela ez da jenderik ibiltzen.
ZALDIKO
25


GaiezKirolaArraunaBesteak
PertsonaiazLUXIA1